Saskibaloia. ACB ligako finala: Bartzelona-Bizkaia Bilbo Basket. Predrag Savovic. Bizkaia Bilbo Basketeko presidentea

«Jokalari on eta langile xume, denena da meritua»

Orainaz gozatzeko deia egin du. Ez du hurrengo sasoiaz sobera mintzatu nahi. Finalaz, berriz, itxaropentsu da: «Goazen partidaz partida. Ondo ikusten dut taldea».

Andoni Urbistondo.
Bilbo
2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Sekulako kazetari, teknikari, argazkilari eta jende mugimendua dago Miribillan. Bilbo Basketek ACB ligako finala jokatuko du bere 11 urteko historia laburrean, eta horrek bazterrak nahastu ditu Bilbon eta Bizkaian. Jokalariak modelo gisa erabiltzen ari dira argazkilariak: jarri han, honela… eta haiek, umoretsu. Dena ikuskatzen, aldarte onean, Predrag Savovic presidentea (Pula, Kroazia, 1976). Hara eta hona dabil, umeak bezala Olentzerok opariak ekartzen dituenean. Elkarrizketaren ale bat eskatu du bukaeran: «Alabak esango dit zer dioen, ikastolan ikasten ari da».

Gustura sumatzen zaizu.

Orain ez banago, noiz egongo naiz… Lorpen handia da guretzat, hiriarentzat, Bizkaiarentzat… Arreta gune gara, gure kirol merituei esker, eta hori beti da poztekoa.

Presidente zara azaroaz geroztik. Orduan, bakarren batek zuk gidatzen duzun taldeak ACB ligako finala jokatuko zenutela esan izan balizu, errekara botako zenuen burua agian, ezta?

Zergatik baina? Oinak lurrean izaten ditut beti, baina ondo ezagutzen dut taldea. Zer daukagun, eta zer ez, baina taldeak emaitza onak lortzeko asmoarekin eraikitzen dira, eta Bilbo Basket munduko bigarren liga oneneko finalean egongo dela da egoera. Harro nago lortutakoaz, horretarako egin dugulako lana beltz. Klubak lan ikaragarria egin du azken hamarkadan honaino iristeko, eta ezustekoa ere badela ukatu gabe, finala egindako lanaren ondorioa dela nabarmendu nahi nuke.

Norekin gogoratu zinen taldeak finalerako txartela lortu zuenean?

Ni Bilbora iritsi nintzen egunarekin gogoratzen naiz, 2004an, talde hau sortu zutenekin. Jende askok eduki duen fedea, konpromisoa, umiltasuna… Kantxan eta kantxatik at. Jende askoren errua da Bilbo Basket dagoen lekuan egotea, hasi jokalari onenarekin, eta taldeko langile xumeenarekin bukatu. Guztion meritua da. Richard Scott, Fred Weis, Luc Recker, Javi Salgado, Quincy Lewis, Bidorreta bera… Elkarrekin egin genuen bidea askok, balore eta oinarri batzuk finkatu, taldea hazi zedin, eta orain, finalarekin, ba pentsa. Pozez zoratzen gaude.

2004an etorrera xelebrea izan zenuen Bilbora, eta orain presidentea zara. Bizitza nola aldatzen den...

Bueno, nik banekien Bilbo Basketek kirol arrakasta izango zuela. Presidente izango nintzenik, ordea, ez [barrez].

Finalak erakutsi du Bilbon eta Bizkaian saskibaloi gosea badagoela.

Finala jokatu gabe ere bagenekien hori. Barakaldon 10.000 lagunetik gora bildu izan dira sarri, eta Miribillan ere 8.500 lagun pasa askotan. Jendeak halako babesa eman izanak gauzak ondo egiten ari garela esan nahi du, Katsikaris lanean ondo ari dela, eta zaleek neurrian erantzun dutela.

Zer burutapen eragiten dizu finalak?

Ba lehiaketetan parte hartzen duzun heinean, aukerak sortzen direla, eta guk aukera baliatu dugula. Finala jokatu behar badugu, merezi dugulako da.

Eta finalean, zer?

Finalean, dena eman. Etxeko lanak ondo egin ditugula jakinda, dena den. Hiru helburu genituen liga hasieran: Espainiako Koparako sailkatzea, titulurako kanporaketak jokatzea, eta Europara bueltatzea hurrengo sasoian. Hirurak lortu ditugu, eta orain, lana osatzen ahalegintzea da helburua.

Euroliga ate joka dago.

Beno, lasai, ikusiko dugu zer gertatzen den. Bistan da, sari ikaragarria izango litzateke guretzat, baina itxaron egin behar dugu.

Oso zuhur sumatzen zaitut.

Zuhur izaten erakutsi didate Euroligako agintariek, irizpideak aldatzen dituztelako sarri. Atarikoa ez jokatzeko, emaitza jakin batzuk eman behar dira. Gauza ondo doa, baina Euroligan parte hartuko dugula baieztatzen diguten arte, ez dugu ezer esango.

Pasa den astean Gorka Arrinda akziodun nagusiak esan zuen egunero ez dela kukua entzuten, eta agian finaleko txartela lortu izana dela taldearen muga. Ados al zaude hitz horiekin?

Gorkak asko daki, baina nik lehen esandakoa errepikatuko dut. Behin finala jokatuta, biok dugu aukera berdina. Tontoa ere ez naiz, eta Bartzelona faborito argia dela ezin ukatu, baina nik nire taldearen alde egin behar dut.

Eta finala irabazten baduzue, zer? Athleticek bezala, errekatik osteratxoa egin beharko zenukete…

Handia litzateke, oso handia [gaztelaniazko la hostia! hitza erabili du]. Gogorra izango da, zaila, baina berriro diot: zergatik ez? Valentzia eta Real Madril ere faboritoak ziren, eta kanporatu egin ditugu.

Zein izan daiteke finaleko gakoa?

Ez dut finalaz bere osotasunean hitz egin nahi. Partidaz partida joan behar dugu, eta gero gerokoak. Bartzelonak hankapean ibili ditu Unicaja eta Baskonia; ea erresistentzia handiagoa erakusten dugun.

Emaitzarik ez dizut galdetuko beraz.

Ez.

Zorion mezu asko jaso ditu taldeak, eta horietako asko Baskoniako zaleenak. Bi taldeen artean dagoen lehia ikusita, nabarmentzeko modukoa da.

Bueno, toki askotatik iritsi zaigu zorion mezua. AEBak, Serbia, Grezia, Frantzia, Belgika… Egiten duguna oharkabean ez dela pasa erakusten digu horrek.

Iritzi batzuk zuen hazkuntza eta Baskoniarena antzekoak izan daitezkeela pentsatzen dute. Zer diozu?

Bakoitzak gauzak egiteko bere modua daukala. Guk hamar urtean ligako finala jokatzea lortu dugu, eta pozik gaude.

Behin finala jokatuta, taldeak ezin du atzerapausorik egin bere bilakaeran, taldeak hobetzen jarraitu behar luke.

Uf! Egidazu galdera hori urrian, mesedez.

Zer moduz presidente jardunean?

Ondo. Nazioarteko Negozio eta Finantza ikasketak eginak ditut Hawaiiko Unibertsitatean (AEB), eta, egia esan, gustura aritzen naiz finantza, burtsa, negozio eta tankerako beste saltsatan.

Zein da zehazki zure jarduna?

Bueno, zuzendaria baino gehiago, kudeatzailea naiz. Babesle izan daitezkeen hainbat enpresekin harremanak edukitzea da nire lana, sosak erakartzea taldearentzat, eta ordu asko kentzen dizkit hara eta hona ibiltzeak. Finalarekin, nire lana samurragoa izatea espero dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.