Mikel Gonzalez

«Jasotako maitasunak asetzen nau»

Lehen taldean 11 sasoiz aritu eta 300 partida jokatu ondoren, esker onez esan du agur Gonzalezek. «Lasai» eta «harro» doala dio, eta Reala esku onetan geratzen dela azpimarratu du.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2017ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Bezperan urrezko ikurra eta «betirako oroimenean» izango duen Anoetaren esker ona jaso ondoren,Mikel Gonzalezek atzo egin zituen agur hitzak, Zubietako prentsa aretoan, asteko lehen entrenamendua amaitu berritan. Klubean hogei urtez egon eta gero, hunkituta mintzatu zen 31 urteko jokalaria, eta alboan izan zituen taldekide, entrenatzaile, kirol zuzendari eta mediku taldeko guztiak.

Ezer baino lehen, berak hartu zuen hitza. «Oso sinplea izango naiz. Anoetaren harrerak emozioz bete ninduen, eta esker ona adierazi nahi dut guztiagatik. Oso lasai eta harro noa, ez baitaukat ezer neure buruari leporatzeko. Esperientzia handia bizi izan dut hainbeste denboran, eta une onak eta txarrak tokatu zaizkit, baina hortxe dut jendearen maitasuna. Realak berak familia moduan sentiarazi nau, eta gustatzen zait taldekide guztiak nire ondoan izatea orain».

Mikel Gonzalez 1997an heldu zen Realera, artean haur mailako futbolaria zela. Denboraldi batean salbu, elastiko txuri-urdina jantzita aritu zen gorengo mailara iritsi arte. Zehazki, 2005eko irailaren 17an jokatu zuen estreinakoa lehen taldearekin, Jose Mari Amorrortu aulkian zegoela, eta5-2 galdu zuen Realak Mallorcaren zelaian. Hiru partida jarraian jokatu zituen erdiko atzelariak, baina berriro ere bigarren taldera jaitsi zuten. Ordea, 2006-2007ko sasoian egonkortu zen lehen taldean, eta, ordutik, denetariko bizipenak izan ditu. «Haur nintzela heldu nintzen Realera, eta heldu bihurtuta utziko dut. Pertsona eta entrenatzaile ugari pasatu dira nire ondotik, eta denek izan dute zerikusia nire garapen pertsonalean. Bizitzaren erdia baino gehiago eman dut Zubietan, eta eskertuta nago horregatik guztiagatik».

Guztira, 300 partida jokatu ditu erdiko atzelari arrasatearrak. «Zifra soil bat izan arren, ilusioa egiten zidan kopuru horretara iristeak». Ordea, klubak berritzeko beste eskaintzarik egin ez eta, Donostiatik urrun topatu beharko du etorkizuna. «Erantzun baten zain nengoen. Denboraldi osoan hamaikakoan zer gutxi egon naizen aintzat hartuta, espero nezakeen halako erabaki bat, eta prest nengoen horretarako. Jakinarazi zidatenean ez nuela taldean jarraituko, pena hartu nuen, baina duintasunez eta pozik agurtzea tokatzen zait».

Izan ere, ez du frustraziorik sentitzen azken denboraldian hain gutxi jokatzeagatik. «Gustatuko zitzaidan gehiago jokatzea, baina erabakiak onartu egin behar dira. Frustrazioa sentitu izan dut min hartuta egon naizenetan, baina sasoi honetan ez. Jokatu dudanean, ongi jokatu dut, eta pozik nago». Halere, lesioen inguruan, kexatzeko motiborik ez duela uste du. «Nahiko ongi errespetatu izan naute lesioek. Bizkarrezurreko orno batek buruko min batzuk eragin zizkidan, baina okerrago egon nintzen hurrengo sasoian eztarriko ebakuntza egin zidatenean. Asko kostatu zitzaidan buelta ematea, eta tarte txarrak igaro nituen».

Tarte txarrak aipatuta, lehen taldean egindako 11 urteetan bat baino gehiago izan direla aitortu zuen. Horietako bat, 40 urteren ondoren Bigarren Mailara jaitsi zirenekoa. «Kolpe handia hartu genuen, denboraldi zail bat are okerrago amaitu genuen eta». Behin Bigarren Mailan zeudela, Gogoan du Gasteizen jasotako kolpea ere. «Lehen Mailara igotzeko zorian geunden, baina, partida ezin irabazita geratu ginenez, ez genuen lortu. Kolpe latza izan zen». Hori bai, azkenean lortu zuten helburua txuri-urdinek, 2009-2010eko denboraldian. «Mailaz igotzea lortu genuen eguna izan da onena, dudarik gabe. Gutariko askok eta askok zama handia genuen bizkar gainean, eta aske sentitu ginen egun hartan».

Lehen Mailan egonkortu ondotik, «hazten» ari da Reala, arrasatearraren esanetan, eta etorkizun oparoa ikusten dio. «Hemen jende ona dago. Elkarren artean errespetu handia daukagu guztiok, eta adierazgarriena da ondo doazela gauzak. Badago Realean urte asko daramatzan jendea , eta badaki une bakoitzean nola jokatu behar duen. Ni bezala 11 urtez bertan egon den batek esperientzia handiagoa izan dezake, baina badakit Reala esku onetan geratzen dela». Besteak beste, taldea Europarako sailkatuta uztea gustatuko litzaioke. «Gaur-gaurkoz, igandeko partida daukat buruan. Min hartuta nago, baina ikusiko da aste honetan nolako bilakaera izaten dudan. Ez da gauza bera taldea aulkitik edo zelaitik agurtzea, eta gustatuko litzaidake Celtaren zelaian jokatzea, irabaztea eta Europarako sailkatzea. Agurtzeko modurik onena horixe izango litzateke».

Jokatzen segituko du

Hortik aurrerakoari begira, berriz, denboraldia amaitu bezain laster jarriko da jokalaria. Nora joko duen ez daki oraindik, baina garbi du futbolean jarraituko duela. «Lehiakor sentitzen naiz, eta nire asmoa jokatzen segitzea da. Ez da erraza hilabete eta erdian behin jokatu eta ondo sentitzea, baina nik lortu dut. Horrek konfiantza eta babesa ematen dit aurrera egiteko ere». Zurrumurruak agertu dira, eta Eibarrek eta Levantek hura fitxatzeko interesa omen dute. «Nik ez dakit ezer oraindik. Uda honetan izango dugu lana».

Epe luzeko etorkizunari erreparatuta, bestalde, azken hogei urte pasatxoan haren etxea izan den klubaren ateak irekita izan ditzake, han lan egiteko. «Hilabete barru non egongo naizen ez badakit, zer esango dut orain gai horri buruz! Reala familia moduko bat da; bikain sentitu naiz hemen, eta kluba prest badago zerbaiterako, hitz egin genezake. Baina oraindik ere sasoiko nago jokalari izateko, eta horri begiratzen diot».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.