Rodrigo Bruni: «Jean Dauger zelaian bezala jokatzea espero dut»

Baionak Top14 ligako partida jokatuko du igandean, Anoetan (21:05), Toulonen aurka. Bruniren ustez, ligako talde guztiak «paretsuan dabiltza».

Rodrigo Buni. AVIRON BAIONA
Rodrigo Bruni. AVIRON BAIONA
Iñaki Berastegi.
2024ko martxoaren 29a
05:05
Entzun

Igandean, Baionak seigarren aldiz jokatuko du Anoetan etxeko talde gisa, baina Rodrigo Brunirentzat (Tandil, Argentina, 1993) lehenengo aldia izango da, aurten ailegatu baita taldera. «Ilusioz hartu dugu Donostian jokatzeko aukera». Iaz, Paueren aurkakoan, 38.646 lagun joan ziren Anoetara.

Liga amaitzeko zazpi jardunaldi falta diren honetan, hiru puntura duzue seigarren sailkatua eta seira azken-aurrekoa. Nola ikusi duzu taldea orain arte?

Goialdean dauden taldeetatik eta behekoetatik gertu gaudela ikusita, agerikoa da partida bakar batek postu on batean jar gaitzakeela, baina baita ataka zail batean ere. Asteburuero dena ematera eta partida guztietan amaierara arte lehiatzera behartzen zaitu ligako taldeak hain parekatuta egoteak.

Philippe Tayeb Baionako presidenteak zioen ondo legokeela aurreneko zortzi edo hamar sailkatuen artean amaitzea. Bat zatoz iritzi edo helburu horrekin?

Bai, bat egiten dut presidenteak esan duenarekin, baina, era berean, beti nahiago izaten dut helburu zertxobait handiagoa jarri. Guri lehiatzea gustatzen zaigu, eta helburua zenbat eta handiagoa izan, orduan eta hobeto. Ez badugu lortzen, ez da ezer gertatzen, baina horretarako ari gara lanean.

Klubak handitzen jarraitzeko anbizio handia erakutsi du. Jokalariek ere nabaritzen duzue hori?

Bai, taldearen osaeran eta fitxaketetan nabaritzen da gehienbat. Taldean jarraituko dugunekin eta etorriko direnekin talde ona osatuko dugu hurrengo denboraldian, eta barne lehia handia izango dugu; hazten lagunduko digu.

Etxeko partida guztiak irabazi dituzue, baina, sailkapenean beste urrats bat egiteko, etxetik kanpo ere neurketaren bat irabaztea falta zaizue.

Bai, baina talde guztiak antzera gabiltza, guztiak baikara oso indartsuak etxean. Gu etxean oso ondo ari gara, eta ea horrela jarraitzen dugun. Arroxelaren aurka, puntu batengatik irabazi dugu etxean, eta, haien zelaian, bost punturen aldearekin galdu genuen. Paretsuan gabiltza denak, eta oso zaila da talde horiek menderatzea. Ohikoa da errugbian. 

Aurreko sasoian, Baionak etxeko partida guztiak irabazi zituen, Donostian jokatu zuena salbu. Horri buruz hitz egin duzue?

Hitz egin dugu pixka bat, bai. Etxean jokatuko dugu, baina, aldi berean, etxetik kanpo, nolabait esatearren. Edonola, etxetik gertu da, eta ilusioz hartu dugu Donostian jokatzeko aukera. Espero dugu Jean Dauguerren bezala jokatzea, eta partida handi bat egitea.

Toulon bosgarren sailkatuaren aurka jokatuko duzue Anoetan, eta irabaziz gero, aurreratu egingo zenituzkete. Partida oso garrantzitsua da.

Nire ustez, Arroxelaren aurkakoa baino garrantzitsuagoa da. Aurreneko sei sailkatuen artean sar gaitezke irabaziz gero. Toulon  talde oso fisikoa da, eta jokalari oso onak ditu. Dena den, uste dut gure maila emanez gero gai izango garela irabazteko.

«Arroxelaren aurkakoa baino neurketa garrantzitsuagoa da. Toulon talde oso fisikoa da, eta jokalari oso onak ditu. Dena den, gure maila emanez gero gai izango gara irabazteko»

Gwened eta Brive taldeetan aritu ostean, zure lehen denboraldia da Baionan. Nola egokitu zara?

Oso ondo egokitu naiz taldera eta hemengo bizitzara. Hizkuntzarekin —frantsesarekin— zailtasunak dauzkat oraindik ere, baina harreman ona egin dut jokalari batzuekin. Taldea asko gustatzen zait, eta hirian ere oso gustura nago. Hainbat argentinar daude taldean, eta hori laguntza handia da niretzat. 

Argentinarekin brontzea lortu zenuenez Munduko Errugbi Kopan, denboraldi hasieran ezin izan zenuen jokatu, eta kosta egin zaizu taldean sartzea. Zer moduz zaude orain?

Munduko Koparen ostean oso nekatuta ailegatu nintzen; polita izan zen, baina asko higatu ninduen. Orain hasi naiz egoerari buelta ematen, eta uste dut denboraldiaren azken txanpan gai izango naizela nire onena emateko. 

Toulonen aurkako partidaren ostean, Challenge kopako neurketa duzue Edinburgoren aurka. Zer helburu izango duzue orain Europako lehiaketan?

Gregory Patat entrenatzaileak oraindik ez digu esan zer asmo duen partida horretarako; goizegi da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.