Joan bezala etorriko da

Denboraldiko sasoirik onenean dagoela egingo dio bisita Anoetari bihar Antoine Griezmannek. «Partida berezia» izango du, estreinakoz ariko baita Realaren kontra, baina ez du gupidarik izango.

jon eskudero
Donostia
2014ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Duela bi aste, Malmoeren aurkako Txapeldunen Ligako partidaren atarian, garbi mintzatu zitzaion Diego Pablo Simeone Atletico Madrileko entrenatzailea Antoine Griezmanni (Macon, Frantzia, 1991). Hauxe adierazi zion: beragandik gehiago nahi zuela, taldearen euskarrietako bat bihurtzeraino. Ezin hobeto erantzun zion Realeko jokalari ohiak, bikain jokatzeaz gain gol bat ere sartu baitzuen. 5-1 irabazi zuen Atletico Madrilek. Hortik egun gutxira, Kordobaren kontrako ligako partidan, hasieratik jokatu zuen berriz ere Griezmannek. Sasoi ona berretsi zuen, lehen bi golak sartuta garaipena bideratu baitzion taldeari (4-2). «Nahi nukeen jokalaria bilakatzen ari da», adierazi zuen Simeonek lehia amaitzean.

Hala ere, Atletico Madrili neurria hartzea ez zaio erraza gertatzen ari frantziarrari. Denboraldi hasieran halaxe aitortu zuen jokalariak berak. «Atletico Madrilekin lan saio bat egitea Realarekin partida bat jokatzearen gisakoa da. Arnasestuka ibiltzen naiz, eta hanketan pisua sentitzen dut». Simeoneren izaera eta eskakizunak direla tarteko, sufritzea tokatu zaio Griezmanni. Ondo sufritzea ere. «Hasieran harrituta geratu nintzen lan saioetan egoten den intentsitatearekin. Ohitzen ari naiz pixkanaka, eta taldera egokitzen». Dena den, eta partida ofizial guztietan parte hartu duen arren, oraindik ere ez du bakar bat osorik jokatu. «Fisikoki sasoi onenera heldu gabe nago».

Ondorioz, hasierako hamaikakoan toki finkorik gabe dago oraindik. Raul Garcia nafarrak egin izan ditu sarritan erdi-punta lanak, eta Griezmann bigarren zatietan zelairatzeko gorde izan du Simeonek, partidak hausteko. Hori bai, azken neurketetan pauso garrantzitsuak eman ditu entrenatzailearen konfiantza irabazteko. Indar eta presio lanean hobera egin du, defentsan ere lagunduz aritu da, bizkor eta sakon jokatu du, eta, ezeren gainetik, golak sartu ditu. «Elkarrekin asko hitz egiten dugu Simeonek eta biok, eta gauza horiek eta gehiago eskatzen dizkit. Egunero gogor lan egin nahi dut, eta etorkizuneko jokalari izateari utzi eta taldean pieza garrantzitsu bihurtu». Dudarik gabe, bide horretan da. Lehiaketa guztiak aintzat hartuta, lau gol daramatza, eta jada taldeko bigarren golegilerik onena da.

Beraz, Atletico Madrilen dagoenetik sasoirik onenean dela bisitatuko du Anoeta, bihar, 21:00etan. «Nire talde ohiaren kontra jokatuko dut, eta oso partida berezia izango da». Izan ere, Reala bihotzean darama Griezmannek. 13 urte besterik ez zuela egin zituen maletak Macondik Donostiarako bidea hartzeko, eta Zubietako harrobian egin da futbolari.

Gazte mailako jokalaria zela eman zuen lehen talderako pausoa, bigarren taldetik igaro ere egin gabe, Martin Lasarte uruguaitarraren eskutik, 2009an. Lehenengo momentutik erakutsi zuen jokalari ona izateko dohain apartak zituela, eta, pausoz pauso, helburuak betez joan da. Besteak beste, Frantziako selekzioko jokalaria da egun.

Guztira 202 partida jokatu zituen elastiko txuri-urdinarekin, eta 52 gol sartu. Iragan sasoian Realeko jokalari onenetako bat izan zen, hamasei gol sartuta, eta haren hutsunea oso nabaria da orain Donostiako taldean. «Reala garai txarrean dago, eta derrigorrean irabazi beharra dauka. Anoeta zelai gaiztoa da edozein talderentzat, baina nik ezin nezake gupidarik izan. Hori bai, golen bat sartzen badut, ez dut ospatuko». Bistan denez, txuri-urdinek kate motzean lotu beharko dute frantziarra, joan zen bezala etorriko baita: garaipen eta gol gosez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.