Alaveseko jokalaria

Carlos Vicente: «Jokamolde berria ulertua dugu; zelaian islatu behar dugu orain»

Alavesi geldialdiak on egin diola uste du Vicentek: fisikoki «indarberritu» egin dira jokalariak, eta teknikari berriarekin «lanketa taktikoa» egin dute. Garaipenen bidera itzultzen saiatuko dira gaur, etxean, Gironaren aurka (14:00, Movistar).

Carlos Vicente Alaveseko jokalaria. ALAVES
ALAVES
enaut agirrebengoa
2025eko urtarrilaren 11
05:05
Entzun

Lehen Mailan urte bakarra darama Carlos Vicentek (Zaragoza, Espainia, 1999). Gezurra dirudi, guztiz egonkortuta baitago onenen artean. Haren kalitatea eta abiadura funtsezkoak dira Alavesentzat. Erasoko jokalaririk erabakigarriena da. Eta defentsan ere konpromiso handia erakusten du. Bertute horiek guztiak Eduardo Coudeten zerbitzuan jarri ditu orain Vicentek. «Sinetsita» dago entrenatzaile argentinarrarekin bide onera itzuliko direla. «Sentipen bera genuen Luisekin [Garcia Plaza] ere».

Hiru astez egon zarete partidarik jokatu gabe. Denboraldiaurre labur bat izan duzue. Ondo etorri zaizue?

Bai. Geldialdia, alde batetik, hankei atseden apur bat emateko baliatu dugu. Bagenuen beharra, jardunaldi asko jokatu baikenituen oporren aurretik. Mentalki ere deskonektatzeko aukera izango dugu, eta oso ongi etorri zaigu. Gelditu ostean, beti min apur bat ematen du berriz ere entrenamenduetara itzultzeak. Joan zen astean lanketa fisikoa egin genuen, eta aste honetan partidaren prestaketan jarri dugu arreta.

Oporren aurretik entrenatzaile aldaketa izan zenuten. Hori horrela, aste hauetan denbora asko izan duzue teknikari berriaren filosofia barneratzeko.

Dena oso azkar gertatu zen, eta oso zaila da entrenatzaile berri baten jokamoldera berehala egokitzea; are gehiago haren planteamendua oso ezberdina bada. Apur bat kosta zitzaigun kontzeptuak barneratzea. Horregatik, hiru aste hauek oso baliagarriak izan dira, fisikoki indarberritzeaz gain, lanketa taktikoa egiteko tartea izan baitugu. Gauzak errepikatu eta errepikatu aritu gara, eta jokamolde berria ulertu dugu jada; zelaian islatu behar dugu orain.

Kopako kolpea alde batera utzita, Ligako lehen hiru partidak berdindu egin dituzue Coudetekin. Pozik zaudete hasierarekin?

Ea sasoi amaieran Mestallan galdutako bi puntuen falta sumatzen ez dugun. Partida hori irabazi izan bagenu, denok oso lasai egongo ginen. Hala ere, bide onean gaudela sentitzen dugu. Ondo ari gara lan egiten, eta, pixkanaka atea hutsean uztea lortzen badugu, garaipenak berandu gabe iritsiko dira. Era berean, balioa eman behar zaie Athletic eta Osasunaren aurka lortutako berdinketei.

Esan duzu oso desberdinak direla Luis Garcia Plazaren eta Coudeten jokamoldeak. Zertan sumatu duzu alderik handiena?

Chachok [Coudeten ezizena] garrantzi handia ematen dio baloia edukitzeari, eta zelaiko kokapena ere desberdina da. Hori izan da aldaketarik handiena. Bestelakoan, nortasunari, exijentziari eta hurbiltasunari dagokienez, oso antzekoak direla esango nuke. Nire egitekoa apur bat aldatu da, baina, funtsean, hegalean zabalik egon eta bertan aurkariei min egitean datza. Eta alor defentsiboan, defentsako hegalekoari lagundu behar diot, lehen bezala.

«Coudetek garrantzi handia ematen dio baloia edukitzeari, eta zelaiko kokapena ere desberdina da. Hori izan da aldaketarik handiena»

Garcia Plaza joatea ezusteko handia izan zen jokalarientzat?

Bai eta ez. Alde batetik, egia da dena oso azkar gertatu zela, partida bat berdindu ondoren. Alabaina, futbol profesionalaren munduan dabilenak badaki halakoak gerta daitezkeela. Niretzat lehen aldia izan zen, baina taldekide askorentzat teknikariz aldatzea ez zen gauza berria. Normalizatu egin behar da, eta, behin gertatuta, txipa ahalik eta azkarren aldatu.

Egoerari buelta emateko gai sentitzen zineten Garcia Plazarekin?

Niretzat, kontua ez da norekin. Entrenatzailea edozein izanda ere, sinetsita gaude egoera aurrera aterako dugula. Sentipen hori genuen Luisekin, eta orain berdin Chachorekin.

Lehen sei jardunaldietan ikusgarri aritu zineten, joko eta emaitza aldetik. Zer gertatu zen gero?

Faktore asko daude. Ez da bakarrik taktika kontua: fisikoki arazoak izan ditugu, epaileen erabaki batzuek ere kalte egin digute… Gogor saiatu ginen irtenbidea aurkitzen, baina ez zen posible izan. Erantzule nagusiak jokalariak gara, zelaian gu baikaude.

Entrenatzailea edozein izanda ere, Alavesen eskuin hegala zurea da. Pozik zaude zure jardunarekin?

Baietz esango nizuke, baina asko eskatzen diot neure buruari, alor fisikoan nahiz mentalean. Garrantzitsu sentitzen naiz talde barruan, baina beti nahi dut gehiago. Alavesera duela urtebete iritsi nintzen, eta, egia esan, oso erabaki ona izan zen hona etortzea. Taldekideek azkar egokitzen lagundu zidaten, eta, partidak konfiantzaz jokatu ahala, egonkortu egin naiz taldean.

2022an Espainiako Federazioaren Lehen Mailan ari zinen jokatzen, eta, bi urteren buruan, elitera egin zenuen jauzi. Oso azkar gertatu zen dena?

Bai, futbolean ez dago gelditzeko ia astirik, eta kosta egiten da gertatzen zaizuna perspektibaz ikustea. Denbora oso azkar igarotzen da, baina, era berean, ez nuke esango Alavesen soilik urtebete daramadanik. Ematen du duela hiruzpalau urte iritsi nintzela. Kontua da eguneroko errutinan gustura sentitzea, eta asteburuan gozatzea.

Zaragozaren harrobian anaia Davidekin batera aritu zinen. Bikiak zarete, baina, oraingoz, gorenera zu iritsi zara bakarrik.

Nork esango zidan niri… Izan ere, Zaragozaren harrobian ginela, bazirudien Davidek etorkizun hobea izan zezakeela futbolean. Baina gero bakoitzak bere garapena izaten du, eta ez dakizu biharko egunean nolako futbolaria izango zaren. Gainera, lesioekin ere zortea izan behar duzu. Anaia ez dut zirikatzen, bera lehenago iritsi baitzen futbol profesionalera [barrezka]. Alderantziz, harentzat inspirazio eta motibazio iturri naizela uste dut. Asko pozten gara bakoitzaren lorpenekin.

«Teknikari aldaketa oso azkar gertatu zen, baina futbolean halako gauzak gertatzen dira. Normalizatu egin behar da»

Alavesen zaleek oso begiko zaituzte. Zelaian ez ezik, zelaitik kanpo ere gustura zaude, ezta?

Alde horretatik, ezin dut gehiago eskatu. Zale oso eskuzabalak ditu Alavesek, eta Mendizorrotzako edozein partidatan ikusten da hori. Irabazi edo galdu, beti daude gurekin. Babes horrek puntuak ematen ditu. Hemen normaltzat jotzen da, baina beste toki batzuetan oso zaila da halako batasuna ikustea.

Hain justu, Mendizorrotzan ariko zarete gaur. Ederra litzateke urtea garaipen batekin hastea.

Irabazteko moduko partida bat da. Beti ateratzen gara garaipenaren bila, baina etxean jokatzeak abantaila ematen digu. Gironak ere ez du Kopako partidarik izan; beraz, erritmo aldetik antzera iritsiko gara bi taldeak. Ea urteari behar bezalako hasiera ematen diogun eta aurrerantzean zaleak zoriontsu sentiarazten ditugun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.