Saskibaloia

Joan-etorri asko izan dituzte Baskoniak eta Bilbo Basketek

Denboraldiaurre betean daude ACB ligako bi euskal taldeak. Baskoniak bost fitxaketa egin ditu, eta Bilbo Basketek, sei. Lehiaketa datorren asteburuan abiatuko da.

Nikos Rogkavopoulos (Baskonia) eta Kristian Kullamae (Bilbo Basket). MIGUEL TONA / EFE
Nikos Rogkavopoulos (Baskonia) eta Kristian Kullamae (Bilbo Basket). MIGUEL TONA / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko irailaren 21a
05:05
Entzun

Astebete eskas falta da ACB liga hasteko, eta bertan lehiatzen diren bi euskal taldeak, Baskonia eta Bilbo Basket, denboraldiaurreko azken astean murgilduko dira gaurtik aurrera. Biek aldaketa ugari izan dituzte. Baskoniak zazpi jokalari galdu ditu, eta bost fitxaketa egin ditu, oraingoz. Aldaketa nabarmenena, ordea, aulkian dago. Pablo Laso gasteiztarrak hartu du Dusko Ivanovicen postua. Bilbo Basketen, berriz, Jaume Ponsarnauk jarraituko du Miribillako aulkian. Zortzi jokalari galdu ditu teknikari kataluniarrak, eta sei jokalari berri izango ditu. Biek ala biek iragan sasoia hobetzea dute xede.

Aro berri bat abiatuko du Baskoniak sasoi berriarekin batera. Aurreko denboraldian Espainiako Kopatik eta ligako kanporaketetatik kanpo gelditu ziren gasteiztarrak, eta hori ezin da berriro gertatu. Ontzia portu onenetara eramateko, esperientzia handiko kapitaina fitxatu du talde arabarrak: Pablo Laso, herriko semea.

Jokalariei dagokienez, hainbat jokalari garrantzitsuk utzi dute taldea. Cody Miller-Mcintyre, Vanja Marinkovic eta Matt Costtelo Euroligako beste talde batzuetara joan dira;  Chriss Chiozzak, Mike Kotsarrek eta Dani Diezek ere ez dute Gasteizen jokatuko sasoi honetan.

Baskoniako jokalariak eta entrenatzailea. ADRIAN RUIZ HERRERO / EFE
Baskoniako jokalariak eta entrenatzailea. ADRIAN RUIZ HERRERO / EFE

Taldeko izarra, ordea, Arabako hiriburuan gelditu da. Markus Howardek kontratua berritu zuen, eta zaleen gozagarri izango da beste urtebetez, behintzat. Harekin batera multzoa segitzen dute, besteak beste, Tadas Sedekerskis kapitainak eta Chima Monekek. Hirurak dira Baskoniaren bizkarrezurraren parte, eta hirurak Gasteizen gelditzea da klubak egin duen mugimendurik onena.

Bost aurpegi berri ere izango ditu taldeak, eta, kromo guztiak mahai gainean jarrita, aurreko sasoian baino talde osoagoa atondu du zuzendaritzak. Thimote Luwawu-Cabarrot eskolta eta Donta Hall pibota Frantziako Ligatik iritsi dira. Biak dira oso jokalari fisikoak, baina oso desberdinak. Lehenak esperientzia, puntuak eta defentsako lana emango dizkio taldeari; bigarrenak, berriz, saski azpiko jokoa. Iaioa da saskiaren gainetik jokatzen, eta defentsan zein errebotean asko eman diezaioke taldeari. Pibot postu horretan, ordea, oso jokalari antzekoak izango ditu Lasok. Khalifa Diopek ere antzeko gaitasunak baititu. Iragan sasoian Costellok alda zezakeen pibotaren jokoa, baina oraingoan ez da halako jokalaririk izango.

Beste hiru fitxaketak antolatzailearen postuan iritsi dira. Oso desberdinak dira hirurak, gainera. Trent Forrest eta Kamar Baldwin lehen aldiz arituko dira Euroligan. Forrest NBAko Atlanta Hawksetik iritsi da. Asistentziak banatzea da haren gaitasun handiena. Zuzendaria da pistan, eta oldarkorra defentsan. Kamar Baldwin, berriz, saskiratzailea da, eta eskolta moduan ere joka dezake. Puntuak sartzeko bide asko ditu: urruneko jaurtiketak, barneraldiak edo bi biren aurkako jokaldiak. Ogjnen Jaramaz, berriz, esperientzia handiko antolatzailea da. Ondo ezagutzen ditu ACB liga eta Euroliga, eta osagarri ona izango da antolatzailearen postuan.

Apustuak Bilbon

Bilboko bulegoetan ere lan handia izan dute aurtengo udan. Rafa Pueyo azkar mugitzen da udaran, eta aurten ere hala izan da. Zortzi jokalarik taldea utzi duten arren, azkar fitxatu ditu beste sei jokalari. Orain, Ponsarnauri dagokio instrumentu bakoitzarekin orkestra osatzea.

Harald Freyk hartuko du Alex Renfroek utzitako antolatzailearen postua. Norvegiarrak Melwin Pantzarrekin tartekatuko du postu hori. Pantzarrek bigarren urtea egingo du Bilbon, eta erasoan are garrantzitsuagoa izango da denboraldi honetan. Frey, berriz, beste molde bateko jokalaria da: antolatzaile petoa, eta blokeo zuzenetan maisua.

Bilbo Basketeko jokalariak eta teknikari taldea. BILBO BASKET
Bilbo Basketeko jokalariak eta teknikari taldea. BILBO BASKET

Erasoko jokoa osatzeko Muhammad-Ali Abdur-Rahkman eta Tomasz Gielo ekarri ditu Pueyok. Lehenengoak Adam Smithen tokia hartuko du eskolta postuan. Saskiratzaile aparta da, eta hark izango du puntuak sartu beharraren motxila bizkar gainean. Gieloren gaitasun handiena ere erasoko jokoa da. Hegal-pibot modernoa da, urrutiko jaurtitzaile fina. Ruben Dominguez jokalari gaztea ere ekarri dute Castellotik. Espainiarra da bilbotarrek bigarren mailatik ia urtero ekartzen duten apustua. Jaurtitzailea da, eta indartsua buruz buruko jokaldietan.

Saski azpiko jokoa da Pueyok gehien indartu duena. Tryggvi Hlinason Bilbon gelditu da. Jokalari garaia da oso, pibot klasikoa. Eta hura kantxan dagoenean defentsa modu desberdinak probatzeko modua eman zion iragan sasoian Ponsarnauri. Sacha Killeya-Jonesen tokia, berriz, Marvin Jonesek eta Amar Sylla gazteak hartuko dute. Lehenak esperientzia dauka Europan eta Europako txapelketetan. Indarra, puntuak eta ikuskizuna emango dizkio taldeari. Sylla ere antzeko jokalaria da, baina gaztea. Pixkanaka-pixkanaka sartuko da Ponsarnauren planetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.