MENDIA

Jesus Bailok eta Uxue Frailek irabazi dituzte Ehunmiliak

Bailok 24.24.50ko denbora egin du. Uxue Frailek, 29.19:43koa.

Fraile, bart, helmugaratzen. GOIERRIKO HITZA
Julen Etxeberria - Jon Ordoñez Garmendia
2023ko uztailaren 8a
20:51
Entzun

Jesus Bailo eta Uxue Fraile izan dira aurten Ehunmiliak lasterketako irabazleak. Fraile bart goizaldean helmugaratu da, 29.19.43ko denborarekin, Beasainen (Gipuzkoa). Etzegaraten ia hiru orduren aldea zuen bigarren sailkatuarekin, eta, azkenean, bi ordu eta erdi geroago iritsi da Joanna Pawelczak poloniarra (31:54:05). Hirugarren Chaveli Peris izan da, sei ordura. (35:20:57).

Ehunmiliak lasterketa 168 kilometro luze da, eta 11.000 kilometroko desnibel positiboa du. Bailo atzo iritsi zen; 24.24.50eko marka egin zuen helmugan. Espainiarra bigarren izan da kilometro askoan, Igon Manzisidor debarraren atzetik, baina Etzegarate pasatuta jarri da lehen postuan, eta eutsi egin dio helmugara arte. Manzisidor bigarren izan da azkenean, hogei minuturen buruan: 24.44.56. Bailok ia bi ordu eta erdian hobetu du iaz egin zuen marka. Orduan, zazpigarren izan zen.

Goierriko Bi Handiak proban, berriz, Ioseba Eskudero idiazabaldarra eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarra nagusitu ziren atzo. Eskuderok 10.12.32ko marka egin zuen. Fidel Fernandez sailkatu zen bigarren (10.41.11), eta Iñigo Arantzamendi hirugarren (10.41.45). Azkorbebeitiak, berriz, 12.40.43ko denbora egin zuen. Larraitz Aragon helmugaratu zen bigarren (13.18.06), eta Izaskun Sanz hirugarren (13.48.01). Goierriko Bi Handiak lasterketa 88 kilometro luze da, eta 6.000 metroko desnibela.

Gaur amaituko da Ehunmilien festa. Marimurumendi maratoia jokatuko dute, 08:00etan hasita: 42,195 kilometro luze da, eta 2.300 metroko desnibel positiboa du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.