Hirugarren eguna du gaur Espainiako Futbol Federazioko presidente ohi Luis Rubialesen aurkako epaiketak. Gaurkoan deklaratu dutenen artean izan dira Jennifer Hermosoren anai Rafa Hermoso, Espainiako futbol federazioko emakumezkoen futboleko komiteko buru Rafa del Amo—nafarra da— eta Misa Rodriguez futbolaria. Del Amo argi mintzatu da: «Rubialesi esan nion Jenniri barkamena eskatzeko, baina ez zuen nahi izan. Esan zidan ez zuela zertan, txantxa bat izan zela». Hermosok, berriz, salatu du Jorge Vilda hautatzaile ohiak presioa egin ziola.
Del Amok azaldu du Rubialesek berak kontatu ziola gertatutakoa. «Itzulerako hegazkinean izan zen. Muturra okertu nion, ez zitzaidalako batere gustatu kontatu zidana. Ondoren, pilula bat hartu eta bi orduz lo hartu genuen». Esnatzean Vildarekin hizketan ikusi zuen Rubiales: «Jenniren anaiarekin hitz egiteko eskatzen ari zitzaion, akordio bat egin eta gertatutakoa konpontzeko. Orduan esan zidan barkamena eskatzeko bideo bat egingo zuela. Argi esan nion oker zebilela, eta Jenniri eskatu behar ziola barkamena zuzenean».
Del Amok berretsi du negarrez ikusi zuela Ivana Andres futbolaria. «Asko nahigabetu nintzen hegazkinean, gustuko ez nituen gauzak ikusi nituelako. Jenniri eta haren inguruari presioa egiteaz hitz egiten aritu ziren. Hegazkinaren atzealdean Ivana negarrez ikusi nuen, eta azaldu zidan berari ere bideo bat grabatzeko agindu ziotela. Nik esan nion ez zuela zertan halakorik egin».
Gainera, berretsi du txapelketan behin baino gehiagotan aholkatu ziola Rubialesi hotelez aldatzeko. «Jokalarien hotel berean zegoen, eta presio handiegia egiten zien bai jokalariei bai hautatzaileari».
Rafa Hermosori arrebak kontatu zion Rubialesek musu eman ziola: «Zelaira jaistean izan zen. Elkar besarkatu genuen, zoriondu nuen eta orduan kontatu zidan. Azaldu zidan indarra erabilita musukatu zuela Rubialesek, eta nazka eman ziola». Aireportuan kezkatuta eta urduri ikusi zuen arreba: «Esan zidan ez hitz egiteko publikoki gertatutakoaz, Federaziotik presioa egiten ari zitzaizkiola gertatukoari garrantzia kentzeko».
Kontatu duenez, Vilda hiru aldiz gerturatu zitzaion hegazkinean zeudenean: «Lehen bietan lo harrapatu ninduen, eta hirugarrenean hasi ginen hizketan. Adeitsu etorri zen, eta berak aipatu zuen musuaren gaia. Esan zidan biek onetsitako zerbait izan zela, ez zuela garrantzirik, eta gehiegizko oihartzuna izaten ari zela. Kezkatuta zegoen, Rubialesen alabak negarrez zeudelako eta haren kargua auzitan egon zitekeelako. Orduan esan zidan presidenteak bidali zuela, eta eskatu zidan arreba konbentzitzeko, hark bideo bat egin zezan, hori baitzen onena denentzat». Hermosok berehala erantzun zion: «Esan nuen ez nuela halakorik egingo, ni ere ez bainengoen horrekin ados. Haserretzen hasi zen, eta esan zidan presidenteak mesede asko egin zizkiola nire arrebari, eta hori zela egin beharreko gutxienekoa, bidezkoena. Nik ezetz esan nion berriz».
Misa Rodriguezek aldagelan jakin zuen gertatutakoa: Hermosok berak kontatu zion, eta hegazkinean jakin zuen bideo bat egitera behartu nahi zutela. «Berak ez zuen nahi. Atseden hartu nahi zuen. Triste zegoen, gaizki. Behin baino gehiagotan ikusi genuen negarrez, Rubialesekin hitz egin eta gero. Esan zigun bideo bat egitera behartu nahi zutela, baina berak ez zuen nahi». Halaber, berretsi du Vilda ikusi zuela senideen gunean, Hermosoren anaiarekin hizketan.