Badira egunak zeinetan norberari dena ateratzen zaion nahi bezala. Bada, halako egun bat izan zuen Maialen Axpek joan den larunbatean, Antequeran (Espainia). Pertika jauzilari arrasatearrak saio biribila egin zuen pista estaliko Espainiako Txapelketan. 4,50 metroko marka lortu zuen. Inoiz ez zuen horrenbesteko jauzirik egin. Marka bikain horrek, gainera, sari bikoitza izan zuen: batetik, urrezko domina kolkoratu zuen lehen aldiz; bestetik, sailkatu egin zen bi aste eskas barru Glasgown (Eskozia) jokatuko den Europako Txapelketan aritzeko.
«Oso pozik nago. Egindako lanaren ordaina da. Horregatik, lanean jarraitu behar dut, orain arte bezala», esan du Axpek. Esan eta egin, atzo jada Iruñean baitzegoen, asteko lehen entrenamenduari ekiteko prest. Hain zuzen ere, jaioterria uztea izan da egin behar izan duen «sakrifizioetako bat». Duela hiru urte egin zuen. «Ezin nintzen egunero Arrasatetik Iruñera joan-etorrian ibili. Ordubeteko bidaia da, eta nekeza da egunero egiteko», azaldu du. Larrabiden entrenatzen da Axpe, Pamplona Atletico klubaren instalazioetan, Francis Hernandezen esanetara. Bertako gaztetxoak entrenatu ere egiten ditu. Taldea, ordea, ez du aldatu, eta Donostiako Atletikorekin lehiatzen da.
Larunbatean lortutako emaitza eta marka bikainak izanagatik, Axpe ez dago sobera harrituta. «Sasoi hasieran arazo fisikoak izan nituen, baina azkeneko hilabetean oso entrenamendu onak egin ditut, eta banuen itxaropena marka polita egingo nuela».
Ziztu bizian egin zuen pertikako saioa Espainiako Txapelketan, lehen ahaleginean gainditu baitzituen lehen bost galbaheak. Horri esker, berehala ziurtatu zuen urrea. 4,44 metrokoan, ordea, «une kritikoa» izan zuen: azken saiakeran pasatu zuen. «Aldaketa txiki batzuk egin nituen, eta nahi baino gehiago kostatu zitzaidan altuera hori gainditzea. Arriskuan ikusi nuen neure burua, baina, zorionez, azkeneko ahaleginean lortu nuen helburua».
Askoz gutxiago sufritu zuen 4,50 metro saltatzeko: nahikoa izan zuen ahalegin bat. «Kito. Hau zen dena? Hainbeste amestutakoa egia bilakatu da?»; horra langa gainditu bezain laster Axperi burura etorri zitzaiona. Hain zegoen hazia, ezen saiatu egin baitzen hobetzen Naroa Agirre donostiarrak orain hamabi urte lortutako Espainiako marka: 4,56 metro. Baina ustelak izan ziren arrasatearrak 4,57 metroan egin zituen hiru ahaleginak. Hori besterik ez zitzaion falta izan eguna perfektua izan zedin. Hala ere, ez du urruti ikusten Agirreren marka. «Errespetua ematen du 4,56 metroko markak: batetik, Espainiako marka baita, eta, bestetik, Naroak egin baitzuen, eta hark sekulako ibilbidea egin zuen. Halere, marka bat besterik ez da, bikaina, baina marka bat azken finean. Ez dut urrun ikusten. Uste dut hobetu dezakedala».
Martxoaren 1etik 3ra jokatuko da pista estaliko Europako Txapelketa, Glasgown, eta, han aritzeko sailkatuta, Axpek bete egin du denboraldiko lehen helburua. «Iaz Berlinen izan nintzen, aire zabaleko Europako Txapelketan, eta aurten beste horrenbeste egin nahi nuen pista estalikoan. Beste pauso bat da nire kirol ibilbidean. Gustatuko litzaidake finalerako sailkatzea Glasgown». Urteko lehiaketa nagusia, berriz, urri amaieran jokatuko da: aire zabaleko Munduko Txapelketa, Dohan. Han parte hartu nahi du Axpek, baina, horretarako, gutxienez Agirreren marka berdindu beharko luke. Baikor dago, eta sinetsita dago ari dela «urratsak» egiten hori lortzeko.
Belaunaldi bikaina
Axpez gain, Euskal Herriko beste hiru pertika jauzilari igo ziren podiumera Espainiako Txapelketan: Malen Ruiz de Azuak (Arrasate, Gipuzkoa, 1995) zilarrezko domina lortu zuen, eta Miren Bartolomek (Iruñea, 1998), brontzezkoa; Adrian Vallesek, berriz, urrezkoa (Iruñea, 1995). Axperen iritziz, horrek agerian uzten du pertikak «osasun ona» duela gurean. Hala ere, azpimarratu du «aurrerapausoak» ematen jarraitzeko «beharrezkoa» dela jauzilariek «babesa» sentitu eta «baldintza onenetan» lan egitea. «Entrenatzailea eta materiala, biak onak izatea beharrezkoa da. Eta, horretarako, funtsezkoa da laguntzak izatea».
Maialen Axpe
Jauzia eman du
Maialen Axpe pertika jauzilari arrasatearrak 4,50 metroko marka egin berri du. Horri esker, pista estaliko Espainiako Txapelketa irabazi du, eta sailkatu egin da bi aste eskas barru Glasgown jokatuko den Europako Txapelketarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu