Entrenatzaile ibilbide osoa etxetik kanpo egin eta gero etorri zen Euskal Herrira Asier Garitano (Bergara, Gipuzkoa, 1969), eta bi zaplazteko eman zizkioten, Realak lehendabizi eta Alavesek gero. Bietan, kalera. Lanik gabe da orain. Gaur gaueko derbia berezia izango da harentzat, azkeneko bi talde izan dituenak ariko direlako parez pare Mendizorrotzan.
Estilo aldetik oso ezberdinak dira Alaves eta Reala.
Realak paseen bitartez jokatzen du, eta Alaves haren zelaian sartuko du horrela, presioa ere goian egingo baitio. Alavesek, aldiz,zuzeneko jokoa egiten du, eta geldikako jokaldietan ere indartsu ibiliko da. Bestelakoan, animoz bi taldeak daude oso ondo. Partida polita izango da.
Bien estiloak bateragarriak direnez elkarren aurka jokatzeko, gerta daiteke bi taldeak aise ibiltzea egiten ari diren horretan?
Pentsatzen dut Alaves saiatuko dela Realari atzetik eroso jokatzen ez uzten. Lagatzen bazaio Realari eroso egiten, aurkaria bere zelaian sartzen du, eta gero, asko kostatzen da, urrun ikusten da Realaren atea. Goian saiatuko da presio egiten, eta saiatuko da Realaren pase sekuentzia mozten. Real Madrili irabazi egin zion, Valentziaren aurka ere ondo jokatu zuen, eta, gainera, Realak ostegunean partida garrantzitsuaduenez [asteazkenean egindakoa da elkarrizketa], baliatu egingo nahiko du hori Alavesek.
Zein gustatzen zaizu gehien bi estiloetatik?
Ikusi egin behar da nolako jokalariak dauzkazun. Realak denbora darama horrela jokatzen, eta eroso sentitzen da. Gainera, emaitza onak ateratzen ari da, eta hori da garrantzitsuena. Horrela segituko du, aurrean zein duen batere inporta gabe. Alavesen kasuan, aldea bi aurrelariek markatzen dute [Lucas Perez eta Joselu], eta, horretarako, zuzen jokatzen du. Bi estiloak ezberdinagatik izanagatik, biak ari dira ondo momentu honetan.
Reala erabiltzen ari den estiloa ez da zuk ezarri nahi izan zenuena.
Ez da, ez. Aurreko sasoian, Martin Odegaard zegoen, eta guk ez genuen eduki horrelako jokalari bat. Monreal, Portu eta Isak ere fitxatuzituzten harekin batean. Espaziora ondo jokatzen dute, eta intentsitate handiz aritzen dira. Guk Merino ekarri genuen, Theo eta Sandro ere etorri ziren, eta, gero, gazteei eman genien aukera. Gure taldea eta hau oso ezberdinak dira. Asko irabazi du Realak aurreko denboraldian fitxatuekin. Eguneroko lanean lehia sorrarazi dute, eta abiadura handia daukate. Alavesi berdin gertatzen zaio: ezaugarri batzuk dituzte oraingo jokalariek, eta horren kontra ezin da joan.
Zuk esana da Realean eskatu zitzaizula eguneroko lana hobetzeko, taldeari izaera lehiakorra emateko. Oraingo Realak badu hori. Zuk egindako lana ere badago horren atzean?
Egunerokoa aldatzea nahi genuen, eta denbora behar da horretarako. Lau hilabetean hori egitea ez da erraza. Realak estilo zehatz bat zuen azken urteetan, eta hori aldatzea ez da erraza. Denbora behar, eta ez genuen eduki. Gero, berriz itzuli da Reala lehengora. Azken batean, horretan sinesten du, eta ondo ari da. Pozten naiz horregatik. Lehiatzearena aurreko sasoian lortu zuen lau jokalari berri ekarrita, eguneroko lanean lehia handia eragiten duelako horrek, eta garrantzitsuena hori da Realarentzat, onenekin segitu nahi badute. Oraingoz, onena da, eta ea noraino heltzen den.
Esan duzu lehentxeago jokalarien ezaugarrien kontra ezin duela ezer egin entrenatzaileak. Zergatik moldatu behar duzue jokalarien ezaugarrietara, bakoitzak zeuen gustuko estiloa baduzue?
Entrenatzaileak zerbaitetan sinetsi egin behar du, baina aldi berean, jakin egin behar du nolako taldea duen eta nola jokatu behar den etekina ateratzeko talde horri. Emaitzak baino ez daudefutbol profesional honetan, eta entrenatzaileak moldatzeko gaitasuna eduki behar du. Entrenatzaile batek hiru modu ezberdinetara jokatu beharko du, adibidez, Realean, Alavesen eta Sevillan. Hori da entrenatzaileen lana. Ez dut sinesten honetan: nire estiloa bat eta bakarra da, eta leku guztietan lan bera egin behar dut.
Baina entrenatzaile bakoitzak ez al dauka bere gustuko moldea?
Ez dakit. Taldearen araberakoa da. Leganesen hiru mailatan egon nintzen bost denboralditan zehar, eta gauza ezberdinak egin genituen, jokalariak aldatzen joaten zirelako. Bigarren B Mailan, ia partida guztietan ginen menderatzaile, eta oraingo Realaren antza genuela esan daiteke. Bigarren Mailan ezin genuen horrela segitu, jokalariak aldatu zirelako, eta beste modu batera jokatu genuen kirol helburua lortzeko. Hirugarren sasoian, Lehen Mailara igo ginen, berriz ere jokatzeko modua aldatuz. Lehen Mailan, aurreneko sasoian eta bigarrengoan ez genuen berdin jokatu, jokalariak ezberdinak zirelako. Entrenatzaile moduan, egokitu egin behar dut jokalarietara, eta etekina atera behar diet, daukaten dena atera.
Orduan, ez da egia zure moldearen zutabe nagusia defentsako lana dela?
Aurreneko aldiz kaleratu nindutenean Orihuelan edo Alcoyen, esaten zidaten ausartegia nintzela. Leganesen, lehen denboraldian, beste horrenbeste.
Realetik eta Alavesetik bota izanak hausnarketa sakona eragin zizun zure filosofiaren inguruan?
Azterketa egin behar da. Realean ideia bat genuen gauzak egunetik egunera aldatzeko, eta gazteei aukera emateko. Jokalariak fitxatzeko aukera handirik ere ez genuen izan, eta taldea pixka bat desorekatuta zegoen. Gero, denboraldi-aurrean, Agirretxek utzi egin zuen futbola. Gauza asko gertatu ziren, eta, abenduan, ni botatzea erabaki zuten. [Espainiako] Kopan helburuak betetzen ari baginen ere, adibidez. Lasai hartu behar da halakoetan, egin nuen egin beharreko analisia. Pozik nago Realean bizi izandako esperientziarekin.
Eta Alavesen?
Helburua mailari eustea zen, eta sekula ez ginen egon jaisteko postuetan. Abendutik aurrera taldea ondo zebilen, urruti jaitsieratik, baina pandemiak dena moztu zigun. Konfinamenduan, arazo asko eduki genituen jokalarien eta klubaren artean, eta asko kostatu zitzaigun gero berriz hastea. Beste denboraldi-aurre bat egitea izan zen, eta partidak zalerik gabe jokatzea ere ezberdina izan zen. Bota gintuztenean, jaitsiera sei puntura genuen, eta lau partida falta ziren. Min handia egin zigun horrek, eta nazkatuta amaitu nuen. Horregatik erabaki nuen denboraldi honetan hasieratik, behintzat, ez hastea inon. Lasai hartu nahi nituen gauzak.
Denboraldia hasita dagoenez, orain prest zaude eskaintzaren bat onartzeko?
Aukerak izan nituen atzerrira joateko eta Bigarren Mailan entrenatzeko denboraldi hasieratik, baina erabakita nuenez ez hastea, ezezkoa erantzun nien. Pasatu dira hilabete batzuk, eta zain nago ea norbait gogoratzen den nirekin, proiektu bat eskaini eta ilusioarekin joateko. Baina gauzak nekez izaten dira, zaila delako Lehen Mailan lana edukitzea.
Lehenengo Mailara begira zaude, hortaz.
Denei begira nago. Azken lau denboraldietan Lehen Mailan egon naiz, baina Bigarren Maila ere ikusten ari naiz, ez dakizulako non aterako zaizun erronka berri hori. Futbola jarraitzen ari naiz, atzerriko ligak ere bai, zerbait ateraz gero gertu egoteko.
Jakin daiteke atzerriko zein taldek deitu zizun?
Ez dauka garrantzirik. Entzun ere ez nien egin zer eskaintzen zidaten, erabakia nuelako ez hastea inon.
Denboraldia hasita dagoela berma ditzakezu baldintza on batzuk lanerako?
Emaitzek bakarrik balio dute, eta hori ez dugu aldatuko. Begira Real Madril nola dabilen, larri omen dabil entrenatzailea. Badakigu zein talde dabiltzan gaizki, eta ez dira goian daudenak, jakina. Prest egon behar dut horietakoren batek deitu, eta haien egoera txarrak hobetu ahal izateko.
Ikusten baduzu talde bat gaizki dabilela eta zuretzat egokia izan daitekeela, zure ordezkaria lanean jartzen duzu, zeure burua eskain diezaion talde horri?
Ordezkariarekin hitz egin nuen aurreko sasoiaren amaieran, eta badaki zer egin behar duen: zerbait ateratzen denean, kasu egin niri. Bestela, lasai nago, futbola ikusten, neure burua prestatzen, eta, zerbait ateratzen bada, aterako da. Prest egongo naiz edozein lekutara joateko. Lanbide hau badakit horrelakoa dela.
Partida bera behin eta berriz ikusten duten horietakoa zara, ala behin ikusi eta kito?
Denetarik. Asteburuetan, ahal ditudanak ikusten ditut Lehen eta Bigarren Mailakoak. Gero, astean zehar ikusten ditut asteburuan ikusi ezin izan ditudanak. Programa batzuk ere baditut futbola taktikoki ikusteko, eta horrela ari naiz asteak pasatzen, futbola ikusiz.
Zerbaitek eman dizu atentzioa jokoan denboraldi honetan?
Zalerik ez izateak aldatu du asko futbola. Ikusten ari gara lehen etxeko partida gehienak irabazten zituzten taldeak larri dabiltzala orain, zalerik gabe. Begira Alaves eta Eibar, adibidez. Horrekin futbola aldatu egin da pixka bat, eta entrenatzaileok ere eraldatu egin behar dugu apur bat. Bestela, ez da gauza askorik aldatu.
Baloia erasoan galdu ondoren, talde asko ez dira hasi lerroak lehen baino gehiago atzeratzen?
Ez zait iruditzen. Reala eta Eibar, behintzat, horretan ez dira aldatu. Futbola aldatu da, zalerik ez dagoelako, eta erabat ezberdina da. Hoztu egin da futbola, eta barruan egon nintzenean, ezberdin sentitzen nituen gauzak.
Zertan?
Oso sentsazio txarrak izan nituen: protokolo guztiak bete beharra, zaratarik ez entzutea... Gauzak jokalariei esaten ere lotsatu egiten nintzen, dena entzuten zelako. Orain, ohituago daude taldeak horretara, baina garbi daukagu denok zer falta zaion futbolari gaur egun: zaleen saltsa hori. Telebistan ikusteak ere zerbait ematen du, estadioak zalerik gabe daudela.
Asier Garitano. Entrenatzailea
«Jokalarietara egokitu behar dugu entrenatzaileok»
Eman zezakeen autokritika, Realean jokalarietara ez egokitzea leporatu zitzaiolako. Alavesen ere entzun zituen. Garitanok dio, ordea, beti moldatzen dela talde bakoitzaren ezaugarrietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu