Jan Urbanek eta Jose Manuel Mateok egindakoa zuzentzera etorri zen Enrique Martin Monreal (Campanas, Nafarroa, 1956). 1996/97 ko denboraldian egin zuena berritzeko deitu zuten; txapelketa amaitzeko jardunaldi gutxi falta zirela, taldea Bigarren B mailara jaistea eragozteko. Iritsi bezain laster, taldea erabat aldatu zuen. Hala ere, azken jardunaldiko 91. minutura arte itxaron behar izan zuen helburua betetzeko. Taldea egonkortzea eta etxeko jendea trebatzea dira Monrealen proiektu berriaren ardatz nagusiak.
Taldea salbatuz gero, zergatik ez zenuen eskatu kontratua automatikoki berritzeko?
Akordioa sinatu genuenean, ez zitzaidan egokia iruditu. Taldea salbatzea lortzen banuen, banekien aukera handiagoa izango nuela segitzeko. Eskaini zidaten ibilbide laburra aprobetxatzea, eta taldearen egoera konpontzea ziren nire helburu nagusiak. Ez nintzen etorkizunera begira jarri.
Pare bat urte zeneramatzan entrenatu gabe. Ulertzen duzu jendea urduri egon izana, zuzendaritzak zu hautatu zintuelako?
Normala da. Jendeak, ordea, ez zekien denbora tarte horretan ez nintzela geldirik egon. Idazkaritza teknikoan ibiltzeaz gain, entrenamendu ikasketak ere egin nituen, besteak beste. Egunero ikusten nuen futbola, 30.000 kilometro egin nuen, taldeak eta jokalariak ezagutzen. Horrez gain, oso prestatua dagoen jendearekin bildu naiz proiektu honetarako.
Denboraldia amaitu bezain laster, entrenatzaile postua betetzeko hautagai zerrenda luzea osatu zen. Nola hartu zenuen egoera hura?
Ulertzen nuen zuzendaritzak hainbat aukera aztertu behar zituela. Kontratua amaitu zitzaidan; beraz, klubak beste aukera batzuk begiratzea zilegi zen. Taldea salbatu nuelako eskubide gehiago ez nuela pentsatzen zutenetakoa nintzen ni.
Taxoaren segitzea proposatu zizuten, baina ez lehen taldeko entrenatzaile modura.
Ez nuen gaiaz hitz egin nahi izan. Goi mailako futbolean entrenatzea zen Osasunarekin kontratua bukatu zitzaidanean nuen asmo bakarra. Entrenatzaile modura izan dudan bilakaera nolakoa izan den jakin nahi nuen, lortu nituen tresna berriak erabiliz. Osasuna hartu aurretik, Bigarren B Mailako bi taldetan kirol zuzendari modura hasteko aukerak errefusatu nituen.
Aurreko denboraldiko martxa ikusi eta gero, zein izango da hastear dagoen denboraldirako helburu nagusia taldearentzat?
Osasuna Bigarren Mailan egonkortzea lortu behar dugu. Egonkortasun hori lortuz gero, bi edo hiru urteren buruan lehenengo mailara jauzia egiteko erabat prest egon gaitezkeela uste dut. Taldeko jokalarien %80 etxekoa izatea, horrek izan behar du helburua. Talde oso gaztea dugunez, jokalari horiek prestatzeko eta garatzeko prozesuan murgildu behar dugu. Jokalari hauek garatutakoan Bigarren Mailako talde indartsuen mailan egon gaitezke. Haurrak ditugu taldean. Bazkide gisa ere hitz egiten dut. Errealitatea hori da. Beste edozein bide okerra izango litzateke.
Aurreko urtean, sistema eta jokatzeko era erabat aldatu zenituen. Ideia hori eutsiko diozu?
Sistema bera erabiltzen abiatuko dugu denboraldia. Bost defentsarekin, atzealdean sendotasuna eta aurrealdean presentzia handiagoa lortu nahi nuen. Bigarren Mailan, berebizikoa da defentsako sendotasuna, estrategia jokaldiekin batera. Hori ondo lantzeaz gain, erasoko jokaldi landuagoak egiten ere saiatuko gara. Baloia erritmo handiz mugitzeko ariketak ari gara egiten.
Fitxatzeko orduan, zailtasunak handiak dira klubarentzat. Pozik zaude orain arte duzun jokalari taldearekin?
Kontratua sinatu nuenean banekien zein arazo izango genituen; hortaz, ez naiz kexatzen. Hemezortzi fitxa profesional izateko aukera dugu, oraingoz. Egoerak hobera egin dezake hogei profesional izatea ahalbidetzen badigute.
Maikel Mesaren itzuleraz aparte, hiru jokalari fitxatu dituzue. Zein iritzi duzu jokalari berrien inguruan?
Petar Vasiljevic kirol zuzendariak nik baino iritzi landuagoa du haien inguruan. Adrian Cruzek zelai erdian baloia ondo mugitzen du, eta Tano Bonnin atzeko lerroan presentzia handia duen jokalaria da. Alex Sanchezi dagokionez, 15 gol sartu ditu Tudelanorekin Bigarren B Mailan. Maila berriko entrenamenduetara egokitu eta gero asko emango digu, horretan ez dut zalantzarik.
Aurreko urtean taldearentzat garrantzitsuak izan ziren Sisi eta Vujadinovicek ez dute segituko. Loe eta Etxaide, bestalde, klubak ez ditu berritu.
Raoul Loeren kasuan, erabakita zuen taldean ez zuela segituko. Etxaideri dagokionez, klubak pentsatu zuen beste jokalari batzuei lekua utzi behar zitzaiela. Sisi eta Vujadinovicen kasua bestelakoa da. Errespetu handia diet bi jokalari hauei, errendimendu ona eman zutelako nirekin. Hala ere, inork ez dizu bermatzen aurreko urteko maila berbera emango zutenik. Iritsi diren jokalari berriak ez dira izango joan direnak baino gutxiago.
Zaleentzat, etxekoa izan zen benetako liderra: Oier Sanjurjo.
Nino, Torres eta Miguel Flañorekin batera, geratzen bada, taldeko erreferentzia nagusia izan beharko du. Taldeari nortasuna eman behar dioten jokalariak dira. Aurreko denboraldian gaizki pasatu zuen, lesioak zirela eta. Bost defentsarekin jokatzean ere ez zen bere gustuko postuan ibili. Konpromisoa eta jarrera sobera ditu. Aurten erdialdean jarriko dut jokatzen seguruenik. Atezain izan ezik, edozein postutan jarriko nukeela uste dut.
Fitxa altua dutenen egoera ez da berehalakoan konponduko?
Jokalariek ez dute errurik. Klubak aldi batean kontratu bat sinatu zien, eta jokalariak orain erabaki dezake zer egin eta zer ez. Hala ere, nire ustez, kluba ez da benetan Flañorekin oraindik hitz egitera jarri. Asier Riesgori dagokionez, denboraldi amaierako neurketa animikoki oso garrantzitsua izan zen harentzat. Jarraitzea nahiko nuke, baina klubaren egoera dela-eta edozein mugimendutarako prest gaude.
Roberto Torresek, soldata jaitsi, eta geratzea erabaki du.
Klubarekiko eta taldearekiko konpromisoa erakutsi du, eta horrek asko esan nahi du. Jokalari paregabea da taldearentzat. Aurten, gehiago jokatuko du erditik hegaletik baino. Baloia etengabe eduki behar duen jokalaria da, eta geldikako jokaldietan maisua.
Pablo Herviasen izena agertu da. Jokalariren bat edo beste fitxatzeko asmoa duzue?
Lerro bakoitzeko bat fitxatu edo utzitako jokalari bat ekartzea nahi nuke, lehenengo mailako taldeetakoak, ahal bada. Hervias ekartzea oso albiste ona izango litzateke. Urte batzuen buruan, jokalari aparta izanen da.
Enrique Martin Monreal. Osasunako entrenatzailea
«Jokalarien %80 etxekoak izatea, horrek izan behar du gure helburua»
Hondoa jo zuen taldea sei jardunalditan salbatu eta zaleen babesa izan arren, zuzendaritzak hasieran ez zuen haren alde egin kargurako. Teknikariak, dena den, normal-normal hartu zuen prozesua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu