TXIRRINDULARITZA

Jay McCarthy izan da azkarrena esprintean

Bora taldeko txiririndulari australiarrak irabazi du Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapa, Uribarri Gaubean. Ez da aldaketarik izan sailkapen nagusian.

Jay McCarthy, helmugan. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2018ko apirilaren 4a
12:54
Entzun

Esprinta espero zen Uribarri Gaubean, Itzuliko hirugarren etapan, eta esprinta izan da. Baina ez du irabazi faborito nagusiak, Michael Matthewsek (Sunweb), haren herrikide Jay McCarthyk baizik (Bora). Aleksandr Riabuxenko (UAE) eta Michal Kwiatkowski (Sky) sailkatu dira bigarren eta hirugarren. Matthewsek, berriz, zazpigarren postuarekin konformatu behar izan du, justu Julian Alaphilippe (Quick Step) liderraren atzetik. Seigarren izan da frantziarra.

Zortzi txirrindularik osatu dute eguneko ihesaldia: Aritz Baguesek (Euskadi-Murias), Jon Irisarrik (Caja Rural), Thomas de Gendtek (Lotto-Soudal), Christopher Juul Jensenek (Mitchelton), Ben Kingek (Dimension Data), Brendan Cantyk (First Drapac), Willem Jakobus Smitek (Katuxa) eta Pavel Sivakovek (Sky). Makina bat kilometro egin dituzte ihesean, eta sei minutu eta erdiko aldea izan dute, baina tropelean Matthewsen Sunweb taldea egurrean hasi eta aldea jaisten hasi da etengabe. Hori ikusita, iheslariak elkarren artean erasoka hasi dira. Azkenean, De Gendt eta Juul Jensen geratu dira bakarrik lasterketaren buruan. Michal Kwiatkowski eta David de la Cruz (Sky) batu zaizkie gero. Kataluniarrak eta danimarkarrak azken saiakera bat egin dute, baina alferrikakoa izan da haien ahalegina, eta tropelak harrapatu egin ditu helmugarako hiru kilometro falta zirela. Espero bezala, esprintean erabaki da etapa, eta McCarthy izan da azkarrena.

Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan. Bihar bai izango dira, Itzulia erabaki dezakeen 19,4 kilometroko erlojupekoa jokatuko baitute Lodosako inguruetan (Nafarroa). Roglic da faborito nagusia etapa irabazi, Alaphilipperi sailkapenean aurrea hartu eta maillot horia janzteko.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.