Erremontea

Javier Urrizak erretiroa hartuko du ekainaren 28an

Erremontista iruindarrak 43 urte ditu, eta hemezortzi urte daramatza profesionaletan jokatzen. Kirol ibilbide oparoa egin du, eta palmares ikusgarria lortu: 30 txapel irabazi ditu; tartean, zortzi banakakoan eta beste zortzi binakakoan.

Javier Urriza, agur esaten, gaur, prentsaurrekoan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Javier Urriza, agur esaten, gaur, prentsaurrekoan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Julen Etxeberria.
Donostia
2025eko urtarrilaren 27a
11:35
Entzun

Gaur hemezortzi urte egin zuen debuta erremonte profesionalean Javier Urrizak (Iruñea, 1981), Uharteko (Nafarroa) Euskal Jai Berri frontoian. Eta urteurren hori aukeratu du Urrizak erretiroa noiz hartuko duen esateko. Ekainaren 28an jokatuko du azkenekoz, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan. Aurretik, gutxienez beste hamar partida jokatuko ditu. Bat nabarmentzen da horien artean: apirilaren 11n etxean jokatuko duena, Labriten. Azken txapelketa bat ere jokatuko du: Sagardoarena, Erremontari E​​​TB1eko telebista saioan jokatzen dena. Finalerdiak eta finala jokatuko balitu, hamahiru partida jokatuko lituzke erretiroa hartu aurretik. Sarrerak salmentan daude jada.

Prentsaurreko batean eman du horren berri, Donostian, El Diario Vasco egunkariaren egoitzan. Hemezortzi urtetan bidelagun izan dituen hainbat lagun izan ditu ondoan: Seve Arzelus entrenatzailea eta botileroa, Ibai Baron prestatzaile fisikoa, Joxe Mari Barrenetxea Oriamendi 2010 enpresako arduraduna, Kike Elizalde intendentea, eta haren kirol ibilbidean aritutako hainbat erremontista: Koteto Ezkurra, Iñaki Lizaso, Jon Eizagirre, Endika Barrenetxea eta Imanol Ansa, besteak beste. Gertukoenek ere ez dute huts egin, senitartekoek eta lagunek.

Hunkituta azaldu da Urriza, eta, hori dela eta, haren erabakiaren berri eman eta berehala, haren sentipenak azaltzen dituen bideo bat jarri dute. Horretan azaldu du erabakia «zaila» izan dela, baina «konbentzituta» dagoela «garairik aproposenean» hartu duela. «Hemezortzi urte egin ditut profesionaletan, eta zoragarriak izan dira. Inoiz ez nuen pentsatuko horrenbeste lorpen bilduko nituenik. Erremontean ia esperientziarik izan gabe debutatu nuen, ikasteko eta hobetzeko helburuarekin eta noizbait onenekin nor baino nor gehiago jokatzeko ilusioarekin».

Bide distiratsua egin du, baina aitortu duenez, ez da erraza izan. «Erronka askori aurre egin behar izan diet, garai zailak egon dira, baina bide honek egunero neure burua gainditzera bultzatu nau, baita kirolari eta pertsona gisa garatzera ere; arrasto ezabaezina utzi du nigan, eta bizitza osoa iraungo du».

«Izugarri eskertuta» azaldu da bidean lagundu diotenekin. Lehenbizi, eskerrak eman dizkie debutatzeko aukera eman zion enpresari eta oraingoari, Oriamendiri, «horrenbeste urtez erremontean lehiatzeko eta erremonteaz gozatzeko aukera emateagatik eta erremontea goraka eramateagatik».

«Konbentzituta utziko dut, asebeteta, bizi izandako guztiagatik zoriontsu, eta lortutakoagatik harrituta, baina, batez ere, oso eskertuta»

JAVIER URRIZAOriamendiko erremontista

Eskerrak eman dizkie erremonteko kideei ere, «hobea izatera bultzatzeagatik eta frontoian eta frontoitik kanpo elkarrekin bizitako une eta esperientzia ahaztezinengatik». Zaleekin ere gogoratu da. «Asko eskertzen diet emandako maitasuna eta babesa». Esker onez mintzatu da bere taldeari buruz ere. «Ibai prestatzailea, Sebe botileroa, fisioterapeutak... Lankide baino gehiago izan zarete. Lagunak izan zarete, baita familia ere. Eskerrik asko horrenbeste denbora eskaintzeagatik». Azkenik, guztiz hunkitu da familiari eskerrak eman dizkionean. «Eskerrik asko zuen mugarik gabeko babesagatik. Sufriarazi eta gozarazi egin dizuet, baina beti egon zarete nire ondoan. Nire bizitzako gauzarik inportanteena zarete».

Bukatzeko, honela esan du agur: «Konbentzituta utziko dut, asebeteta, bizi izandako guztiagatik zoriontsu, eta lortutakoagatik harrituta, baina, batez ere, oso eskertuta». Falta zaizkion partidetan «lehiakor» izaten saiatuko dela agindu du. «Ahal dudan gehien gozatu nahi dut».

Arrasto sakona

Hemezortzi urte eta erdi egingo ditu Urrizak erremontearen gorenean. Arrasto sakona utziko du, inoizko erremontista onenetakoa izan baita. Haren palmares bete-beteari erreparatu besterik ez dago egin eta lortu duenaren berri izateko. Buruz burukoa da txapelketarik garrantzitsuena, eta zortzi aldiz irabazi du hori: 2012an, 2013an, 2015ean, 2016an, 2017an, 2018an, 2020an eta 2022an. Ezkurrak besterik ez ditu irabazi hark baino txapel gehiago: 11 aldiz nagusitu zen doneztebearra.

Baina banaka ez ezik, binaka ere ikusgarri aritu da Urriza; horrenbeste, ezen hark irabazi baititu inork baino txapel gehiago: zortzi. Gainera, horri distira gehiago emateko, sei bikotekide ezberdinekin izan da txapeldun: 2007an, Lizasorekin; 2008an, Julen San Miguelekin; 2010ean, Jose Javier Etxeberriarekin; 2012an, Barrenetxea IV.arekin; 2019an, Iban Larrañagarekin; 2020an eta 2021ean, Jagoba Labakarekin; eta, 2023an, Xabier Azpirozekin. Bikotekide ederra izan da: jokatu ez ezik, jokarazi egin du.

Mastersa da ospea eta garrantzia kontuan hartuta hirugarren txapelketa, eta horretan ere inor baino gehiagotan izan da txapeldun: sei aldiz irabazi du. Hau da, hiru txapelketa nagusiak aintzat hartuta, 22 txapel jantzi ditu. Haren izena ageri da beste hainbat torneotan ere: Sagardoaren Txapelketan, San Fermin torneoan, Galarretaren 50. urteurrenaren torneoan eta Jai Alai Summer League txapelketan, besteak beste.

Erremontean jo du gailurra, baina aurretik palan aritu zen, bikain aritu ere. Bitan izan zen munduko txapeldun: 2002an, etxean jokatutako ekitaldian, pala larruzko modalitatean nagusitu zen; 2006an Mexikon jokatutakoan, berriz, pala motzean gailendu zen.

Azken txapelketa hori jokatu zuenerako, erremontean entrenamenduren bat eginda zegoen, baina proba moduan. Inoiz erremonteko partida bat zuzenean ikusi gabe hartu zuen lehen aldiz xextoa. Baina Seve Arzelus betiko botileroak eta Miguel Angel Errea eta Kike Elizalde erremontista ohiek dohain onak ikusi zizkioten, eta urtebetez proba egitea proposatu zioten: Euskal Jai Berri frontoiaren intendentea zen Errea, eta enpresarena Elizalde. Urrizak onartu egin zuen eskaintza, ez baitzuen etorkizunik ikusten pala profesionalean, modalitatearen egoera txarra dela-eta. Munduko Txapelketatik bueltan erremontean bete-betean hasiko zela agindu zien. Esan eta egin. Hiru hilabete geroago egin zuen estreinakoa, 25 urterekin, berandu; Ezkurrak, adibidez, 16 urterekin egin zuen debuta. Ezin da jakin zer egingo zuen Urrizak lehenago hasi izan balitz. Baina argi dago zer egin duen: historia egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.