Frantziako Tourreko esprintek nagusi bat dute orain arte: Jasper Philipsen. Tropel osoa elkarrekin iritsi den bi etapetan gailendu da Alpecin taldeko esprinter flandriarra: atzo, hura izan zen azkarrena Baionan, eta gaur, bera izan da berriro bizkorrena, Nogaroko zirkuituko helmugan (Okzitania). Caleb Ewan australiarra (Lotto) eta Phil Bauhaus alemaniarra (Bahrain) izan ditu berriz atzetik, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Bezperan, Bauhaus izan zen bigarren, eta Ewan, hirugarren. Eroriko dezente izan dira azken metroetan; adibidez, Fabio Jakobsen esprinter herbeheretarra (Soudal) erori da.
Sailkapen nagusian ez da aldaketa aipagarririk egon, eta Adam Yates ingelesak (UAE) eutsi egin dio lidergoari. Etapak ezer gutxi eman du; Benoit Cosnefroy (Ag2r) eta Anthony Delaplace (Arke) frantziarrek 60 kilometrotan egindako ahalegin antzua besterik ez. Tropelak lasai hartu du haren egitekoa denbora askoan.
Itxuraz, bestelakoa espero da bihar, bosgarren etapan, Pirinioetako aurrenekoan. Tourra Euskal Herritik igaroko da berriro. 33 kilometro eskaseko barnealdi txikia egingo du Zuberoan. Etapa Pauen (Okzitania) hasiko da, eta Montoritik sartuko da Zuberoara. Atharratze, Liginaga-Astüe, Ligi-Atherei eta Santa Grazi herriak pasatu ondoren, txirrindulariek Soudet mailaz kanpoko mendatea igoko dute: 15,1 kilometroko luzera du, eta %7,2ko batez besteko pendiza. Gero, beste bi mendate igoko dituzte: Ichere Hirugarren Mailakoa (4,2 km eta %7) eta Marie Blanque Lehen Mailakoa (7,7 km eta %8,6). Azken horren tontorretik Larunseko (Okzitania) helmugara 18,5 kilometro besterik ez daude. Mendiko lehen etapa da, Pirinioetako aurrenekoa. Lehia espero da.
Italiako Giroan, berriz, Antonia Niedermaier alemaniarrak (Canyon) irabazi du gaur bosgarren etapa. Annemiek van Vleuten herbeheretarra (Movistar) bigarren izan da, eta lidergoan sendotu da. 2.07 ateratzen dio orain Niedermaierri. Ane Santesteban (Jayco) bederatzigarrena da, 4.55era.