Joerari eutsi dio txapelketak

Munduko eskubaloi txapelketa ezustekorik gabe iritsi da azken fasera. Frantzia eta Norvegia dira hautagai nagusiak. Gaur jokatuko dira finalerdiak, Granollersen.

Norvegiako Nora Mork eta Marit Jacobsen jokalariak, gol bat ospatzen, Errusiaren aurkako final-laurdenetako norgehiagokan. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Iñaki Berastegi.
2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Azken txanpan sartuta dago eskubaloiko Munduko Txapelketa: lau partida baino ez dira falta. Gaur jokatuko dira finalerdiak, bihar brontzearen partida eta igandean final handia, Granollersen (Herrialde Katalanak). Abenduaren 1ean mundu osoko 32 selekziok abiatu zuten ibilbidea, baina jada lau baino ez daude lehian. Frantziak eta Danimarkak jokatuko dute finalerdietako bat (17:30), eta Norvegiak eta Espainiak bestea (20:30). «Frantzia gainontzeko selekzio gehienak baino koxka bat gorago dago: talde osoa da. Danimarkaren aurkakoa irabazi beharko luke, teorian». Halaxe aztertu du lehen finalerdia eskubaloian aditu Nagore Odriozola kazetariak (Zarautz, Gipuzkoa, 1991). Munduko Txapelketako antolakuntzaren komunikazio taldean ari da lanean. «Ez da ezinezkoa Norvegia menderatzea, baina duela bi urte baino hobeto iritsi dira txapelketara. Espainiak baditu aukerak, baina ezin dio inolako errentarik eman, Alemaniaren aurka egin bezala», esan du bigarrenari buruz.

Txapelketa orokorrean aztertuta, Odriozolak dio azken urte eta txapelketa handietako emaitzen «jarraipena» dela Munduko Txapelketa hau: «Olinpiar Jokoetako selekzio antzekoak parte hartzen ari dira, eta sasoi bertsuarekin. Tokion zilarra irabazi ostean, Errusia bai nabaritu dut ahulago iritsi dela, jokalari garrantzitsu batzuen hutsunea izan dutelako. Suedia eta Espainia lirateke ordutik hona hobera egin dutenak». Beraz, hautagai nagusietan ez da aldaketarik. «Frantzia eta Norvegia beti dira faborito. Danimarkari dagokionez, sekula ez dakigu ondo noraino irits daitekeen».

Bi izan dira Odriozolarentzat txapelketa honetako ezustekoak: «Batetik, Espainia, azken Europako txapelketa eta Olinpiar Jokoak ez zirelako onak izan. Aldaketa batzuk egin dituzte, eta taldeak ohiko espiritua eta maila berreskuratu ditu. Eta, bestetik, Brasil ere aipatuko nuke. 2013an munduko txapeldun izan zirenetik jokalari askok utzi dute selekzioa, eta aldaketa handiko urteak izan dira. Prozesu horretan jarraitu arren, sasoiko iritsi dira txapelketara».

Aldiz, hiru selekziok zapore gazi-gozoa utzi diote Odriozolari: «Ez dakit Herbehereen kasua dezepzio gisa defini daitekeen edo ez, Norvegiak kanporatu baitzituen, eta adar oso gogor bat egokitu zitzaien. Egia da egungo munduko txapeldunak direla, eta, alde horretatik, kanporaketetara ez sailkatzea dezepzio gisa uler daitekeela, baina ondo jokatu dute. Alemaniarengandik ere gehiago espero nuen, eta Montenegrok ere pena pixka bat eman dit. Selekzio indartsua izan ohi da, baina, min hartuta dituen jokalariak direla eta, ez dira beren mailan aritu».

Etxeberria, onenen pare

Ezustekoa izan ez dena kanporaketetara igaro diren zortzi selekzioetako zazpi Europakoak izatea da. «Ez da harrigarria, ez, Europan askoz ere garatuago dagoelako kirol hau. Olinpiar Jokoetan ere halaxe izan zen. Brasil, Japonia eta Hego Korea lirateke Europako selekzio indartsuen zakuan sar genitzakeen beste selekzioak. Hego Korea betidanik izan da talde indartsu bat, eta, Japoniaren kasuan, Olinpiar Jokoak etxean jokatzea akuilu ona izan taldearen bilakaeran. Era berean, Argentinak oso txapelketa ederra egin du, eta 2015etik hona sekulako garapena izan du. Halere, oraindik ez dago koxka horretan».

Jokalariak nabarmentzen hasita, Odriozolari zerrenda luzea datorkio burura: «Hasteko, Brasileko Bruna De Paula aipatuko nuke. Suediako Jamina Robertsek ere sekulako maila eman du, eta Norvegiako Morkek eta Oftedalek eta Danimarkako Reinhardt bigarren atezainak ere aipamena merezi dute».

Espainiako selekzioarekin jokatzen dute txapelketan parte hartzen ari diren bi euskal jokalariek: Ainhoa Hernandezek eta Maitane Etxeberriak. Orain arte taldean izan duten garrantzia ez dator bat txapelketa hasi aurretik espero zenarekin. «Espero zenaren kontrakoa gertatu da. Aurrekoetan bezala, Ainhoa Hernandezek protagonismo handia izatea espero zen, maila handia duelako, eta, jokatu duenean ondo aritu bada ere, postu berean Kaba Gassama gehiago jokatzen ari da. Maitane Etxeberria, berriz, bigarren mailan ariko zela uste zen arren, oso protagonista izaten ari da. Eraginkortasuna eta defentsako espiritua ematen dizkio multzoari. Neurketa bateko jokalaririk onena ere izendatu zuten».

Iragarpen bat egiteko eskatuta, igandeko finalean Frantzia eta Norvegia ikusten ditu: «Bi horien artekoa nork irabaziko duen erabakitzea zaila da, baina uste dut Frantziak irabaziko lukeela. Oso final parekatua da. Brontzearen lehian, Espainia Danimarkaren aurretik ikusten dut», nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.