Mendia

Javi Dominguezek irabazi ditu Ehunmiliak

Korrikalari gasteiztarrak seigarren garaipena du proban. 23.04.06ko marka egin du. Aritz Egeak eta Gemma Barrabeigek irabazi dute Goierriko Bi Handiak lasterketa. Aritz Egeak errekor berria jarri du. Lasterketa hamar ordutan baino gutxiagoan egitea zuen erronka, eta bederatzi ordutan eta 51 minututan iritsi da Beasaingo helmugara.

Javi Dominguez, nagusi, gaur, Beasainen. ARIANE VIERBüCHER / GOIERRIKO HITZA
Jon Ordoñez Garmendia - Lide Egizala Urteaga - Julen Etxeberria
2022ko uztailaren 9a
09:13
Entzun

Faboritoa zen, eta ez du huts egin. Javi Dominguez gasteiztarrak irabazi du Ehunmiliak mendiko lasterketa. Indartsuena izan da, hasi eta buka. Seigarren garaipena du proban: 2011n, 2014an, 2016an, 2017an eta 2018an ere nagusitu zen. 2013an, berriz, bigarren izan zen. Gasteiztarrak ez du hobetu probaren marka: Jon Aizpuruk egin zuen 2019an (22.21.54).

23.04.06ko marka egin du. Nagusi izan da, hasi eta buka, eta alde handia atera die aurkariei: bi ordu eta erdi pasatxokoa bigarrenari, Ander Erize arbizuarrari (25.36.03), eta ia hiru ordu hirugarrenari, Oscar Perez de Nanclares herrikideari (25.59.38).

Oso pozik mintzatu da Dominguez amaieran: «Ez nekien nola egongo nintzen, baina oso gustura sentitu naiz. Antolatzaileei eskerrak ematea besterik ez dago».

Aritz Egea urretxuarrak eta Gemma Barrabeig kataluniarrak irabazi dute Goierriko Bi Handiak mendi lasterketa. Atzo gaueko 23:00etan abiatu ziren korrikalariak Beasaingo irteeratik (Gipuzkoa), Ehun Miliatakoak baino bost ordu geroago, eta gaur goizeko 08:51ean iritsi da Egea berriro helmugara. Barrabeigek hamalau ordu eta sei minutuko denbora egin du, eta urrun geratu da Uxue Frailek 2019an ezarri zuen hamabi ordu eta 11 minutuko errekorretik.

Egeak hamar ordutik behera jaistea zuen helburu, eta, 09.51ko denbora eginez, errekor berria ezarri du 88 kilometroko lasterketan. 10.01ean zegoen errekorra, 2019an Ion Azpirozek ezarria. Bigarren Goar Lopetegi ibartarra izan da, eta hirugarren, Joseba Escudero idiazabaldarra. Emakumezkoetan Amaia Larreategi beasaindarra izan da bigarren, eta Amaia Otxoa de Alda hirugarren.

Helmugan oso pozik hitz egin du Egeak. Azal du 05:00etatik aurrera egin zaiola luzea gaua, eta eguzkia noiz aterako zain zegoela. «Andraitzen atera zait, eta inoiz ikusi dudan egunsentirik politena ikusteko aukera izan dut», adierazi du. Bideoa oso ondo markatuta zegoela nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkie lan horretan aritu diren boluntarioei eta antolatzaileei.

Eguraldiari dagokionez, esan du Aralartik jaisten eta Aizkorrin beroa pasatu duela, eta eskertu egin duela behera iritsi denean behe lainoak ematen zuen freskotasuna. Barbari auzoan (Zegama, Gipuzkoa) denbora galdu duela ere esan du, bost bat minutu, baina oso gustura geratu da emaitzarekin. «Tripak, ondo. Burua, ondo. Hankak, ondo. Oso gustura nago».

Lehen aldian, txapeldun

Barrabeigek lehen aldia zuen Goierriko Bi Handiak lasterketan, eta oso eskertuta agertu da antolaketarekin: «Ez dut horrelakorik inoiz bizi izan», adierazi du helmugan. Mendiko bigarren ultra lasterketa zuen gaurkoa, eta hasieratik izan da lehen postuan. Aitortu du, ordea, hemezortzigarren kilometroan deshidratazio nabaritu duela, eta erritmoa jaitsi behar izan duela, osatzeko. Horri buelta eman, eta adierazi du oso gustura joan dela amaierara arte.

88 kilometro eta 6.000 metroko desnibela dauka Goierriko Bi Handiak lasterketak. Aralar eta Aizkorriko parke naturalak zeharkatu dituzte, 22 orduko epemugarekin. 515 korrikalari zeuden gaurko izena emanda: 485 gizonezko eta 31 emakumezko.

Bi urteko geldialdia egin ostean dira bueltan Beasaingo lasterketak. 1.500 korrikalari inguruk parte hartuko dute hiru lasterketetan. Ehunmiliak ultratrailean, 495 lasterkari ari dira, eta Marimurumendi maratoian, 265. Aurtengo lasterketak aldaketa batzuk izango dituen arren, beti bezain gogorra izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Ibilbidean eta araudian egin dituzte berrikuntzarik nabarmenenak. Ehunmilien ibilbidean, Gorlako anoa postuaren ondorengo bidea aldatu egin dute; eta Oazurtza eta Zerain arteko jaitsieran ere beste bide bat hartu beharko dute lasterkariek. Azken aldaketa horrek Goierriko Bi Handiak probako ibilbideari ere eragiten dio. Marimurumendi maratoiari dagokionez, Beatxurretatik jaitsi beharrean Arrieta baserritik jaitsiko dira lasterkariak. Bestalde, parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko, korrikalariek txanodun zira eraman beharko dute, eta motxilan atzeranzko argi gorria. Aldaketa horiez gain, proben aztarna ekologikoa murrizteko asmoz, korrikalari bakoitzari edalontzi bana emango diete, eta, ur botilen ordez, bost litroko suilak erabiliko dituzte.

Ehunmiliak ultratraila (EHM)

Ehunmilietako ultratraila hiru lasterketetako probarik luzeena da. 168 kilometroko luzera du, eta 11.000 metroko desnibel positiboa. Aurten, 495 mendi lasterkari ari dira parte hartzen; horietatik 470 gizonezkoak izango dira, eta 25 emakumezkoak. Euskal herritarrak dira gehienak. Atzo arratsaldeko seietan abiatu ziren korrikalariak Beasaingo Loinazko San Martin plazatik, eta leku berdinean amaituko dute lasterketa. 168 kilometroak Goierri, Urola Kosta eta Tolosaldeko udalerri desberdinetan barrena egingo dituzte; 30 udalerri zeharkatuko dituzte denera. Lehen gizonezko korrikalaria helmugara 16:20 inguruan iristea espero da, eta 21:40 inguruan lehen emakumezkoa; hala ere, igandeko 18:00ak arte izango dute ibilbidea amaitzeko aukera parte hartzaileek. Jon Aizpurua beasaindarrak dauka gizonezkoen errekorra, 22:21:54an, eta Ewa Majer poloniarrak emakumezkoena, 27:41:47an.

Marimurumendi maratoia (MMM)

MMM hiru probetan motzena bada ere, ez da atzean gelditzen. 42,19 kilometro eta 2.300 metroko desnibela dauka, eta Goierrin barrena izango da ibilbidea: Murumendi, Pagorriaga, Kizkitza, Atxurtza, Izazpi eta Arriaran zeharkatuko dituzte korrikalariek. Proba honetan 32 emakumezkok parte hartuko dute, eta horietatik hiru goierritarrak dira: Ione Cerezo, Itxaro Mendizabal eta Alazne Jauregi. Lehen korrikalariak hiru eta lau orduren bueltan amaituko dutela espero den arren, zortzi ordu izango dituzte lasterketa amaitzeko. Gizonezkoetan, Samuel Davilak du errekora, 3:29:18an, eta emakumezkoetan Ingrid Ruizek, 4:24:30ean. Askok Ehunmilien munduarekin kontaktuan jartzeko erabiltzen dute MMM, eta horren adierazgarri izan da azken urteetako gazteen parte hartzea nabarmen igo dela.

Lasterketen webgunearen bidez zuzenean jarraitu ahal izango da lasterketa, eta zenbait anoa postuetan ere irudiak izango dira.

Ikusi gehiago: Esperientzia dute lagun

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.