Javier Urriza da faboritoa gaur Kutxa torneoko finalerako sailkatzeko

Jon Juaristiren aurka jokatuko du buruz buruko erremonte txapelketako lehen finalerdian

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Javier Urrizak eta Jon Juaristik buruz buruko Kutxa erremonte torneoko lehen finalerdia jokatuko dute gaur, Hernaniko Galarreta pilotalekuan (16:00). Urriza iazko txapelduna da faboritoa, eta apustuak bere alde irtengo dira; nabarmen, ziurrenik. Juaristirentzat, aldiz, finalerdietara sailkatzen den lehen aldia da, nahiz eta askotan parte hartu duen.

Ahal fisiko handiko bi aurrelariren arteko lehia izango da. Sakearekin asmatzen duenak asko izango du egina. Bigarren aldiz ariko dira elkarren aurka buruz buru; aurrenekoan, 2009an, 35-31 irabazi zuen Urrizak —30 tantora jokatuko dute gaur—. Partida arraroa izan zen, Juaristi 21-8 joan baitzen aurretik. Hartaz geroztik, baina, Urrizaren jokoak asko egin du gora. Gaurko irabazleak gaur zortzi jokatuko du finala, Koteto Ezkurrak eta Julen San Miguelek asteartean jokatuko duten finalerdiko irabazlearen aurka.

Asperen finalerdia Lekeition

Udako bosgarren, eta azken aurreko, feria gaur hasiko da Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan (17:15). Xala-Merino II.ak eta Martinez de Irujo-Barriolak Sanantolin torneoko lehen finalerdia jokatuko dute. Azken horiek dira faborito Aspeko bikoteen arteko finalerdian. Irujo partida asko jokatzen ari den arren, sasoiko dago Barriola, eta Bilboko torneoa irabazi berri du. Parean, aldiz, Merino II.a ez da uda oso ona izaten ari, eta jokaturiko azken bost partidetatik lau galdu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.