«Pozik nago Baskoniara, saskibaloia pasio handiz bizi duen hiri batera itzuliko naizelako; ondo ezagutzeaz gain, asko miresten ditudan langileekin ariko naiz lanean». Iraganera itzuliko da Sergio Scariolo; orain hamalau urte izarren pare utzi zuen hirira: Gasteizera. Laboral Kutxa Baskoniak atzo arratsaldean baieztatu zuen albistea: bi urterako kontratua sinatu du italiarrak arabarrekin. 1997an iritsi zen Scariolo Arabako hiriburura, eta bi denboraldi on igaro zituen bertan. Estreinako denboraldian lehen postuan amaitu zuen liga erregularra, Euroligarako sailkatu zen, eta ACBko finala jokatu zuen gero, nahiz eta galdu egin zuen TDK Manresaren aurka; hurrengo denboraldian, berriz, Espainiako Kopa irabazi zuen Gasteizko taldearekin, finalean Caja de San Fernando menderatuta (70-61). Real Madrilen atea ireki zion Euskal Herrian bi urtean egindako lan on hark.
Italiarra asko hazi da 1999tik, Real Madril, Unicaja, Khimki, Espainiako selekzioa eta Olimpia Milan taldeak zuzendu dituelako, eta garaipen zerrenda polita pilatu duelako. Urrutira joan gabe, txapeldunorde izan zen iaz, Londresko Olinpiar Jokoetan, AEBetako selekzioaren aurka joko ederra eginda —Europako bi txapelketa ere irabazi ditu Espainiako selekzioarekin, 2009an Polonian eta 2011n Lituanian—. Esperientzia handia dauka, eta ederki daki aldagela kudeatzen. Besteak beste, helburu horrekin fitxatuko zuen Joxean Kerejeta Baskoniako presidenteak, Armani Milango esperientziaren ondoren Scariolok berriz eraiki beharko duelako talde garailea. Dusko Ivanovicekin eta Zan Tabakekin zaila izan da denboraldia, eta modurik tristeenean amaitu zen kroaziarraren bidea, Espainiako Kopako final-laurdenetan Kanaria Handiaren aurka 1-2 galduta.
Defentsa lanari garrantzi handia ematen dio Scariolok, eta jokalari guztien kontzentrazioa bihurtzen du beti garaipenerako helduleku. Hain zuzen ere, ezaugarri horiekin tupust egin du Milanen, edo ezaugarri horien faltarekin. Ez du jakin izan aldagela ondo kudeatzen, intentsitatea falta izan zaio taldeari, eta liskarrak izan dira jokalarien eta zaleen artean. Izenez talde handia zen Milan, baina talde izaera galduta ibili da. Hainbesteko izarrik gabe, talde izaera hori lortzen saiatuko da Gasteizen.
Ez da prezioa igoko
Entrenatzailearen izenaz gain, Laboral Kutxak beste albiste bat ere eman zuen atzo: klubak bere gain hartuko du BEZaren igoera, eta datorren denboraldian bere horretan mantenduko dituzte abonamenduen prezioak. Pabiloiko eserlekuaren arabera, 150 eta 701 euro artekoak izango dira nagusien kuotak; 105 eta 241 euro artekoak 29 urtez azpikoenak; eta 50 eta 216 euro artekoak lau urtetik hamalau urte artekoenak.
Jauzia iraganera
Sergio Scariolo izango da Laboral Kutxa Baskoniako entrenatzailea, Gasteizko taldea utzi zuenetik hamalau urteraBi urterako kontratua sinatu du italiarrak, eta taldea berregituratu egin beharko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu