Joan da Isak; badator Herrera

Newcastlek 70 milioi euro ordainduko dizkio Realari aurrelari suediarrarengatik. Erdilari bilbotarra libre itzuliko da Athleticera, talde zuri-gorria utzi eta zortzi urte geroago

BERRIA.
Jon Ander De la Hoz - Aitor Manterola
2022ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Sutan egon ziren atzo Realaren eta Athleticen bulegoak, klub bakoitzeko ordezkariek eragiketa bana egin baitzuten. Munta handikoak dira biak, nahiz eta ezaugarri oso ezberdinak eduki. Realak Alexander Isak saldu dio Newcastleri, 70 milioi euroren truke. Athleticek, berriz, Ander Herrera fitxatuko du, ordaindu beharrik gabe. Oso bestelako mugimenduak izan arren, talde bakoitzaren osaera baldintzatuko dute biek.

Isaken agurrak astindu egin du Realaren ingurua. Ez alferrik, taldeak jokalari garrantzitsu bat galduko baitu hasi berri den sasoirako. Salmentaren xehetasunek sortu dute harrabotsa, ordea: Ingalaterrako Newcastle taldeak 70 milioi euro ordainduko dizkio Realari, gutxienez. Realak egin duen salmentarik garestiena da.

Newcastlek hilabeteak egin ditu Isaken arrastoari segika, harik eta proposamen zehatza egin duen arte. Jokin Aperribairen zuzendaritzak onartu egin du eskaintza, baztertu ezinezkoa zela iritzita, eta akordio bat lortu dute: 70 milioi euroez gain, Realak beste bost milioi jasoko ditu Ingalaterrakoek kirol arloko zenbait helburu lortuz gero.

Halaber, Newcastlek Isak beste talde batera saltzen badu, Realak jasoko du salmenta horren %10. Guztira, 80 milioi euro baino gehiagoko eragiketa izan daiteke. Oraingoz, bi klubek ez dute akordioa ofizial egin.

Realak 2019-2020ko sasoirako fitxatu zuen Isak, Borussia Dortmund Alemaniako taldetik. Orduko hartan hamar milioi euro ordaindu zituzten donostiarrek. Txuri-urdinekin egin dituen hiru sasoietan, maila onean aritu da, eta zaleen kutunetako bat bilakatu da 22 urteko jokalaria —datorren hilean beteko ditu 23 urte—.

Lehendabiziko denboraldian, hamasei gol egin zituen —bederatzi Espainiako Ligan, eta zazpi Kopan—; bigarren urtean, hamazazpi —guztiak, ligan—, eta iragan sasoian, hamar —sei ligan, hiru Europa ligan, eta bat Kopan—. Sasoi honetan ere egin du gol bat Realarekin; igandean egin zuen, Bartzelonaren aurkako partidan. Hiru urtean, Isakek Espainiako Kopa bat irabazi du Realarekin, eta hiru aldiz segidan sailkatu da Europarako. Orotara, suediarrak 132 partida jokatu ditu txuri-urdinekin, eta 44 gol sartu.

Realak Isaken hutsunea betetzeko ardura izango du. Taldea larri dago aurrelari petoen kopuruari dagokionez. Imanol Alguacilek Jon Karrikaburu eta Mohammed-Ali Cho soilik ditu jokatzeko prest, Carlos Fernandezek min hartu ondotik. Zazpi egun barru itxiko da udako merkatua.

Merkatuko aukera baliatuta

Athleticek ere merkatuaren egoera aprobetxatu du Ander Herrera fitxatzeko. Bi denboraldirako kontratua sinatzekotan dira bi aldeak, eta, horrenbestez, Herrera Athleticera itzuliko da. Aurrez, zuri-gorriekin aritu zen 2011tik 2014ra bitartean: 128 partida jokatu zituen guztira, Espainiako liga eta Kopa, eta Europa liga kontuan hartuta; 11 gol sartu zituen, eta goleko hogei pase eman.

Taldea uztea erabaki zuen gero, eta Europako handienetako batera joan zen: Manchester Unitedera. Ingalaterrako taldeak haren etete klausula ordaindu zion Athletici: 36 milioi euro. Bost sasoi osatu zituen han, eta ondoren, PSGn egin ditu azkeneko hiru denboraldiak. Kontratua zeukan Parisko taldearekin beste bi sasoirako, baina eten egin dute, bi aldeek horrela adostuta.

Palmares oparoa biribildu du Europako bi talde handi horietan. Ingelesekin Superkopa, Kopa eta Ligako Kopa bana irabazi zituen. Frantziarrekin, berriz, bi aldiz bereganatu du liga, Kopa eta Superkopa, eta behin ligako kopa. 33 urte egin berri ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.