Jaunarenak ordezkatuko du Irujo bihar Eibarren

Iberokoak eskuin eskua minduta dauka, eta gaztea ariko da Barriolarekin, Bengoetxea VI.a eta Ladis Galarzaren aurka

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Leitzar festa egongo da Eguberri egunez Eibarren. Binakako txapelketako partida jokatuko da Astelenan (17:00, ETB1), eta herri bereko hiru pilotari elkartuko dira. Jon Jaunarena berez ez zen jokatzekoa, baina Juan Martinez de Irujok eskuin eskua minduta dauka eta haren ordez ariko da gaztea. Irujok esan zuen pilota aukeraketan ez zuela eskua bere onenean, eta, azkenean, ez behartzea erabaki du. Ligaxka luzea da, eta eskuak ondo zaindu behar dira.

Abel Barriola izango du alboan Jaunarenak, eta ez da elkarrekin binakako txapelketako partida bat jokatzen duten lehen aldia.Iaz Jaunarenak bi partidatan ordezkatu zuen Xala. Eguberri eguneko jaialdia tradizio handikoa da Eibarren, eta leitzarren festa izan arren, arreta handiena Baraibarkogazte batek sortu du, Ladis Galarzak estreinako partida izango baitu lehen mailako txapelketa batean. Hark Oinatz Bengoetxearekin bikote eginez jokatuko du.

Galarza izan zen txapelketako aurkezpen eguneko ezusteko handiena. 23 urterekin, azken hilabeteetako bere sasoi onaren saria jaso du. Aspetik irten eta Asegarcera joateak mesede egin dio, eta estelarretan sartzea lortu du. Eskuin bikainekoa, erregulartasun falta du gabezia nagusia. Ikusi beharko da puntan aritzearen presioak eragiten dion edo ez.Maila ona eman ezean, Asegarcek luxuzko ordezkoa du zain: Aritz Begino. Horrelako ordezko bat Damoklesen ezpata zorrotza da atzelarientzat.

Olazabalen azken partida

Aspek kontratua ez dio berritu Mikel Olazabali, eta hilaren 30ean jokatuko du azken partida enpresarekin. Aurrelariak sei urte eta erdi egin ditu enpresan, eta debutatu berritan estelar ugari jokatu zituen, Lehen Mailako binakakoan ordezko modura sartzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.