Jatorrira bueltan

Baliteke Gorka Elustondo atzean aritzea Deportivoren kontra. Bertan jokatuz igo zituen Zubietako koska guztiak. Aurreko denboraldian ondo aritu zen Malagaren aurka.

Donostia
2013ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Dagoeneko berregituratuko zuen Philippe Montanierrek taldearen atzealdea, eta neurketa batean gerta daitezkeen egoera ugariak landuko ditu ikuslerik gabeko hurrengo entrenamenduetan. Hasierako zirriborroan garatutako ideia orrialde garbi batera pasatze horretan, nahiko argi dago zein moldaketa egingo dituen entrenatzaileak Deportivoren kontra. Bost jokalarik ezingo dute jokatu: Claudio Bravok, Dani Estradak, Mikel Gonzalezek, Iñigo Martinezek eta Liassine Cadamurok. Atezainak eten txikia izan zuen ezker zangoan Santiago Bernabeun, eta nekez egongo da iganderako prest. Hurrengo hirurek txartel pilaketagatik ezingo dute parte hartu, eta azken atzelaria, berriz, Cadamuro, Afrika Kopa lehiatu bidean da Aljeriarekin.

Eñaut Zubikarai eta Jon Ansotegiren itzulera ziurtzat jo liteke, beraz. Carlos Martinezek, berriz, bere kasa entrenatzen jarraitzen badu ere, Zubietan inork ez dauka osatuko den zalantzarik. Berak ere ez. «Prest egongo naizelakoan nago. Ondo sentitzen naiz aste hasiera honetan», zioen atzoko agerraldian lodosarrak. Haren eta Asier Illarramendiren itzulerarekin hatsa hartuko zuen Montanierrek. Orduz kanpoko gastroenteritisaren erruz, larri antzean iritsi zen mutrikuarra Bernabeuko hitzordura, hasieratik jokatzeko ahulegi. Faltan sumatu zuten taldekideek. Atzelarien eta erdilarien artean kokatuta, bikain aritu da aingura lanak egiten. Montanierren marrazkiaren barnean zentzuz mugitzeko duen erraztasuna dela eta, orekatu egiten du taldearen jokoa, sendotu. Ruben Pardoren ordez sartuko da taldean, ziurrenik.

Ez dira berritasun bakarrak izango, ordea. Mikel Gonzalezen eta Iñigo Martinezen txartelen ondorioz, umezurtz geratu da atzeko erdiko zatia. Jon Ansotegiren itzulerarekin aski ez eta, beste norbait behar du entrenatzaileak beste hutsunea estaltzeko. Hori horrela, Gorka Elustondorengana joko du ziurrenik. Beasaindarra ez da galduta sentituko atzelarien artean, formazioz erdiko atzelaria baita. «Beheko taldera iritsi arte, nahiz eta garai hartan ere puska batez atzean geratu nintzen, azken jokalari modura jokatu nuen beti», adierazi zuen atzo Elustondok Realeko webgunean.

Kokapenarekin eztabaidak

Zubietako kirol arduradun baten baino gehiagoren ustez, jatorrizko kokapenera itzuli beharko luke, eta horri buruzko eztabaida bat baino gehiago izan dute. Oinazpiko minak hamaika buruhauste eragin dizkio beasaindar gazteari. Nahi baino denbora luzeagoz ibili da herrenka. «Luze egin zait itxaronaldia, nahiz eta banekien lesio gaiztoa nuela. Taldearen jardunera bueltatu nintzen etenaren aurretik, eta Bernabeun berragertu nintzen. Entrenatzaileak behar duen edozertarako prest nago».

Seigarren denboraldia ari da betetzen lehen taldean Elustondo, eta tarte horretan behin baino ez du jokatu zentral postuan. Iragan sasoiko Rosaledako partida zailean izan zen. Mikel Gonzalezek bigarren txartel horia ikusi ondotik, lehen zatiaren amaieran beasaindarraren kokapena atzeratuz berregin zuen taldea Montanierrek. Ansotegiren ondoan jokatu zuen, gainera. Lan ona egin zuen bikoteak, batez ere goitikako jokoan sendo eta jokaldiak aurretiaz ikusita. Horri eta Bravoren geldiketei esker, hein handi batean, meritu handiko puntua urratu zuten txuri-urdinek.

Harrotasunez mintzatu zen egun hartan entrenatzailea multzoaren indarraren inguruan. «Ederki aritu da Elustondo. Ezagutzen dut, badakit zer eman dezakeen, eta lasai asko joka dezake atzealdean. Multzoaren balioa agerian utzi du gaur arratsaldeko jardunak». Pentsaera horri eusten badio, behintzat, Elustondok tokia izango du hasierako hamaikakoan.

Elustondorekin batera, Ansotegiren beharra ere izango du Montanierrek. Mikel Gonzalez eta Iñigo Martinezen lan onak aulkira eraman zuen joan den denboraldian berriatuarra, eta ez du askorik jokatzeko aukerarik izan ordutik. Hori bai, joan den denboraldiko azken txanpan, esaterako, Iñigo Martinezek min hartu zuenean, hain zuzen, maila ederrean aritu zen. Vadim Demidovi aurre hartu zion azken zortzi neurketak segidan jokatuta. Sasoi honetako lehen hiru jardunaldietan hasieratik jokatu zuen, eta ondarroarra ordezkatu.

Ansotegi taldeko jokalari leiala da, eredu ematen duen horietakoa. Jokatzeko aukerarik izango ez duela jakin arren, ziurtasunez jokatuko duenaren jarrera erakutsi ohi du eguneroko lanean. «Ahalik eta hoberen prestatzen naiz aukera iristen denerako», dio behin eta berriz Ansotegik. 15 partidako iraupena izan duen minutu lehortearen ostean, aulkitik zelairako bidea egingo du bizkaitarrak Deportivoren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.