Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzaileak «pare bat aldiz» ikusi du aurreko larunbatean bere taldeak Besançonen aurka Europako Ligako hirugarren kanporaketan jokatutako partida. Bederatzi golen aldeaz galtzen egon ziren, 30-21, baina azken hamar minutuetan suspertu egin ziren, eta azkenean hiru golez baino ez zuten galdu. Multzoen fasean egoteko, desabantaila hori irauli beharko dute bihar, Gaska kiroldegian (12:10, ETB1).
Donostiarren sasoiko helburuetako bat da Europan ondo aritzea, eta Alvarezek argi du zer egin beharko duten horretarako: «Defentsan oldarkorrago eta adiago egon beharko dugu, eta erasoan haien faltak saihestu. Izan ere, joanekoan hori baliatu zuten gure joko erritmoa eteteko». Joaneko norgehiagokakoikasgaia ondo ikasita daukate, eta bihar hori praktikan jartzeko tartea iritsiko zaie. «Gauza asko ondo egiten dituen talde bat izango dugu aurrean, eta horrek gure onena ematera behartuko gaitu. Baina posible ikusten dut kanporaketa iraultzea. Etxean jokatuko dugu, eta zaleek ere lagunduko digute». Gaska bete egingo da.
Hiru helbururekin irtengo dira.Jokalariekin behin baino gehiagotan komentatu ditu aste honetan, eta ordena honetan egin nahi dute: «Ondo jokatzera, partida irabaztera, eta ahal bada hiru gol baino gehiagoren aldeaz nagusitzera irtengo gara». Hori lortzeko «zentzuz eta patxadaz» jokatu behar dutela uste du. «Ez dugu ero moduan partidaren bila joan behar. Horrek presaka jokaraziko liguke, eta akats inozoak eginarazi. Ondo jokatzeko jarri behar dugu arreta osoa, horrek irabazteko modua emango baitigu. Azken bost minutuetara arte ez diogu emaitzari begiratu behar».
Intentsitatea ere aipatu du, defentsako lana hobetzeko. «Haien parean ibili beharko dugu alor horretan».Autokritika eginez, joanekoan ez zela horrela izan aitortu du Alvarezek, eta faltetanjarri du arreta. Datu adierazgarri bat eman du: frantziarrek 34 egin zituzten, eta beraiek 20 baino ez. «Normalean, falta gehien egiten dituen taldeak gertuago izaten du garaipena». Defentsan zein erasoan izan zuen eragina falten alor horrek, Alvarezen esanetan. «Datu horrek erakusten du une batzuetan gure defentsa ez zela gai izan haien erasoa geratzeko. Bestalde, falten bidez gure erasoko jokoak nahi baino segida gutxiago izatea lortu zuten».
Batzuetan, aurkaria fisikoki indartsuagoa delako gertatu ohi da hori, baina kasu honetan ez zen horrela izan. «Gu baino talde apur bat fisikoagoa da. Baina ez dut uste bion arteko aldea horren handia denik. Arreta kontua izan zen batez ere. Aurreko denboraldian gai izan ginen Paris kanporatzeko, eta uste dut Besançon baino gehiago zela fisikoki».
Defentsan hobeto arituz gero, frantziarrak eraso luzeagoak egitera behartuko dituztela nabarmendu du Alvarezek. «Hala jokatuta ez da erasorik egongo. Izan ere, erasoan bizi eta pase gutxirekin jokatzea gustatzen zaie. Horretarako, erdikoek bizi mugitzen dute baloia».
Bestalde,uste du erasoan «ondo» aritu zirela joanekoan.«Etxetik kanpo partida batean Europan 29 gol sartzea bada zerbait. Baina baloia bizkorrago mugitu beharko dugu , haien faltak saihesteko».
Aldaketa «gutxi» aurkariak
Besançonen aldetik ez du aldaketa handirik espero. «Asteazkenean Nizaren aurka jokatu zuten, eta tarte batzuetan 5-1eko defentsarekin aritu ziren. Baliteke hemen ere hala jokatzea».
27-28 galdu zuten partida. «Beste talde bat zirudien, batez ere intentsitatean. Baina ez naiz fio. Haientzat ere oso partida inportantea da igandekoa [biharkoa], eta gerta liteke horretan pentsatzen aritzea».
Joanekoa ikasgai dutela
Bera Berak hiru golen aldea irauli behar du bihar Besançonen aurka, Europako Ligako multzoen fasean egoteko. Gaska bete egingo da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu