Jaka-Mariezkurrena II.a 22-14 Ezkurdia-Tolosa

Joerak berretsi egin dituzte

Jaka-Mariezkurrena II.ak ez dute txapelketako partidarik onena egin. Baina nahikoa izan dute sendo egotea Ezkurdia-Tolosari irabazteko. Hala, garaileak lehen postuan sendotu dira. Galtzaileentzat albiste onena izan da Ezkurdia hobeto aritu dela.

Jaka-Mariezkurrena / Ezkurdia-Tolosa.
Jon Mariezkurrena pilota jotzen. Atzean sendo azaldu da. IÑIGO URIZ / FOKU
ainara arratibel gascon
2023ko abenduaren 30a
21:30
Entzun

Oso aldarte desberdinean dauden bi bikote izan dira aurrez aurre Iruñeko Labrit pilotalekuan. Batetik, Jaka-Mariezkurrena II.a, lehen postuan, eta bikote indartsua direla erakutsiz. Bestetik, Ezkurdia-Tolosa, beheko postuetan borrokan, eta zalantza askorekin. Kirolean beti dago tarte bat ezusteentzat. Baina ez da halakorik izan. Jaka eta Mariezkurrena II.a 22-14 gailendu dira. Ez dute beren partidarik onena egin, baina nahikoa izan dute sendo agertzea irabazteko. Ezkurdiak eta Tolosak, berriz, lehen zatian eutsi diote. Bigarrenean, ordea, Tolosak behera egin du, eta, Ezkurdia ahalegindu den arren, tantoz tanto joan dira 22.eraino Jaka eta Mariezkurrena II.a. Sei garaipen dituzte orain. Bi dituzte galtzaileek.

Jaka-Mariezkurrena II.ak hasi eta berehala lortu dute aldea: 5-0. Berriozarko atzelariak oso ondo ekin dio norgehiagokari, bost tantoetatik hiru harenak izan baitira. Ezkurdia-Tolosarentzat nahi eta behar ez zuten hasiera izan da, konfiantzaz justu samar iritsiak zirela kontuan hartuta. Berriz ere kontrakarrean hasi dira, eta arriskatu behar izan dute. Hala lortu dute partidako lehen tantoa, baita bigarrena ere. Biak Ezkurdiak egin ditu. Baina arriskatu beharrak ere huts egitea dakar, eta berriro hurrengo bi tantoak Jaka-Mariezkurrena II.ak egin dituzte: 7-2

Ezkurdia-Tolosak irabazteko aukeraren bat nahi bazuten, aurrean nahastu behar zuten jokoa. Ezkurdia aurreko partidetan baino askoz hobeto zegoela sumatu da, konfiantza gehiagorekin. Hori izan da albiste onena. Ederra izan da pilota txokoan utzita egin duen tantoa. Bikotearen hirugarrena izan da. Baina Jaka ere ez zegoen denbora-pasa, eta zabalera tanto ederra egin du: 8-3. Dena den, jokaldi horretan min hartu du behatz nagian, eta aldageletara joan behar izan du estaltzera. Ezkurdia oldarkor aritu da, eta eskuin bolearekin jokoa nahasten. Horrek zalantzaren bat eragin die Jaka-Mariezkurrena II.ari. Baina ondo eutsi diote, et, txapelketa osoan zehar bezala, bikote sendoa direla erakutsi dute: 10-4. Lehen zati horretan, Ezkurdia-Tolosari markagailuan apur bat gehiago gerturatzea falta izan zaie, irabazteko aukeraren bat izateko. Lehen atsedenaldira 12-5 iritsi dira atzetik.

Partida, hozten

Jaka-Mariezkurrena II.ak ondo bideratua zuten partida. Gainera, Tolosari errenka ikusi zaio, eta hurrengo hiru tantoetan huts egin du. Bigarren zati horretan gehiago kostatu zaio pilota kentzea. 14-5ekoarekin, neurketa hautsita zegoen. Baina Ezkurdiak ekinean jarraitu du, borrokan. Joko nahasia saihesten ahalegindu dira, ordea, garaileak. Nahikoa izan dute hori tantoak egiteko, eta hamar tantoren aldea izan dute bigarren atsedenaldian: 18-8. Partida hoztu egin da azken txanpa horretan. Lan onari errematea jartzea baino ez zitzaien falta Jaka-Mariezkurrena II.ari. Gutxienez, eta tanto kopuruari begira, bueltan hiru tanto egin dituzte Ezkurdiak eta Tolosak: 18-11. Konfiantza apur bat lortzeko balio behar zien, eta Ezkurdiak beste bi tanto eder egin ditu zaleen gozamenerako. Baina 22-14 amaitu da partida. Neurketa amaieran, honela mintzatu da Jaka: «Ez da izan txapelketan egin dugun partidarik ikusgarrirena. Ni, behintzat, tokiz kanpo egon naiz. Baina Irabazi egin dugu, eta horrekin geratuko naiz. Jonek eraman gaitu garaipenera».

Bilbon jokatu da eguneko beste partida, eta estuagoa izan da. Elordi eta Rezusta 22-19 gailendu dira Lasoren eta Arangurenen aurka. Azken txanpan erabaki da lehia. Jardunaldiak ziren Elordik eta Rezustak irabazten ez zutela, baina gaurkoan laugarrena lortu dute. Horrek konfiantza eman behar die. Birekin daude Laso-Aranguren.

Bihar beste partida bat jokatuko da, Tolosako Beotibarren (18:00, ETB1). Artola eta Imazek Peio Etxeberria-Zabaletaren kontra neurtuko dituzte indarrak. Etxeberriak ez zuen jokatu atzo Sestaon. Baina biharko prest da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.