Marta Unzue. Athleticeko jokalaria

«Jokalariak joan diren arren, multzo indartsua daukagu»

Luzera begirako helburuei baino gehiago, Unzuek «eguneroko lanari» erreparatu nahi dio. Uste du hori dela goiko postuetan egoteko bidea. Lehiakor izan nahi dute beste behin ere.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Taldeko jokalari beteranoetako bat da Marta Unzue Athleticeko jokalaria (Berriozar, Nafarroa, 1988). Baina, entrenamendua amaitu berritan, denboraldi berri bat aurrean izatearen ilusioarekin mintzo da. Eskarmentuak ematen duen ikuspegiarekin, berehala egin du taldeak lehen aste hauetan egindako lanaren azterketa: «Lan ona eta exijentea egiten ari gara, eta uste dut lagunarteko partidetan taldea baloiarekin sentipen hobeagoak izaten ari dela aurreko sasoian baino». Gaur, hirugarren lagunartekoa jokatuko dute, Eibarren aurka.

Gogoan duzu zenbatgarren denboraldiaurrea duzun hau?

Egia esan, ez ditut zenbatu, baina asko. Bartzelonan hamabi urte egin nituen, hemen seigarrena dut, eta Osasunarekin besteren bat egingo nuen.

Nola daramatzazu?

Sasoiaurrea, ziurrenik, jokalari bati gutxien gustatzen zaion aldia da. Izan ere, entrenamendu eta karga fisiko handiena izaten den garaia da. Behin lagunarteko partidak jokatzen hastean, gauzak aldatu egiten dira. Gainera, Athleticekin Boltañan egonaldi bat egiten dugu, eta polita da taldekideekin egun batzuk pasatzea. Oporretan eguneroko horren falta sumatzen duzu. Han, bestelako jarduera batzuk ere egiten ditugu, eta dibertigarria izaten da.

Asko aldatu dira garai bateko denboraldiaurreak eta oraingoak? Hala bada, zertan?

Asko ez. Baina egia da, errendimendua eta jarduera neurtzeko gailuen bidez, prestatzaile fisikoek askoz neurtuagoa dutela gure egunerokoa. Horri esker, garai honetako lan kargak askoz gehiago egokitu ditzakete gure beharretara. Gauza zehatzagoak landu ditzakete jokalari bakoitzarekin, eta, horren bidez, taldearen errendimendua hobetu.

Nola ari zara ikusten taldea lehen pare bat aste hauetan?

Entrenamenduak exijenteak izaten ari dira, baina taldea ondo ikusi dut. Fisikoki lan ona egiten ari garela uste dut, eta azken egunetan jada hasi gara kontu tekniko-taktiko zehatzagoak egiten. Bigarren taldetik igo diren jokalarien lana ere azpimarratu nahiko nuke. Oso ondo ari dira, eta hemen geundenontzat pizgarria ere bada haien ilusioa ikustea.

Jada bi lagunarteko jokatu dituzue. Sporting Bragari 4-0 irabazi zenioten, eta Oviedori 2-0. Denboraldiaurreko emaitzak esanguratsuak ez izan arren, zer balorazio egiten duzu?

Hala da. Emaitzak ez dira esanguratsuak. Izandako sentipenekin geratzen naiz, batez ere baloi jabetza genuenean. Arlo horretan, aurreko sasoiaurrean baino hobeto hasi garela uste dut. Golak ere sartu ditugu, eta hori garrantzitsua da, aurreko sasoian kosta egin baitzitzaigun. Atzean eresendo ikusi dut taldea.

Hainbat jokalari garrantzitsu jada ez daude taldean: Lucia Garcia, Ainhoa Vicente, Erika Vazquez, Vanesa Gimbert… Nola ari zaizue eragiten hori?

Argi dago jokalari garrantzitsuak zirela, baina urtero gertatzen den kontu bat da jokalarien joan-etorria. Multzo hau indartsua, langilea eta ona da. Esan bezala, igo diren gazteak gogo handiz daude. Baliatu egin nahi dute lehen taldean aritzeko eman zaien aukera. Pazientzia izan behar da haiekin. Hemen segitzen dugunok ere aurrerapauso bat eman nahi dugu joandakoen hutsunea ez antzemateko, eta gazteei hazten laguntzeko. Gainera, denboraldiaurrean beti hasten zara hutsetik, eta egunero-egunero joan behar duzu entrenatzailea konbentzituz. Multzoa grina handiarekin ari da lanean.

Iraia Iturregi entrenatzaileak zioen helburua aurreko sasoian martxora arte lehiatu zineten moduan lehiatzea izango dela, eta ziur dagoela hala eginez gero goiko postuengatik borrokan egongo zaretela azkenera arte. Bat zatoz? Zer egin behar duzue horretarako?

Uste dut garrantzitsua dela ondo hastea. Horrek konfiantza ematen dizu eguneroko lanean. Bestalde, baliatu behar dugu oso ondo ezagutzen dugula elkar, eta oso barneratua dugula entrenatzaileak zer nahi duen. Hori abantaila bat da. Izan ere, beste talde batzuk oso ondo indartu dira, baina egokitu egin behar dute, eta denboraldiaurreak irauten duen hilabete eta erdia gutxi da horretarako. Guk lan hori egina dugu, eta, nahiz eta gauza txiki batzuk aldatu, aurreko pare bat sasoietan ezarritako oinarrien gainean egingo dugu lan. Funtsezkoa izango da baita ere lesioekin gorabeherarik ez edukitzea.

Zein izango dira aldatuko dituzuen gauza txiki horiek?

Taldeak ausartagoa izango behar du baloi jabetzarekin, eta, hori posible ez denean, joan-etorrietan dugun ahalmena baliatu.

Pertsonalki, zer helburu duzu denboraldi honetarako?

Aurreko denboraldian ia bi hilabete eman nituen geldirik, soleoan min nuelako. Bai soleoan, baita bikietan ere gorabeheraren bat izan dut, eta eskatzen dudana da lesioekin arazorik ez izatea. Hortik aurrera, ahalik eta minutu gehien jokatu nahiko nituzke, taldeari laguntzeko. Hala ez bada, aulkitik ere nire onena emango dut, multzoaren mesedetan.

Adinean aurrera joan ahala, ez jokatzearena patxada handiagoz hartzen da?

Agian kontzienteagoa zara zer rol duzun. Baina patxadaz ez da hartzen, nahi duzuna jokatzea baita. Gainera, uste dut denek izango ditugula denboraldian garrantzitsuak izateko aukerak, luzea baita. Aurreko sasoian Iraiak erakutsi zuen hamaikakoa dezente aldatzen duela, eta sasoi onenean daudenen aldeko apustua egiten duela.

Nola daramazue, liga hasteko hilabete eskas falta denean, oraindik egutegia ez jakitea?

Ez da serioa et a profesionala ligari lehen aldiz profesional izendatu, eta hau gertatzea.

Lehen hiru postuen borrokan aritzeko aukera ikusten duzu?

Bartzelonak, Real Madrilek eta Atletico Madrilek talderik indartsuenak dirudite. Aurreko denboraldian ere hala zirudien, eta Atletico Madril ez zen Europarako sailkatu; Real Madrilek, berriz, ozta-ozta lortu zuen. Guk buruan duguna da aurreko sasoian bezala lan egiten jarraitzea, egunero eta isilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.