Realeko irteerako atea zabalik dago Philippe Montanierrek erabiliko ez dituen jokalarientzat. Lehenak atzo zeharkatu zuen, eta hurrengoa Mikel Labaka (Azpeitia, Gipuzkoa, 1980) izan daiteke. Azpeitiarrak ez du teknikaria asebete, eta taldea uzteko aukera asko ditu, nahiz eta bere nahia hastear dagoen denboraldian Donostiako taldean jokatzea den.
Azpeitiarrak taldetik kanpo egoteko aukera gehiago dituen, arren, ez du amore emateko inongo asmorik. «Entrenatzailearekin hitz egin dut, eta bere asmoak zein diren azaldu dizkit. Atzelari zentral asko gaudela, eta besteek ni baino minutu gehiago jokatuko dutela. Orain egoera berriaren inguruan pentsatzeko esan dit, eta horretan nabil», esan zuen atzo atzelariak. Halere bera burugogor dabil geratzeko asmoz. «Burua Donostian daukat, Realean jarraitzeko asmoa daukat, eta horretarako buru- belarri lanean nabil», adierazi zuen.
Reala denboraldi-aurrean murgildurik dago, hiru aste eskas falta baitira liga hasteko, eta Labaka nekatuta dago. Batetik entrenamendu kargarengatik, eta bestetik egoerarengatik. «Garai hau beti da gogorra, entrenamenduak biziagoak izaten direlako, goiz eta arratsaldez, eta gainera moralki erabaki bat hartu behar dudalako». Denboraldi-aurre guztiak berdinak iruditzen zaizkiola azaldu zuen, jokalari guztiak postua irabazteko asmoarekin ekiten dietelako. «Jokalarien asmoa, entrenatzaileari aukera zail jartzea da, eta entrenatzailea berria bada, jokatzeko dohainak dituztela erakustea».
Bere egoera ikusita, badaki zail izango duela Realean jokatzen jarraitzea, eta horregatik hasi da talde bila. «Ez nago behartuta taldea aurkitzen, baina egoeraz jabetzen naiz, eta horrek behartzen dit nago merkatuari begira egotea. Hasi naiz begira ea talderen bat izango dudan ala ez, baina nire lehentasuna Realean jarraitzean datza».
Taldeko kapitainetako bat da, eta bere izaerak pisu handia du aldagelan. Era berean, bere egoera pertsonalak irteteko erabakia zailtzen dio, aurretik ere utzita joana bada ere. Labakaren ibilbidea Donostiako taldean gaztetan hasi zen. 1999-2000 denboraldian, 19 urte zituela, hasi zen bigarren taldean jokatzen. Hiru urtez aritu zen bertan, lehen talderako jauzia eman aurretik. Lehen taldeko hasiera ez zen uste bezalakoa izan, bi urtez utzita aritu baitzen, lehenik Real Unionen, eta ondoren Murtzian. Bi urte horietan, hobetzeko balio izan zion, Bigarren B Mailan hasieran, eta Bigarrengo Mailan geroago.
Azpeitiarrak, era berean, Antoinne Griezmannen inguruko polemikaren inguruko iritzia eman zuen. «Jokalari ona dela erakutsi du, eta normala da beste taldeek berean eduki nahi izatea. Prentsan agertzen den guztiak ez du baloratua izan behar, ez dakit noraino diren bere hitzak, eta noraino gezurra».
Aurrenekoa irteten
Realak Paco Sutilekin zuen kontratua etetea erabaki zuen atzo arratsaldean. Erdilariak bazekien ez zela Montanierren asmoetan sartzen. Hau izan da entrenatzaileak Donostiako taldean hartu duen lehen erabaki tekniko garrantzitsua.
Kontratua eten bezain laster, erdilariak esker ona adierazi zion Realari igarotako urtearengatik. «Realari oso eskerturik nago, Lehen Mailan aritzeko aukera eman didalako. Urte bikaina izan da». Aukera eman ez dion arren, hitz onak izan zituen Montanierrentzat. «Geratu nahi nuen, baina entrenatzaileak ez zuen nirekin kontatzen. Bere iritzia errespetatzen dut, ongi portatu da nirekin, gauzak aurretik esan baitizkit».
Orain etorkizunean pentsatu beharko du, eta Reala urrunetik jarraituko duela esan du, ziurrenik Murtziatik. Azken asteetan Murtziak behin eta berriz fitxatu nahi izan du erdilaria. Sutilek, ordea, Realean jarraitu nahi zuen. Orain Donostiako taldean jarraituko ez duela jakinik, Murtziarekin akordio bat sinatu du hiru urterako. Bere talde berriak atzo gauean egin zuen ofizial akordioa.
Jarraitzeko burugogor
Mikel Labakak Realean jarraitu nahi du, Philippe Montanierrek beste zentralei lehentasuna emango diela esan dion arrenRealak Paco Sutilen kontratua eten du, eta erdilariak Murtzian jokatuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu