Kilometro gutxi daude Astigarragatik Zubietara, baina ikaragarria da Mundarroren eta Realaren arteko aldea. Lehen aldiz emakumezkoen talde baten ardura hartuta, aspaldiko liga hasiera onena egin du Realak Igor San Miguelen eskutik (Astigarraga, Gipuzkoa, 1974). Pasioz heldu dio erronkari.
Futbolari ohia, kazetaritza ikasketak egindakoa, komertzial lanetan zaildua... eta Realeko entrenatzailea.
Hala da, bai. Komertzial lanean eta Mundarro Astigarrako taldeko entrenatzaile gisa ari nintzen lanean ekainean Realak deitu zidanean. Tokiz kanpo harrapatu ninduen, baina baiezkoa eman nien, noski. Nire ardo, gazta eta produktuekin ibiltzen naiz goizetan, eta Zubietan arratsaldeetan.
Pentsatzekoa da galdera asko edukiko zenituela buruan.
Bai... Inoiz entrenatu gabe nengoen emakumezkoen talde bat, eta zalantza asko sortu zitzaizkidan. Unai Gazpiori egin nion lehen deia, aurreko entrenatzaileari, bere esperientziaren berri jakin eta informazioa jasotzeko.
Zer izan da zailena arrotza zitzaizun errealitatera egokitzeko?
Niri gertatu zaidan moduan, jokalarientzat ere berria izan da dena: tonua, intentsitatea... Ez zeuden oso ohituta. Banakako harreman horretan gizonezkoekin baino denbora gehiago pasatzen dut orain; sentsibilitate berezia behar da deialdian sartzen ez direnekin edo jokatzen ez dutenekin.
Profesionalizaziotik urrun dago emakumezkoen futbola, eta hori ere kontuan hartu beharko da eskatzen hasterakoan, noski...
Bai... Nik lehen egunetik esan nien exijentziak profesionalen parekoa izan beharra zeukala. Badakit ez dela bidezkoa, gizonezkoen eta emakumezkoen lehen mailek ez daukatelako zerikusirik, baina argi esan nien profesionaltasuna exijituko niela.
Unai Gazpioren zer mantentzen eta aldatzen saiatzen ari zara?
Gustukoak nituen gauza batzuk; geldikako jokaldietan zonakako defentsa egitea, adibidez. Gauza on asko egin zituen Unaik, nahiz eta entrenatzaile bakoitzak bere ikuspegia daukan. Oso maila oneko taldea aurkitu dut, eta fitxaketak ere onak izan dira. Talde orekatua eta ona dauka Realak.
Zazpi hutsune eta zazpi fitxaketa izan ditu Realak.
Lantalde guztiari eskerrak eman beharrean nago, nik baino sakonago ezagutzen dituztelako emakumezkoen futbola eta fitxaketen kontuak. Eurena da meritua. Oso gustura nago. Ane Bergararen kasuan, adibidez, handia izan zen galera, lider izaera zeukalako, baina berehalako emaitza ematen ari dira iritsi berriak.
Realak aurreko sasoian ireki zuen atzerritarren atea, Cristina Pizarro Chini-rekin, eta beste bi iritsi dira orain. Ezinbestekoa da apustu hori Gipuzkoako bi talde maila gorenean daudenean?
Gipuzkoako jokalari onenek Realean jarraitu izan balute, bestelakoa izango zen Realaren egungo errealitatea. Baina azken urteotan jokalari asko joan dira beste talde batzuetara, eta, egoera aztertuta, Euskal Herritik kanpoko jokalari batzuk behar zirela erabaki zuen klubak. Gai horrekin ez dago inolako eztabaidarik.
Behingoz, liga hasiera samur antzekoa eskaini zizuen zozketak.
Berehala nabaritu nuen zozketaren zain zeudela denak, azken urteotan zailak izan direlako hasierak. Ez dauka zerikusirik liga hiru onenen aurka hasi eta punturik ez lortzeak, edo hirugarren astean zazpi punturekin egoteak.
Hala ere, zenbat aldiz ikusi duzu Albaceteren aurkako bideoa?
Maila ona eman genuen hasieran, eta 2-0 irabazten hasi ondoren, kosta egin zitzaigun binakoa barneratzea. Esperientzia pixka bat falta izan zitzaigun, baina denboraldi-aurrean ikusi nuen intentsitate handiko taldea geneukala.
Jokoan ez dizuete sartu golik. Lana dago horren atzean, ezta?
Denboraldi-aurrea eta ligako lehen hiru partidak kontuan hartuta, Oiartzunek soilik sartu digu gola jokoan. Denbora dezente igaro dugu mugimenduak mekanizatzeko lanean, eta maila handiko jokalariak dauzkagu. Hori bai, geldikako jokaldietako akatsak zuzendu beharrean gara.
Porrota litzateke Koparako ez sailkatzea?
Aldaketa asko izan da taldean: zazpi jokalari eta entrenatzailea. Neure buruari ez diot jarri nahi mugarik, eta zortzi-hamar partida jokatu ondoren aztertuko dugu non gauden. Ondo hasi gara, baina oso goiz da oraindik.
Gaur, 11:45ean, Santa Teresaren aurka, eta hurrengo astean Valentzian. Etxetik kanpo jokatuko dituzue hurrengo bi partidak.
Ez da erraza etxetik kanpo jokatzea. Mallorcan irabazi genuen, baina oso zaila izango da bi garaipen pilatzea. Taldeak segurtasuna ematen dit, hala ere; ziur nago edonor estu hartzeko gai garela.
Igor San Miguel. Realeko entrenatzailea
«Jokalarientzat ere berria da dena: tonua, intentsitatea...»
Lehen hiru partidetan zazpi puntu pilatuta, proiektua egonkortzeko denbora irabazi du Igor San Miguelek. Ezustean jaso zuen Realaren deia, baina ez zuen izan zalantza askorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu