Euskal Herriko Itzulia

Joao Almeidak Eibarren biribildu behar ditu lanak

Euskal Herriko Itzuliak gaur izango du azken etapa, Eibarren. Txirrindulariek zazpi mendate igo beharko dituzte, horietatik hiru lehen mailakoak. Almeida lider da, baina sailkapen nagusiko lehen hiru ziklisten artean 38 segundoren aldea baino ez dago.

Joao Almeida, elastiko horia soinean, podiumean. MIGUEL TOÑA / EFE
Joao Almeida, elastiko horia soinean, podiumean. MIGUEL TOÑA / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko apirilaren 12a
10:34
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur amaituko da aurtengo Itzulia, eta ohi bezala, Eibarko etapa klasikoa egingo dute bukatzeko. Untzaga plazatik abiatuko da lasterketa, eta hantxe bertan amaituko dute ziklistek beren jarduna: 153 kilometro guztira. Aurreko hiru egunetako etapa gorabeheratsuen ostean, azken ahalegina egin beharko du tropelak; ez nolanahikoa, gainera. Zazpi mendate igoko dituzte, horietatik hiru lehen mailakoak; Azurki (5,1 kilometro eta %7,4ko pendiza), Krabelin (5 kilometro eta %9,6) eta Izua (4,1 kilometro eta %9,2).

Lehen biak etapa hasieran igoko dituzte, aurreneko 50 kilometroetan, eta Izuak helmugatik 40 kilometrora izango du gaina. Etapa urterokoa izan arren, badu aldaketaren bat: birritan igoko dute Trabakua (3,3 kilometro eta %7,1), lehenik hasieran, eta bukaeran gero —eguneko azken mendatea izango da—. Era berean, aurten ez dira Gorlara igoko; Karabietak ordeztuko du (6,6 kilometro eta %6,7).

Joao Almeida (UAE) dago lider, eta lasterketako txirrindularirik indartsuena dela erakutsi du orain arte. Baina gaur biribildu beharko du egindako lana, azken urteetan lider aldaketa izan baita amaierako etapan. UAE taldeak badu eskarmentua horretan. Izan ere, 2021ean maillot horiak azken egunean egin zion ihes. Brandon McNultyk zeraman soinean. Aurrekari horri aurre egin nahi dio Almeidak. Garrantzi handia izango du estrategiak eta ondo kokatuta egoteak.

Aurkariak ez ditu aparte Almeidak. Max Schachmann (Soudal) 30 segundora dago; Florian Lipowitz (R. Bull), 38ra; Ilan van Wilder (Soudal), 49ra; eta Mattias Skjelmose (Lidl), 50era. Txirrindulari horiek liderra estu hartzen ahaleginduko dira. Lehen euskal txirrindularia Alex Aranburu (Cofidis) da; zazpigarren dago, 1.37ra.

Itzulia. 6.etapa
Itzulia. 6. etapa

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.