Jarraitu Emeryren hatzari

Entrenatzaile hondarribiarrak esnatu egin du Arsenal, eta Londresko taldeak hamar partida irabazi ditu segidan. 2007tik halakorik lortu gabe zegoen.

Unai Emery entrenatzaile hondarribiarra, joan den astelehenean, Arsenalek Leicester Cityren aurka jokatutako norgehiagokan. ANDY RAIN / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Arsenalek lan garrantzitsu bat izan zuen aurreko sasoiaren amaieran: Arsene Wenger ordezkatzea aulkian, 22 urtez jarraian Londresko klubean izan eta gero. Entrenatzaile zerrenda luzeari tiraka ibili ziren agintariak, hautagai bakoitzarekin bilera luzeak eta sakonak eginez. Unai Emery izan zen aukeratua.

Joan dira hilabete gutxi batzuk ordutik, eta Hondarribiko (Gipuzkoa) entrenatzailea aukeratu izana hautu ona izan zela esateko moduan dira Arsenaleko agintariak. Eta ez soilik emaitzak onak direlako azken bolada luzean. Azken hamar partidak irabazi dituzte gunners-ek: zazpi Ingalaterrako ligan, bi Europa ligan eta bat Ligako Kopan. Bada beste bereizgarri bat jabeak eta agintariak gustura dituena: Emeryren lanerako prestasuna.

Hark ere badu pozik egoteko motiborik Londresko klubean. Izan ere, aukera dauka lana lasai egiteko, Paris Saint-Germainen ez bezala aurreko bi denboraldietan. Entrenatzaileari eguneroko jarduna lasai egiten uzten ari zaizkio, eta oso hori beharrezkoa da edozein entrenatzailerentzat. Emeryk taldearen eskaintzari baietz esan zionean bazekien esku artean izango zuen jokalari multzoak hobetzeko tarte handia duela, eta bazekien zein den hori lortzeko bidea: lan ona egitea. Bada, horretarako aukera du Arsenalen, eta lan on horren eta emaitza onen arteko lotura ez da oso apartekoa izango.

Laugarren dauka taldea Ligan, Chelsea eta Tottenhamekin berdinduta, eta bi puntu baino ez dizkiote ateratzen lehen bi sailkatuek, Manchester Cityk eta Liverpoolek. Hamargarren jardunaldia jokatuko dute Emeryrenek igandean, Crystal Palace taldearen zelaian. Bolada luze gozoan da, hortaz, taldea, eta, ondorioz, zaleak ere pozik dira. Behar zuten horrelako zerbait, Wengerren aroa gehitxo luzatu izanaren ustearekin ibili baitira azken denboraldietan.

Urteak ziren Arsenalek ez zuela halako zenbaki biribilik lortzen. 2007-2008ko denboraldian izan zen gai azkenekoz hamar partida erreskadan irabazteko. Galdu gabeko bolada luzea 22 partidaraino luzatu zuen, Txapeldunen Ligako multzoen ligaxkan Sevillak eraitsi zuen arte: 3-1. Batek daki horrenbeste luzatuko ote den oraingo bolada ona —Sporting Lisboari egingo dio bisita gaur, Europa ligako partidan—, eta inork ezin du jakin hemendik eta hilabete batzuetara Arsenal liga irabazteko moduan izango den edo ez. Hanka sartzeko batere kezkarik gabe, ondorengo hau esan daiteke, baina: Emery Arsenal esnatzen ari da, haren ingurua eta zaleak barne, eta Wengerren azken sasoietako kolore grisa argitu egin da.

Ilunean argia ikusteko zerbait piztu behar izaten da, eta, Emeryren kasuan, bi izan dira pizgailuak: jokatzeko modua doitzea, batetik, eta jokalari guztiei ematea jokatzeko aukera, bestetik.

Wengerren estiloa finduz

Wengerren estiloari eutsi dio Emeryk, gutxi-asko, jokatzeko moduan, garbi baitu hori klubaren ondarea dela. Baloia izanda ari da orain ere Arsenal, Alsaziako entrenatzailearekin bezala. Eroso daude jokalariak modu horretan jokatzen. Baina Emeryk azkar ikusi zuen jokatzeko modu horrek beste zerbait gehiago behar zuela lehiakorra izateko: oreka taktikoa.

Baloia atzetik jokatuta ateratzen saiatzen da, baina nolabaiteko ordena batekin, jokalariei ardura eta betebehar taktiko zehatzak jarriz. Horrek guztiak lana behar du atzetik, eta, Emery taldearekin gustura ari denez lanean, eraginkortasuna ere eskuratu du Arsenalek jokatzeko moduan.

Gainera, jokalari guztiak ari dira jokatzen, gehiago edo gutxiago, eta horrek sekulako indarra ematen dio taldeari, konfiantza eta barneko lehia ona ez ezik. Jokalari guztiak dauzka erne Emeryk, badakitelako lan ona eginez gero aukera izaten dutela edozein lehiaketetan jokatzeko. Abuztuan aldaketa gutxi egin bazuen ere, ligaz gain, beste lehiaketak hastearekin bat ekin zion talde osoa erabiltzeari.

Gustura dago Emery Arsenalen, eta gustura dabil Ingalaterrako ligan. Kanpotik begiratuta baino talde lehiakor gehiago daudela ikusi du, eta partidak menderatzea zaila dela, han dagoen jokatzeko moduagatik. Horretara heltzeko, baloia izanda lortu nahi du, eta badoa aurrera helburua gauzatzeko bidean. Lana lasaitasunez eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.