Josean Kerejeta. Caja Laboral Baskoniako presidentea

«Jokalari onek Baskonia hautatzen badute, beraiek hala nahi dutelako da»

Jarduteko modua proiekzioa duten gazteak fitxatzea dela dio, eta pozik dago Bjelica eta Logan lotu dituztelako. Arrakasta, diruak ez, lan onak ekartzen duela dio. «15 milioi euroko aurrekontua dugu, ligako laugarrena, baina tituluetan bi onenen artean gaude»

Andoni Urbistondo.
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Lehiaketa hasieraren zurrunbilotik kanpo dago Josean Kerejeta (Lazkao, Gipuzkoa, 1957). Bihar hasiko da 2010-2011ko denboraldia, Gasteizko Superkoparekin, baina Baskoniako presidenteari ez zaio irrika berezirik sumatzen telefonoaren bestaldean. Jakin badaki taldea oraindik berde samar dagoela, eta aste batzuk pasatuko direla uda osoan gorpuztutako proiektuak fruituak emango dituen edo ez jakiteko.

Zein da Baskoniako arduradun nagusiaren sentipena lehiaketa hasteko bezperan?

Talde polita osatu dugula pentsatzen dut. Jokalari batzuk joan dira, beste batzuk etorri, jokalari gazteak gehienak, eta horien lanarekin gorakako bidea egitea espero dugu.

Nolakoa izan da bukatu berri den uda?

Aurrekoak baino lasaixeagoa. Iaz Oleson eta Herrmannen fitxaketak nahastu egin ziren apur bat, eta aurtengo udan ez dugu halako arazorik eduki. Joan zirenak joango zirela jakina zen, Eliyahuren kasuan izan ezik, eta etorri direnen inguruan, guk nahi genituen jokalariak etorri dira, eta konforme gaude alde horretatik.

Zu zeu osatutako taldearekin kontent zauden galdetu behar al da?

Beno, nik neuk ere zeresana badut taldearen osaketan, eta, jakina, gustura nago. Proiekzio edo etorkizun handiko taldea daukagula esango nuke, bizpahiru urtean zeresan handia eman dezaketen jokalari sortarekin. Bjelica etorri da, David Logan ere bai, Stanko ere ondo hasi da (Barac pibota). Taldea ez daukagu erabat itxita, jokalari bat falta zaigu, eta ealanak lehenbailehen bukatzen ditugun.

Baskoniak beti hasten ditu denboraldiak taldea erabat osatu gabe, hari mutur guztiak lotu gabe. Hori zer da, ezina edo lasaitasunez jarduteko nahia?

Hori ez da hain erraz erabakitzen. Izan dira urte batzuk, non kontu denekin zortea eduki dugun, eta taldea lehiaketa hasi aurretik ixtea lortu dugun. Beste uda batzuetan arazoak sortzen dira, eta gauzak datozen moduan hartu behar dira. Guk bederatzi jokalari ditugu orain kontratu luzeekin, eta Florent Pietrus hilabeterako. Pietrusek guk espero dugun neurria ematen badu, geratu egingo da, eta hala ez bada, saskipeko beste jokalariren bat ekartzen saiatuko gara. Lesioak eta beste ere gerta daitezke. Hutsuneren bat edukitzea, mugimenduren bat egiteko tartea edukitzea beti da ona. Nik nahiago dut taldea erabat itxita egotea lehiaketa hasi aurretik, jokalariek elkar ezagutzeko, entrenatzaileak lan txukunagoa egiteko eta beste, baina beti ezin da hori lortu.

Zortea hitza aipatu duzu. Iaz lesio izurritea izan zuen taldeak. Asko eskatzea al da sasoi honetan zorte hobexeagoa edukitzea?

Eskatzea libre da, baina lesioak goi mailako kirolean eguneroko kontuak dira, eta ezin da ezer egin. Eskarmentu handia dugu, eta badakigu saihetsezinak direla. Jokalari onak ditugu, uda guztietan nazioarteko lehiaketetan parte hartzen dutenak. Horrek atsedena gutxitzen du, eta nekea handitu, eta nekeak lesioak ekartzen ditu.

Ia uda guztietan sortzen zaizue arazo handi bat. Taldeko oinarria berritu beharra, jokalari onenek hanka egin dutelako, eta ia beti, asmatzen duzue. Zein da gakoa?

Gure jardunak ez dauka sekreturik. Ez dugu beste talde batzuek adina sos, eta daukagunarekin aurrera egiteko bidea bakarra da: proiekzioa, etorkizuna duten jokalari gazteak fitxatzea, haztea, eta aukera badugu, haiek saldu eta berriro behe-behetik hastea. Historiak erakusten digu jarduera hori eraginkorra dela, eta hala den neurrian, zertarako aldatu? Adibide asko daude, Tiago Spliterrena azkena.

Spliterren agurrak buruko min asko eragin al du?

Bai, handi samarrak. Jokalari bikaina da, guk egindakoa, eta ez dago haren antzeko beste inor. Ez behintzat guk fitxa dezakegunen artean, eta beste modu batera indartu behar izan dugu taldea. Joko antolatzaile, eskolta eta hegaleko postuak indartu ditugu.

Ilusioa sortu duzue beste behin zaleengan.

Zaleek badakite gu langileak garela, eta ahal duguna egiten dugula. Beti asmatzea ez da posible, baina dauzkagun baliabideekin dezente asmatzen dugula esango nuke. Negozio honetan nola jardun ikasi dugu urteen joan-etorrian, eta horri esker ikasi dugu diruak ez duela bere kabuz arrakasta ziurtatzen. Lagundu dezake, baina lana txukun egitea garrantzitsuagoa da.

Ekainean, inork espero ez zuela, Liga irabazi zenuten, eta Europako talde onenaren aurka, gainera. Batzuek Baskoniaren izaera xumea goratzen dute. Beste batzuentzat, 15 milioi euroko aurrekontua duen taldea ez da xumea. Zer diozu zuk?

Zein da neurria? Bartzelonak 37 milioi euroko aurrekontua dauka, eta Real Madril ere ez da urrun ibiliko. Zer esan Panathinaikos eta Olympiakosi buruz. Gu onenen parean gaude, baina aurrekontu apalagoarekin, ez baitaukagu futbol talde batek sortzen duen dirutzaren oinarririk. ACB Ligan gurea laugarren aurrekontua da, baina tituluen zerrendan bi onenen artean gaude. Azken hiru urteetan bi liga titulu irabazi ditugu, eta jokoan egon diren azken 20 finaletatik 15 edo 16 jokatu. Zenbaki ikusgarriak direla esango nuke.

Ligako titulua irabazi zenuten moduan irabazita, dirua erakartzea lan errazagoa izango da, ezta?

Gaur-gaurkoz ez dago lan errazik diru bilketan. Ezta munduko talde onenarentzat ere. Guk enpresa askotako ateak jo ditugu, eta 15 milioi euroko aurrekontua baldin badugu, taldeak hainbat alorretan egitura ona daukalako lortu du.

Noizbait burutik pasatu al zaizu zer pentsatuko ote duten Bartzelona edo Real Madrileko presidenteek, Baskoniak beraiek baino diru gutxiagorekin antzeko arrakasta lortzen duela ikusita?

Ez dakit, galdera hori haiei egin beharko litzaieke. Bakoitzak bere filosofia dauka, eta haiek dirutza inbertitzeko erabakia hartu dute, aukera dutelako. Zalantzarik ez, dena den, hainbeste diru inbertitu ondoren, lehenago edo beranduago tituluak lortuko dituztela.

Europa erdiak nahi zuen jokalaria fitxatu duzue: Nemanja Bjelica. Pozik egongo zarete.

Bai, guretzat zaila delako proiekzio handia duten jokalariak fitxatzea. Negoziazioa ez zen batere erraza izan, talde askok nahi zutelako jokalaria fitxatu, baina azkenean Gasteizera etortzea erabaki zuen.

Zer eman diozue ba?

Ezer berezirik ez. Besteek baino kontratu apalagoa, hori ziur. Jokalari onek Baskonia hautatzen badute, beraiek hala nahi dutelako da. Baskoniak izen bat dauka Europan, munduan. Jokalariek badakite nola egiten dugun lana taldean, eta emaitzak zeintzuk diren. Jokalari sorta handiak egin du NBAra jauzia gure taldean jokatu ondoren, eta hori garrantzitsua da bere etorkizuna aztertzen duen jokalariarentzat. Olympiakosek guk baino kontratu hobea eskainiko zion, hori ziur, baina Atenasko taldeak lehen mailako 15-16 jokalari ditu, eta han jokalari garrantzitsua izatea, minutu erabakigarriak jokatzea ez da Baskonian bezain erraza. Gure taldean jokalari garrantzitsua izango dela esan diogu, lehen unetik, zintzotasunez, eta horregatik eman digu baiezkoa.

Hain jokalari ona al da?

Hobea izango delakoan fitxatu dugu. Europako talde aberatsenek nahi zuten, horrek erakusten du haren maila.

Marcus Haislip izan da iristen azkena. Jokalari ona da, baina haren jardunak ez al dizue zalantzarik eragin?

Ez, batere ez, Unicajarekin egin zituen denboraldietan oso maila ona eman zuelako. Orain 29 urte ditu, eta taldeak ez zeukan atletikotasuna emango dio. Eskarmentu handiko mutila da, eta ez dago haren jardunarekin mesfidati izateko arrazoirik.

Iritsiko da denboraldiren bat non ez duzuen titulurik lortuko. Porrota eta antzeko esanak azaleratuko dira orduan. Horri aurre egiteko prest?

Ez dut uste sobera arduratzeko moduko esanak direnik. Gehiago dute zerikusia kirol profesionalean erabiltzen den hiztegiarekin, benetako egoerarekin baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.