Athleticek bihar ekingo dio Ligari, Santa Teresaren zelaian. Iraia Iturregik, Eli Ibarrak eta Irene Muruak taldea utzi eta gero, azken sasoietako talderik gazteena izango du. Joseba Agirre entrenatzaileak (Ortuella, Bizkaia, 1964) argi du jokalari gazteek «lehiakortasuna eta irabazteko grina» emango diotela taldeari. Hori esperientzia dutenen jokalarien «lidergoarekin eta balioekin» uztartzea izango da Agirreren erronka nagusienetako bat sasoi honetan.
Hirugarren sasoia duzu taldea zuzentzen. Nola helduko diozu?
Ilusio berriekin. Pixkanaka, taldea eraberrituz joan da, eta jokalari gazte asko ditugu. Erronka zail eta erakargarria dugu aurrean. Izan ere, gainontzeko taldeak indartu egin dira, eta gure filosofiarekin borrokatzea ez da beti erraza. Baina guk gure filosofia maite dugu, eta horrekin jarraitu nahi dugu. Nik beti esaten diet jokalariei: «Munduko talde guztietan jokatzeko aukera duzue. Baina munduko jokalari guztiek ez dute Athleticen jokatzeko aukera».
Taldeari begira, zein helburu dituzu?
Esperientzia handiko jokalariek hartu dute erretiroa, aldagelan indar eta ardura handia zutenak. Hori dela eta, erronka da jokalari gazteek aurrerapauso bat ematea, eta ez daitezela konformatu lehen taldera iristearekin. Iaz, batzuek eman zuten, baina aurten eman behar dutena are garrantzitsuagoa da. Hemendik sasoi batzuetara, proiektu honen gidariak izango dira, eta beren buruarekin zorrotzak izan behar dute. Kalitatea badute horretarako, eta, orain, esperientzia hartuz joan behar dute. Gure filosofiarekin, gazteek izan behar dute taldearen geroa.
Maria Blanco, Andrea Sierra, Leia Zarate, Marta Perea eta Damaris Egurrola gazteak igo dituzue lehen taldera. Gazte horiek zer emango diote taldeari?
Lehiakortasuna, irabazteko goseaeta intentsitatea, bai partidetan bai entrenamenduetan. Jada erakusten ari dira hori, eta oso pozik nago.
Zein izango da hor esperientzia duten jokalarien papera?
Orain arte eman duten mailarekin eta duten ilusioarekin jarraitzea nahi dugu. Lidergoa eta gure betiko balioak eman behar dizkigute. Horiek izango dira gazteen irakasle onenak.
Zeintzuk ari dira Iraia Iturregiren, Eli Ibarraren eta Irune Muruaren lekukoa hartzen?
Zaila da hori; taldetik lidergo asko joan da. Hiruren artean, 1.200 partida baino gehiago jokatu zituzten Athleticekin. Baina talde guztietan gertatzen da, eta pixkanaka lider natural berriak sortzen dira. Taldeak berak aukeratzen ditu lider horiek. Gure kasuan, Vanesa Gimberten, Erika Vazquezen, Nekane Diezen edo Joana Flavianoren tankerako jokalariek hartu beharko dute lekuko hori.
Nola egin nahi duzue esperientziaren eta gaztetasunaren arteko nahasketa?
Denboraldia luzea izango da, eta denentzako aukerak egongo dira. Baina lortu behar dugu denak garrantzitsuak sentitzea, eta denak jokatzeko prest egotea beti.
Taldeak hainbeste gazte izanda, zaleei pazientzia eskatu beharko zaie?
Zaleei gutxi eska diezaiekegu. Ondo ezagutzen dute gure filosofia, eta badakite nola lehiatzen garen. Hori jakinda, beti izan dugu haien babesa. Guk zera nahi dugu: sailkapenean amaitzen dugun lekuan amaituta ere, harro egon daitezela talde honetaz.
Pozik zaude taldeak egindako denboraldi-aurrearekin?
Partida onak jokatu ditugu, oro har. Atletico Madrilen aurkako porrota pena izan zen. Ondo lehiatu ginen 70 minutuan, baina gero hiru gol sartu zizkiguten. Egin genuen neurketarako, gehiegizkoa izan zen. Realaren kontra, zalantzak izan genituen lehen hamabost minutuetan. Baina, gero, gol bat sartu genuen, eta lasaitu egin ginen. Hortik aurrera, denboraldi osoan izan nahi dugun taldea izan ginen.
Nolako taldea nahi duzue izan?
Ausarta, baloiaren jabetza duena, intentsoa, langilea eta lerroak batuak dituena.
Iaz, erreskadan pilatu zenituen garaipenak eta porrotak. Ez al duzue erregulartasun handiagoa behar?
Bai, nahiz eta gero eta zailagoa izan. Izan ere, taldeen maila gero eta handiagoa da. Lortu nahi duguna da irabazteko zaila den talde bat izatea, eta aurreko sasoian baino sendoagoak eta serioagoak izatea atzean. Golik ez jasotzeak konfiantza handia ematen du.
Zer egingo duzue defentsan sendotasun hori lortzeko?
Lan egiten ari gara lerroen artean hainbeste tarte ez egoteko, eta jokalarien arteko laguntzetan gehiago asmatzeko. Zelaian jokalarien artean dagoen komunikazioan ere ari gara indarrak jartzen. Gol gutxi jasotzen baditugu, goian egongo gara, aurrean kalitate handia dugulako. Aurreko sasoian, neurketa bakarrean geratu ginen golik sartu gabe.
Ane Bergara fitxatu duzue. Atzean sendotasun hori izaten lagunduko dizue?
Anek esperientzia handia dauka, eta atzean oso ziurra da. Buruz ere oso ondo moldatzen da. Aurreko sasoian apenas jokatu zuen, baina ari da erritmoa hartzen. Beste fitxaketak, Maria Diaz Ziraukik, ere asko lagunduko digu zelai erdian. Jaurtiketa ona du, eta esperientzia. Denboraldi-aurrean, min hartuta egon da, baina osatzen ari da, eta espero dugu egun gutxitan sasoi betean egotea taldearekin.
Nola ikusten duzu asteburuan abiatu den Liga?
Atletico Madril, Bartzelona eta Valentzia dira indartsuenak. Levante ere hor egongo da, eta Granadillak oso ondo indartu du taldea.
Espainiako Kopara sailkatzearekin konforme zinatekete?
Ez nuke esango helburua hori denik. Gure xedea da partida bakoitzaren amaieran aldagelara iritsi, eta harro egotea egindako lanarekin. Gero, denboraldiak jarriko gaitu merezi dugun lekuan.
Duela bi sasoi, bederatzi urteren ondoren, Liga irabazi zenuten berriz ere. Jokalari hauekin, esperientzia hartuta, posible ikusten duzu berriz lortzea?
Bai, posible izango litzateke. Baina sasoi batetik bestera, gero eta zailagoa da, beste taldeak asko indartzen direlako. Lehen Maila gero eta lehiakorragoa bihurtzen ari da.
Joseba Agirre. Athleticeko entrenatzailea
«Jokalari gazteek aurrerapauso bat eman behar dute»
Hirugarren sasoia du Agirrek Athletic zuzentzen. Duela bi denboraldi atzean izan zuten sendotasuna berreskuratu eta erregularragoak izateak modua emango die, haren ustez, Ligan goiko postuetan egoteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu