Entrenatzaile, idazkari tekniko, kirol zuzendari, maisu... Horretan guztian aritu da Mikel Etxarri (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1946) futbolean, erretreta hartu duen arte orain gutxi. Guztiaren gainetik, baina, pentsalaria da, futbolean pentsatzen ari da beti, eta sekulako altxorra dauka gordeta bere teoria eta praktikarekin.
Zure azkeneko lana Realean izan duzu, baina barrura begirakoa izan da. Zer, zehazki?
Partidak ikusten aritu naiz azken bi urteetan, aurkarien inguruko txostenak egiteko. Lehen Realean izan nuen lanaren aldean, honetan txikiagoa izan dut ardura.
Idazkari tekniko eta kirol zuzendari izana baitzara Realean.
Hori da. Orduan ere ibiltzen nintzen aurkariak aztertzen, baina lana bestelakoa zen, zabalagoa.
Ezagun egin zinen Realeko fitxaketen ardura zurea zenean.
Reala B-n hiru denboraldiz egon nintzen entrenatzaile, eta gero hasi nintzen kirol arloa gainbegiratzen. Handik, kirol idazkari izatera igaro nintzen, eta hamabost urte egin nituen. Azkeneko bi urte hauekin, hogei urte egin ditut denera Realean.
Kritika zorrotzenak eta mingarrienak jokalariak fitxatzen izan zinenean jaso zenituen.
Bai, baina normala da. Futbola horrela dago jarria, eta profesional bihurtzen denak badaki egurra jasoko duela. Justua ez da izango, kritika gehienak jakin gabe egindakoak izaten direlako. Presidenteak eta zuzendaritzak jarraitzeko esaten bazidaten, lana ona zelako izango zen. Gero, beste taldeetatik dei asko jasotzen nituen, laguntza eske ere bai, eta hitzaldi askotara deitu izan naute urteetan; horrek ere esan nahi du nire lanak bazuela balioa futbol munduan.
Jokalari bat fitxatzeko prozesua non hasten da, eta non bukatzen?
Ni egon izan naizenean, lan garrantzitsuena zen jokalariak ikustea. Asko bidaiatzen nuen. Une hartan lehen taldeko entrenatzaile zenarekin hitz egiten nuen, zein postu indartu behar zen ikusteko, eta, postuaren arabera, jokalarien bila joaten ginen.
Zer da zailena fitxatzeko garaian?
Zailena ez da jokalari bat ona den edo ez ikustea. Zailena da zenbat ordaintzeko prest dagoen taldea jokalaria ekartzeko, eta, gero, ea egokituko den leku berrira edo ez. Real Madrilen nire bezalako lana egiten zuen batek esaten zidan beraiek sekula ez zutela jokalari txarrik fitxatzen, baina arazoak izan zitezkeela egokitzeko lanean, eta, ez bazen egokitzen, alferrik zela ona izatea.
Izango duzu penarik jokalari batzuk ezin izan direlako fitxatu, ezta?
Asko. Azkar batean botata, Patrick Vieira eta Sabri Lamuchi frantziarrak esango dizkizut. Salva Iriarte zen Realeko entrenatzaile orduan, eta ezin izan genituen ekarri, garestiak zirelako. Beste bat Matias Almeyda argentinarra izan zen; diruagatik ezin izan genuen ekarri. Baina zer diren kontuak, Sevillak ekarri ahal izan zuen, eta Bigarren Mailara jaitsi zen.
Fitxaketa bat ona ateratzeko, bere mailaz gain, zer behar da gehiago?
Taldeak lan ona egitea entrenamenduetan, jokoan ondo koordinatuta aritzeko. Taldea da oinarria; taldea ez badabil ondo lanean, inoizko onena izanda ere jokalariak banaka hartuta, ez da ondo ibiliko talde hori. Badira adibideak Espainiako Ligan: Atletico Madril Bigarren Mailara jaitsi zenean, sekulako jokalariak zeuzkan, baina jaitsi egin zen.
Nola bihurtzen da jokalari multzo bat talde on?
Buelta asko ematen ari naiz gai horri, eta esango nuke helburuak izan behar duela taldeak buruz jokatzea, memoriaz.
Jokalariek, memoriaz, automatak bezala, edo jokoa ulertuta?
Jokoa ulertuta. Hori da garrantzitsuena, nire ustez, jokoa ulertzea. Hori kontuan izanda, ondo jokatu behar da, eta, ulertuz gero jokoa, errazagoa da. Aurreko batean, Bixente Oiartzabalekin egon nintzen, Eibarren jokalari izan nuenarekin, eta esan zidan oso pozik daudela talde hartako kideak gai izan zirelako jokoa ulertzeko. Horretarako, entrenatzaileak ulertu behar du lehendabizi, eta, gero, jokalariei ulertarazi. Asko sinesten dut entrenamenduan; taktikan, batez ere. Ordu asko sartu behar dira jokoa ondo ulertzeko. Ondo jokatzeko nola entrenatu behar den jakitea funtsezkoa da.
Lehen Mailan, zein talde ikusten dituzu zure pentsamendu hori ondo landuta daukatenak?
Sevilla, Las Palmas, Atletico Madril, Celta, Athletic, Vila-real... Oso lan taktiko ona dago talde horietan, eta jokalariak aldatuta ere, edozeinek jokatuta, irabazten jarraitzen dute.
Jokalari profesional dirudunak onartzen al du ordu asko sartu behar izatea entrenamenduetan?
Duda daukat kontu horretan, eta gustatuko litzaidake proiektu bat lantzea beste entrenatzaile batzuekin. Entrenatzaileak jokalariei ematen dien informazioa ondo ematen diegu, edo jokalariak daukan dena ematen du ondo ulertzeko? Oso zaila da futbolean erraz jokatzea, eta lan asko egin behar da. Jokalariei gehien kostatzen zaiena erraz jokatzea da. Esperientziak ematen dizu askotan ulermen hori. Jeremy Brechet, Realeko jokalari ohiarekin egon naiz duela gutxi, eta hori esan zidan.
Esperientzia bada gakoa, haurrek eta gazteek ezin dute jokoa ulertu esperientziarik ez dutelako?
Ez da hori. Ondo jokatzeko bi bide daude: bat esperientzia da, eta bestea da ikastea.
Ikasteko metodo perfekturik ba al da?
Niretzat, onena lan taktikoa era analitikoan lantzea da. Orain, beste metodo batzuk ere badaude; integrala edo globalizatua, esate baterako. Nire ustez, taktikoa bakarrik landu behar da hasieran, eta gero nahasi beste faktore guztiekin: fisikoa, teknikoa eta psikologikoa. Txikitik handira egin behar da lan, behetik gora. Eta gauza txikiak lantzeko era onena analitikoa da.
Metodoen inguruko eztabaida beti egon da: bat bestea baino hobea dela, batekin bakarrik ezin dela dena ondo landu... Zer iritzi duzu?
Metodo guztiak dira onak, eta denek dauzkate alderdi onak. Futbola beste lanbide edo ikasgai bat bezalakoa da azkenean, eta parametro asko daude. Beti egon behar da ikasten eta aldatzen. Futbolean, berdin. Bakoitzak dauka bere metodoa. Ariketa ona da entrenatzaileok jartzea jokalari gisa, eta beste entrenatzaile batek azaltzea edo erakustea guri; horrela ikusiko genuke informazioaren transmisioa egokia den edo ez, eta jokalariei ondo erakusten diegun edo ez. Eibar entrenatu nuenean, talde osoa koordinatua zegoen, ondo landua. 38 partidetan 22 gol bakarrik jaso genituen, eta hor lana zegoen. Tira, Arrateko Ama Birjina ere bai [barrezka].
Eibar hura entrenatzen gozatu duzu gehien entrenatzaile moduan?
Gozatu, jaioterriko Michelin entrenatzen gozatu nuen, gazteen taldea. Denetan ibili naiz gustura, azkenean taldeek jokatzen zutelako nik nahi nuen bezala. Jokalari guztiek dena eman dute nik zuzendu ditudanean, eta hori gauza handia da. Nahi dudan bezala landu izan ditut taldeak, eta nire metodoa erabili ahal izan dut. Adibidez, gustatzen zitzaidan 11 jokalari jartzea talde batean, eta aurkaririk gabe mugimenduak lantzea. Asteko azkeneko entrenamenduan egiten nuen hori. Batek behin esan zidan hori ez dela entrenatzea, eta arrazoi zuen, ez da entrenatzea, baina bai test modukoa, ikusteko taldeak ondo ikasia daukan landutakoa. Huts bat ikusi orduko, zuzendu eta berriz egiteko agintzen nien, eta gauzak errepikatzea da ikasteko era ona.
Landu, ikusi eta aztertu. Hori izan du zure oinarria, eta, orain lan mundutik kanpo bazaude ere, horretan ibiliko zara, ezta?
Bai horixe. Partida pila bat ikusten ditut, eta ondo aztertu. Nire ondorioak ateratzen ditut, eta gero beste entrenatzaileei erakusten dizkiet.
Zerk eman dizu atentzio gehien azkena ikusi dituzunetatik?
Europa ligako finalerdian, Vila-realen [Herrialde Katalanak], Liverpoolek bikain landu zuen kontraeraso bat azkenera, Vila-realek aldeko kornerra atera eta gero. Bada, Liverpoolen jokaldi bera egin zion bi aldiz.
Entrenatzaileak bere estiloa ezarri behar du taldeetan, ala moldatu egin behar du jokalarien ezaugarrietara?
Denboraldi-aurrea da garaia taldeari usaina hartzeko. Gero, sistema batzuk landu daitezke, azkenean batekin edo birekin geratzeko. Azkenean, ni oso arauzalea naiz, eta gustatzen zait jokalariei arauak jartzea; hau da, egoera bakoitzean, defentsan eta erasoan, taldeak nola jarrita egon behar duen esatea gustatu izan zait. Eta arauak betetzeko daude. Egin egin behar dira, ezinbestean, eta kontu txiki horiek erabakigarriak izaten dira gero.
Teoriak utzi, eta hel diezaiogun praktikari. Euskal selekzioarekin Korsikan ariko zarete, hango selekzioaren aurka. Pozik, ezta?
Pozik, bai. Denbora aldetik justu ibiliko gara jokalariak osatzeko. Eibarrekoak, adibidez, zuzenean joango dira AEBetatik Korsikara, eta 15:00etan helduko dira partidaren egun berean. Realekoak partidaren bezperan helduko dira hona AEBetatik, Korsikara bidaiatzeko egun berean.
Korsika entzun, eta euskal zaleei ez zaie erakargarria egin.
Bada, talde ona da, eta oso serio hartu dute partida. Ilusio handiarekin daude. Hogei urtean zortzi bat partida jokatu dituzte, eta ez dutela alerik galdu uste dut. Zerbaitegatik izango da.
Mikel Etxarri. Futbol entrenatzailea
«Jokalariei gehien kostatzen zaiena erraz jokatzea da»
Erretreta hartu du Etxarrik, hainbat urtez entrenatzaile eta kirol arloko arduradun aritu eta gero. Realean egin du urte gehien. Futbola aztertzen ari da etengabe, eta horretan jarraitzen du, pentsatuz eta teorizatuz, besteei erakusteko gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu