Jokalariek arre, Valverdek so

Kontrajarriak dirudite Athleticeko jokalarien eta teknikariaren mezuek: batzuek eskura ikusten dute zazpigarren postua, eta besteak oso zail

Jokalariek arre, Valverdek so.
haritz gallastegi
Bilbo
2015eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Athletic jota atera da astebetean jokatu berri dituen hiru partidetatik. Ligako etenaldiaren ostean kontuan hartzeko erronkak izan ditu, eta ez du espero zen maila eman. Edo, beharbada, ez du gaitasunik erakutsi maila oneko taldeen aurrean neurria eman eta zazpigarren postura gerturatzeko: Sevillak ez zion inolako aukerarik eman. Egun bi taldeen artean alde handia dagoela ikusi zen Sanchez Pizjuanen; Valentziari aurre egiteko ere zailtasunak izan zituen, baina azken unean puntu bat irabaztea lortu zuen zaleen aurrean. Gaitz erdi; eta Espanyolen kontra ia denboraldi osoko Athletic itzuli zen. Grisa. Joko gutxi duena. Horren guztiaren ondorioa da Malagak sei punturen aldea duela oraindik —zazpirena, gol aldea kontuan hartuta—, baina hiru jardunaldi gehiago jokatuta, eta zazpi baino ez direla geratzen. Partida gutxi, aukeran.

Egoeraren azterketa arrazionala eginez gero —sentimenduak alde batera utzita— gaitza dirudi Athleticek zazpigarren postuan amaitzea liga. Arrazoi asko daude ezkorrak izateko: batetik, talde zuri-gorria ez da fidagarria. Ez da sendoa. Asko kostatzen zaio puntuak irabaztea, eta ustez askoz gutxiago diren aurkarien kontra kale egiten du sarri; eta bestetik, ez da Malaga gutxiestea komeni. Bigarren itzulian sasoi hasieran baino gehiago ari zaio kostatzen puntuak pilatzea, baina gutxi-asko abantailari eustean ari da Javi Graciak zuzendutako taldea; eta, azkenik, ezin dira ahaztu zuri-gorrien borroka berean dauden beste taldeak ere. Espanyol, Reala edo Celta ere buru-belarri ari dira lanean ahalik eta emaitza onenak eskuratzeko. Finean, gaitza dirudi liga amaierarako jarritako helburua betetzea.

Baina itxaropena galdu ez dutenak ere ez dira gutxi. Jokalariak dira, hain zuzen ere, sua bizirik mantentzen dutenak. Prentsa aretoan behin eta berriz errepikatzen duten mezua da. Beraz, ez da inguruak asmatutakoa. Ez da jarraitzaileek eta, batez ere, komunikabideek sustatutako kontua. «Puntu asko daude jokoan, eta edozein aurkariri irabazteko gai garela erakutsi dugu. Taldea gaztea da, eta Europan jokatzea gura du», esan du Beñat Etxeberriak. Mikel San Josek pisu handiko beste arrazoi bat ere jarri zuen mahai gainean lehiatzen segitzeko. «Liga amaitutakoan final bat jokatuko dugu, eta, beraz, geratzen diren partidetan ezin dugu jokatu ezer jokoan egongo ez balitz bezala».

Malaga, Bernabeun

Jokalariek sinesten baldin badute, ez dago arrazoirik gainerakoek ilusioa galtzeko. Matematikoki aukera dagoen bitartean lehiatzen segitu beharko da. Gainera, Malagak Real Madrili egingo dio bisita gaur, eta, logika betez gero, estutu egingo litzateke sailkapena. Baina jokalarien baikortasunaren aldean, oinak lurrean jartzeko mezua bidali du Ernesto Valverdek. «Gutxienez, bost partida irabazi beharko dira». Zazpi partida geratzen direla aintzat hartuz gero, ia ezinezko kontua dirudi.

Amets egiten segitzeko Athletic behartuta dago gaur San Mamesen Getafe mendean hartzera. Espainiako taldea aurrera egiteko gai izan da egoerari buelta ematea ezinezkoa izango zela zirudienean. Mailari eusteko, garaipen batfalta zaio, eta inolako presio barik zelairatuko da. Talde zuri-gorrian Adurizen itzulera izango da berritasun nagusia. Taldeak bere beharra duela berretsi zen Espanyolen aurka. Bestalde, De Marcos zigortuta eta Balentziaga min hartua daudenez, Aurtenetxek beste aukera bat izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.