Aspeko bi pilotarik jantziko dute aurten Lehen Mailako binakako txapela: Jokin Altunak eta Julen Martijak, edo Peio Etxeberriak eta Jose Javier Zabaletak. Ez da ezer berria. Lehengo lepotik dauka burua Lehen Mailako jardunak. Aspaldikoa da Eibarko (Gipuzkoa) enpresaren nagusitasuna: binakako honetakoa kontuan hartuta, azken hogei txapeletatik bakarrak egin dio ihes, Unai Lasok 2022an irabazi zuen buruz burukoak, hain zuzen ere.
Baina badago aldaketa esanguratsu bat: Aspeko bi bikotek jokatuko dute finala martxoaren 31n, Iruñean, Nafarroa Arenako frontoian. Enpresa horretako pilotariak askotan aritu dira elkarren aurka azken urteetan buruz buruko eta lau eta erdiko finaletan. Binaka, ordea, duela bost urte aritu ziren azkenekoz. 2019an, Danel Elezkanok eta Beñat Rezustak finala irabazi zieten Iker Irribarriari eta Zabaletari.
Hurrengo lau urteetan, berriz, beti aritu zen Baikoko bikote bat finalean: 2020an, Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak osatutakoa; 2021ean, Jon Ander Albisuk eta Jon Ander Peñak osatutakoa; eta 2022an eta iaz, Unai Lasok eta Ander Imazek osatutakoa. Aurten, ordea, Baikok ez du ordezkaritzarik izango. Bi bikote zituen finalerdietako ligaxkan, baina ez bata ez bestea ez da iritsi finalera. Bai Iñaki Artola eta Imaz, bai Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena erdibidean geratu dira. Horrek Asperen aldeko joera indartu du.
Ikusi gehiago
Finala jokatuko duten lau pilotarietatik Peio Etxeberriak bakarrik izango du lehen aldia. Zabaleta, Martija eta Altuna III.a finala jokatutakoak dira. Zabaleta aritu da aldi gehienetan: seigarrena jokatuko du. Aurreko bostetatik lau irabazi ditu: 2013an, haren lehen parte hartzean, Juan Martinez de Irujorekin; 2018an, Joseba Ezkurdiarekin; 2021ean, Elezkano II.arekin; eta iaz, Aitor Elordirekin. Bosgarrenez irabaziko balu, binakakoan txapel gehien dituzten hiru pilotarirekin berdinduko luke: Antxon Maizekin —bera da binakakoan txapel gehien irabazi dituen atzelaria—, Julian Retegirekin eta Irujorekin. Etxarrengo (Nafarroa) atzelaria nagusi da azken urteetan binakakoan.
Koska bat beherago, baina bikain dabil Martija ere azken urteetan. Hirugarrenez jokatuko du finala. Aurreko biak irabazi zituen: 2020an, Ezkurdiarekin; eta 2022an, oraingo bikotekide berberarekin, Altuna III.arekin. Etxeberriko (Nafarroa) pilotaria da bi txapel irabazi dituen atzelaririk gazteena: 26 urte ditu.
Altuna III.ak, berriz, bigarren finala izango du. Duela bi urtekoa irabazi zuen, Martijarekin, eta hori eginda, hiru modalitateetan txapeldun izan diren zortzi pilotarietako bat bilakatu zen. Retegi II.a, Fernando Arretxe, Irujo, Aimar Olaizola, Abel Barriola, Mikel Urrutikoetxea eta Oinatz Bengoetxea dira beste zazpiak. Haien artean Retegi II.ak, Irujok eta Olaizola II.ak bakarrik irabazi dute gutxienez bitan txapela modalitate bakoitzean. Zerrenda ikusgarri horretako laugarren kidea izango da Altuna II.a irabazten badu. Hori egin duen gazteena litzateke: 28 urte egin berritan lortuko luke.
Peio Etxeberriak, berriz, lehen aldiz jokatuko du finala. Binakakoan aritu den bigarren aldian lortu du. Iaz, estreinakoan, kanporaketan esan zuten agur hark eta Rezustak. Bigarren finala du maila nagusian, azaroan lau eta erdikoarena jokatu eta gero. Azken bi txapelketetako finalak jokatuko ditu, eta horrek meritu handia du.
Finala jokatuko duten bi bikoteak hirugarren aldiz ariko dira elkarren aurka binakakoaren ekitaldi honetan, eta estatistikak Peio Etxeberriaren eta Zabaletaren aldekoak dira nabarmen, bi partidak irabazi baitizkiete Altuna III.ari eta Martijari: 22-19 Gasteizen, lehen ligaxkako bederatzigarren jardunaldian; eta 22-14 toki berean, finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldian. Baina finalak oso bestelako partidak dira.
B Seriean, Baiko nagusi
Maila nagusiaren kontrakoa gertatu da B Seriean, eta Baikoko bi bikotek jokatuko dute finala larunbatean, Iruñean, Labriten: Asier Agirre eta Martxel Iztueta Iker Larrazabalen eta Iosu Eskirozen aurka ariko dira. Larrazabalek eta Eskirozek bigarrenez jarraian irabazi nahi dute txapela. Bigarren Mailan egindako lan oso onak Baikori balioko dio maila nagusian gertatutakoak eragindako atsekabea arintzeko.
arrizabalaga eta erasun, txapeldun
Olatz Arrizabalagak eta Itxaso Erasunek Emakume Master Cupeko Binakako Mastersaren txapela jantzi zuten igandean, Arrasateko (Gipuzkoa) Uarkape pilotalekuan. Aurrelari gernikarrak eta atzelari zizurkildarrak 22-16 hartu zituzten mendean Maddalen Etxegarai eta Enara Gaminde. Neurketa gogorra izan zen. Txapeldunak 13-15 joan ziren atzetik, baina lehia irauli zuten azken txanpan, 9-1eko partziala lortuta. Arrizabalagak bosgarren txapela du Emakume Master Cupeko binakakoan; Erasunek, berriz, lehena.