Aritz Elustondo. Realeko jokalaria

«Jokalari guztiok sinesten dugu Eusebioren estiloan»

Beasaindarra ez dago konforme denboraldi hasierako emaitzekin, eta uste du badagoela hobetzeko tartea; betiere, «oraingo estiloari eutsita». Gaur hasieratik joka dezake Alavesen aurkako derbian.

jon eskudero
2016ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Denboraldiko ezusterik nabarmenetako bat izaten ari da Realean Aritz Elustondo (Beasain, Gipuzkoa, 1994). Txarrerako, ordea. Iragan sasoian taldeko jokalaririk onenetakoa izan ondotik, txanponaren beste aldera igaro da atzelaria. Apenas jokatu duen: 51 minutu besterik ez. Hala ere, behea jota egon baino nahiago du lanean sutsu jarraitu, «saria noiz iritsiko zain». Akaso, Alavesen aurka hasieratik jokatuko du gaur, eta garbi du ezin dutela hutsik egin. «Etxean beti da helburua irabaztea, eta derbi batean, gehiago. Horren gainetik, baina, premiazkoa dugu garaipena, denboraldia ez baita ona izaten ari».

Derbi batetik atera, eta bestea duzue gainean. Ahaztu al duzue Athleticen aurkako porrota?

Min egin zigun galtzeak. Oso ondo hasi ginen, nahi genuen jokoa eginez eta 0-1 jarrita. Gero, behera egin genuen, eta haiek, gora. Gure okerrei esker irabazi zuten; nolabait esateko, oparitu egin genien partida, eta orain ikastea tokatzen zaigu. Aspaldian gaizki ohituta geunden Athleticen aurkakoetan, eta azkenean iritsi zitzaigun porrota. Hori bai, itzulikoan Anoetan odolkiak ordainetan emateko aukera izango dugu.

Debatea kalean da: onuragarria ote Realaren jokatzeko estiloa?

Eusebiok lehenengo egunetik garbi utzi izan digu baloia jokatuta ateratzea nahi duela. Eta guk sinesten dugu horretan. Baina ez da ezer gertatzen baloia luze jotzen badugu ere. Gainera, Willian Jose daukagu aurrean, bizkarrez eta goikako baloietan ongi moldatu ohi den aurrelaria. Estilo horrek aldeko eta kontrako gauzak ditu, baina gu egunero ari gara lanean fintasuna lortzeko asmoz.

Halere, Realak ez al zituen arrisku gehiegi hartu San Mamesen?

Arriskatu ginen uste genuelako ongi egingo genuela. Gerora zer gertatuko zen aurrez jakin izan bagenu, luze joko genuen baloia. Dudarik ez izan. Baina okerretatik ikastea dagokigu. Athleticek ongi egin zuen presioa, bazekien guri min nola eragin, eta ez genuen asmatu emaitzari eusten. Atzean sartu ginen.

Estiloari buruz inork dudarik egin al du aldagela barruan?

Ez. Eta nik neuk uste dut, daukagun taldea ikusita, joko horrek mesede egingo digula eta fruituak ere emango dituela. Jokalari guztiok sinesten dugu Eusebioren ideietan, eta, hortik aurrera, lana erruz egitea tokatzen zaigu. Ikasiz joan beharko dugu noiz hartu arriskuak eta noiz ez. Estilo batean sinetsi arren, baloia gora bota eta bigarren jokaldien bila joateagatik ere ez da ezer pasatzen.

Derbiaz eta estiloaz harago, zer balorazio egiten duzu sasoi hasieraz? Hamar puntu dituzue.

Nahi eta behar baino puntu gutxiago ditugu. Erregulartasuna falta zaigu. Partida onak jokatu ditugu, pare bat oso on ere bai, baina izan gauza batengatik, izan bestearengatik, askotan hirunaka batu ezinda gabiltza. Bi partida jarraian irabazi eta bolada on bat edukitzeak konfiantza emango liguke, baina horretarako merituak zelaian egin behar dira. Hamar puntu baldin baditugu, hala merezi izan dugulako izango da.

Hain zuzen, Alavesen parean zaudete sailkapenean. Beraz, gaur ezin duzue hutsik egin.

Derrigor irabazi beharra daukagu, baina ez Alavesen gainetik egoteko eta derbia delako soilik, etxean jokatzen dugulako ere bai. Erregulartasuna lortu nahi badugu, etxean talde sendoa izan behar dugu lehenbizi, eta, aurkaria edozein izanda ere, hiru puntuak ateratzeak behar luke izan helburua. Hori lortuz gero, ziur sailkapenaren goialdean ibiliko garela. Orain arte, nahiko egutegi zaila izan dugu, baina, aurkariekiko errespetu guztiarekin, Alavesi eta Leganesi irabazteko modua ikusten dugu datozen bi partidetan. Gakoa izan daiteke hori lortzea. Zelaian erakutsi beharko dugu gehiago garela.

Zer partida espero duzu Alavesen aurka?

Aurkari arriskutsua da, batez ere etxetik kanpo. Igo berria izanik, ondo hasi du liga, eta errespetua sortzen du. Camp Noun irabazi eta Calderonen berdintzeak zerbait esan nahi du. Baina gu irabazteko ilusioz gaude. San Mameseko porrotaren mina kentzeko botikarik onena Alavesi irabaztea da, eta partidaren bila aterako gara hasieratik. Erne ibili beharko dugu haien kontraerasoarekin.

Derbietan ez zabiltzate oso fin. Bat irabazi eta bi galdu dituzue.

Ea, bada, binakoa lortzen dugun ligaren lehen erdian. Pozgarria da hainbeste derbi jokatzeko aukera edukitzea. Ikusten da euskal futbolean gauzak ondo egiten ari direla. Baina, zelaira ateratzean, irabaztea dugu xede, etxean are gehiago, aurkaria edozein dela ere.

Orain arte, 51 minutu besterik ez duzu jokatu. Espero al zenuen hain gutxi aritzea?

Egia esan, liga hasieran uste nuen gehiago jokatuko nuela. Iragan sasoian zortea izan nuen, entrenatzaileak konfiantza handia azaldu zuelako nigan. Minutu asko jokatzeak hazteko balio izan zidan. Baina orain ezberdin dauzkat kontuak. Ikusi dut zailena ez dela iristea, mantentzea baizik. Hain gutxi jokatzen ari banaiz, zerbaiten seinale izango da. Beraz, egunero lanean jarraitu beharko dut, saria noiz iritsiko zain.

David Moyesen eskutik iritsi zinen lehen taldera, baina Eusebiok eman zizun konfiantzarik handiena. Beldur zara konfiantza hori galdu ote duen?

Ez dut hala pentsatzen. Sasoi guztiak ezberdinak dira, eta aurten Raul Navas jokatzeko moduan da. Hura ari da gehien jokatzen. Eskuin hegalean ere lehiakortasun handia dut. Beraz, itxarotea tokatzen da. Jokatu izan dudanean ere, zorteak ez dit lagundu. Eibarren kaleratu egin ninduen epaileak. Eusebiok esaten dit lanean jarraitzeko, bat gehiago naizela eta gutxien uste dudanean ailegatuko zaidala jokatzeko aukera. Kasu egin behar diot.

Ondo al daramazu egoera?

Bai, arazorik gabe. Gogorra da ez jokatzea, baina gaztea naiz, eta badakit aukerak helduko zaizkidala. Talde hain on batean minutuak izatea garesti dago, eta behea jotzeko arrazoirik ez dut. Kontrakoa: lanerako gogo gehiago dut. Indartsua naiz mentalki.

Defentsan non nahiago duzu jokatu: erdian ala hegalean?

Entrenatzaileak esan zidan erdian nahi ninduela, baina niri berdin zait. Zortea da bi postuetan moldatzen jakitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.