Taldea sailkapenaren zuloan egon arren, baikor da Alex Mumbru Bilbo Basketeko entrenatzailea (Bartzelona, 1979). Ez du pentsatu nahi zenbat garaipen beharko dituzten mailari eusteko, ezta ere zenbat talde egongo diren ere lehia horretan. Eguneroko lanean du arreta jarria. «Gainerakoa ez dago nire esku, eta denbora kentzen dit», nabarmendu du.
Nola dago entrenatzaile bat, zuzentzen duen taldea sailkapenaren zuloan dagoenean?
Normala denez, kezkatuta. Bestela izatea ezohikoa izango litzateke. Baina ezin naute zalantza egiten ikusi, edo burumakur. Gauzak erlatibizatzen jakin behar da, eta zergatik gertatu diren jakin. Gauza asko gertatu zaizkigu denboraldian zehar: lesioak, zalerik gabe jokatzea... Aitzakia izan daitekeela pentsa dezakete askok, baina mailari eusteko borroka horretan ibili behar duen talde batean, eragin handia du.
Hiru jokalari garrantzitsu izan dituzue hainbat astez min hartuta: Hakanson, Balvin eta Serron.Rouselle ere kili-kolo ibili da. Nola eragin dizue horrek?
Lesioak beti dira txarrak, eta zer esanik ez jokalari garrantzitsuenenak badira. Hakansonen kasuan, kontuan izan behar da joko antolatzailearena oso postu berezia dela, eta postu horretan jokatzen duen jokalariaren lesioa denboran luzatzen bada ez dela erraza hura ordezkatzea. Kosta egiten da. Pixkanaka ari gara jokalari guztiak berreskuratzen, eta orain espero duguna da hemendik aurrera zortea izatea lesioekin, eta ondo lehiatzea. Taldea hamabi jokalariekin ikusi nahi dut, eta ez zazpi-zortzirekin, gertatu zaigun moduan. Izan ere, pare bat jokalari fitxatu ditugun arren, horiek ere denbora behar dute egokitzeko.
Balvin gogotsu mintzatu da aste honetan. Zer ematen dizue?
Guretzat funtsezko jokalaria da. Alderaketa bat egitearren, guri Balvin kentzea Real Madrili Tabares kentzearen parekoa da. Puntuak ematen dizkigu, errebotea, jokoaren kontrola... Kapitain moduan, gainera, are gehiago exijitzen dio bere buruari, eredu izan nahi duelako beste jokalarientzat. Pixkanaka ari da erritmoa hartzen.
Eta jokoan zerk egin du huts? Izan ere, aurreko sasoian talde oso lehiakorra zineten, eta gai izan zineten Euroligan lehiatzen ari ziren ACB ligako lau taldeei irabazteko,eta Espainiako Kopako zein titulurako azken fasean egoteko.
Aurreko sasoia ahaztu egin behar dugu. Denboraldi aparta izan zen. Ziurrenik, mailari eusteko borrokan egon izan bagina, zertxobait lasaiago egongo ginateke orain, egoera honetara ohituta egongo ginatekeelako. LEB ligatik gentozen, egitura jakin batetik, eta gai izan ginen bizkarrezurrari eusteko. Oraingoan, udan jokalarietako batzuk joan egin ziren; kasu batzuetan, taldea ia itxia genuenean, eta kontratuarekin. Hori beti da eragozpen bat. Baina ez dut horretan pentsatu bai. Beste gauza batean jarri nahi dut arreta: denboraldi honetan jokalari gehienak jokatzeko moduan egon direnean, taldea lehiakorra izan da. Batez ere denboraldi hasieran gertatu zen hori. Azken partidetan, nahiz eta galdu, lehiakor izaten ari gara berriro ere. Andorraren aurka luzapena behartzeko baloia izan genuen, eta Obradoiroren kontra hirugarren laurdenean izandako minutu txar batzuek kondenatu gintuzten. Zaragozaren kontrako partida izan zen salbuespena. Baina aurreko denboraldian, oso ondo egonda ere, 25 punturen aldeaz galdu genuen.
Lesioengatik asko aldatu behar izan al duzu aurreikusia zenuen jokatzeko era?
Nik esango nuke ez digula utzi aurrerapausoak ematen ezarri nahi genuen jokatzeko era horretan. Azken batean, denboraldian zehar talde bat aurrerapausoak emanez doa bide horretan, jokatzeko era barneratuz doalako. Baina hori multzo guztiak elkarrekin entrenatuz lortzen da. Hiruzpalau jokalari falta bazaizkizu, zailagoa da. Dena atzeratzen du. Alde horretatik, ondo datorkigu asteburu honetako partidaren ostean, Kopa eta selekzioen partidak tarteko, bi asteko etena izatea, elkarrekin entrenatu eta urrats horiek egiteko.
Min hartutako jokalariak indarberritzeaz harago, zein izan daiteke zulotik ateratzeko gakoa?
Batetik, oso garrantzitsua izango da taldearen animoa indartzea. Izan ere, porrotak pilatuz joan ahala, zalantzak sortzen dira. Gainera, kasu honetan ez ditugu zaleak hauspoa emateko, eta hori asko antzematen dugu. Horrez gain, hobeto jokatu behar dugu. Defentsan oldarkorrago aritu behar dugu, lehiakorragoak izateko; eta, erasoan, bizkorrago jokatu, kontraerasoan saskiratze errazagoak lortzeko. Txandakatzeekin lortuko dugula uste dut. Orain arte apur bat kostatu zaigu jokoaren erritmo on bat izatea, gehien jokatzen zuten jokalariek nekea pilatzen baitzuten partidak aurrera joan ahala.
Taldea animoz nola ikusten duzu?
Nik beti esaten dut animoa lanarekin lotuta dagoela. Lana egiten baduzu, gauzak hobetuz doaz, eta horrek dakar animoz ere ondo egotea. Alde horretatik, taldea ondo ikusten dut: asko ari da lanean.
Denboraldiko une erabakigarrira freskoago iritsiko dira min hartuta egon diren jokalari horiek. Abantaila izan daiteke hori?
Izan daiteke. Baina garrantzitsuena ez da izango jokalari bakoitza nola iritsiko den, baizik eta talde moduan nola iritsiko garen. Alde horretatik, ziur nago orain arte baino hobeto arituko garela, erritmo hori izango dugulako.
Lau garaipen dituzue. Zenbat beharko dira mailari eusteko?
Ez dut horretan pentsatu. Buruan izan behar dugun gauza bakarra lehiakorrak izatea da.
Ez duzue aurkari aproposena gaur garaipenak pilatzen hasteko. Bartzelona ahaltsua da, eta, gainera, sasoi betean da.
Hala da. Urtarril perfektua egin du. Ligan 30 eta 40 punturen aldeaz irabazi ditu azken partidak. Sasoi betean dago. Gauzak oso ondo egin behar ditugu, eta jarraitutasun bat izan.
Nola konbentzitu multzoa halako talde bati irabaz diezaiokeela?
Argi utziz haiek talentu handia dutela, baina ezin digutela intentsitatean eta oldarkortasunean irabazi. Fisikoki ere haien pare aritu beharko dugu. Hori lortuz gero, aukeraren bat izan dezakegu. Gainera, hurrengo asteburuan Kopa izango dute, eta ea horretan pentsatzen harrapatzen ditugun.
Halako egoeretan ohikoa izaten da entrenatzailea kargutik kentzea. Klubaren aldetik babestuta sentitu zara? Nola daramazu hori?
Bai noski, babestua sentitu naiz; bai klubaren aldetik, bai zaleen aldetik. Ikusi dute zer gorabehera izan ditugun lesioekin eta nola gauden. Oso batuta gaude, eta hori eta lana dira egoera hau iraultzeko gakoa.
Alex Mumbru. Retabet Bilbo Basketeko entrenatzailea
«Jokalari guztiak izanda, hobeto arituko gara aurrerantzean»
Bartzelonaren kontra jokatuko du gaur Bilbo Basketek, Miribillan (20:45). Ez dirudi aurkari aproposena talde bizkaitarra zulotik ateratzen hasteko. Intentsitateari eta fisikoari eman die garrantzia Alex Mumbruk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu