Ander Martinez de Rituerto

Jauzi eginez, aurrera

«Gustura» amaitu du denboraldia Ander Martinez de Rituerto pertika jauzilariak. Lehen aldiz aritu da 20 urtez azpikoen Munduko Txapelketan, eta balioa eman dio emaitzari.

ANDER MARTINEZ DE RITUERTO.
pettan uralde
2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Pertika eskuetan, trebetasuna eta abilezia erakusteko gai izan da Ander Martinez de Rituerto (Tolosa, Gipuzkoa, 2003). 18 urterekin marka ugari hautsi ditu sasoi honetan. Abuztuan jo zuen goia, bosgarren izan baitzen Kolonbian jokatutako 20 urtez azpiko Munduko Txapelketan. Txapelketa handietan aurrerapauso bat eman du.

Nazioartean jokatzen zuen lehen txapelketa izan zen Kolonbiako Munduko Txapelketa, eta, zarata handirik egin gabe, marka pertsonala gainditu eta beste lehiakideen aurrean aurkezteko erabili zuen aukera paregabe hori. «Oso esperientzia berezia izan zen, orain arteko beste txapelketetatik oso desberdina. Sekulako estadio batean, beste hainbat herrialdetako kirolariekin... Ez nago ohituta horrelako mailan lehiatzen eta harro nago egin nuen lanarekin», nabarmendu du. Ez da erraza estreinakoan hala aritzea.

Hamabost lehiakidek marka hobea zuten hark baino; alabaina, Martinez de Rituerto finalean sartu zen, eta bosgarren geratzeko balio izan zion saltoa egin zuen. «Gure kirolean zailena erregularra izatea da. Munduko Txapelketan gertatu zen bezala, jauzilari asko daude marka oso onak lortu dituztenak txapelketa jokatu aurretik. Baina gero, une erabakigarrian, ez dira gai hori errepikatzeko. Nik nire marka gainditu nuen, baina hamar bat jauzilari beren marken azpitik geratu ziren. Hori nahiko ohikoa izaten da, eta nik nire marka hobetuz atleta asko gainditzea lortu nuen. Horietako batzuk ustez nire aurretik ziren».

Nazioartean ez ezik, Euskal Herrian ere bereak egin ditu jauzilariak, 20 urtez azpikoetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errekorra gaindituz. 5,81 metroko marka egin zuen. «Euskadiko errekorrarekin asko poztu nintzen, batez ere errekorra Montxu Mirandak zuelako. Oraindik ere hark du Espainiako markarik onena: 5,81. Horrelako pertsona bati errekorra kentzeak ilusio handia egiten du, jauzilari handia izan baita».

Orokorrean «pozik» dago egindako denboraldiarekin, eta batez ere izan dituen sentsazioekin. «Munduko Txapelketan egotea lortu dut, eta gainera marka ederra eginez. Marka hobetzea espero nuen, baina 5.25 metro urrun ikusten nuen. Hori lortuta, ezin dut gehiago eskatu».

Kirolariek lan handia izaten dute beren buruarekin, lehia dela-eta ahuldu egiten direlako, edota ezin diotelako presioari eutsi. Martinez de Rituertok lan handia egin du aurten arlo horretan, eta argi dauka lortutako arrakastaren arrazoi handi bat izan dela. «Aurtengo denboraldian asko ikasi dut lehiatzen. Gure kirolean inolako presiorik gabe lortu dezakezu marka bat, zure herrian salto eginez, adibidez. Baina gero txapelketa handietan jakin behar duzu salto egiten, eta gauzak ondo atera behar zaizkizu. Mentalki nola zaren, asko eragiten du horrek. Orain arte ez nuen nazioarteko txapelketetan parte hartu. Baina gertuagokoetan, presioagatik edo, ez nuen lortzen ongi lehiatzea. Aurten, marka pertsonalak lortu ditut txapelketa nagusi guztietan, eta horrek zerbait esan nahi du».

Etxetik datorkio

Txikitatik datorkio atletismoaren inguruko zaletasuna; familiak zeresan handia izan du horretan. Aitarekin ordu mordoa igaro zituen pistan txikia zela, baina pertikaren munduan lehengusuak sartu zuen. «Lehiaketetan ikusten nuen pertika, baina ez nuen inoiz aukera izan probatzeko. 7-8 urte nituela nire Bartzelonako lehengusua hasi zen pertika egiten. Han zaletasun handiagoa zegoen hemen baino, eta udan elkartzen ginenean asko hitz egiten genuen horren inguruan. Atentzioa ematen hasi zitzaidan, eta probatu nuenetik ez dut utzi». Harrapatu egin zuen.

Hurrengo denboraldirako Europako Txapelketa du begiz jota. «Uste dut marka pertsonala gainditzeko gai izango naizela, eta, nahiz eta ez den Munduko Txapelketarik egongo, 23 urtez azpiko Europako Txapelketa dago. Helburu nagusia txapelketa horretan egotea izango da. Lehenik pista estaliko Espainiako Txapelketa izango da, eta hor ikusiko da nola nagoen Europakoari begira».

Pertika bakarkako kirola da, baina halakoetan ere izaten dute garrantzia entrenatzaileak eta taldekideek. Martinez de Rituertorentzat, behintzat, guztiz ezinbestekoak dira: «Nire entrenatzailea gabe ez nintzateke inora iritsiko, hura baita txapelketetan aholkatzen nauena eta entrenamenduetan erakusten didana. Taldekideek ere asko laguntzen dute; lagunak dira, eta eramangarriagoa da», adierazi du eskertuta Tolosako jauzilariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.