Jarraipena edo aldaketa

Artxanko eta Zabaleta lehiatuko dira hilaren 30ean Osasunako presidente izateko hauteskundeetan

Javier Zabaleta, Osasunako presidente izateko bere hautagaitza aurkezten, atzo. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Hauteskundeetan erabakiko daOsasunako hurrengo presidentea nor izango den. Orain arte Miguel Artxankok bakarrik aurkeztua zuen hautagaitza, baina atzo Javier Zabaletak aurkeztu zuen berea. Hautagai izateko beharrezkoak diren sinadurak bildu ditu, eta hilaren 30ean, Artxankorekin lehiatuko da Osasunako presidente izateko. Artxankok berak herenegun aurkeztu zituen behar zituen sinadurak.

Joan den apirilaren 24an azaldu zuen kargua uzteko nahia Patxi Izkok. Esan zuen denboraldia amaitutakoan utziko zuela, eta bere lanarekin jarraitu behar zuen pertsona ere aurkeztu zuen: Artxanko. Hura azken hamar urteetan Izkoren zuzendaritzako kide izan da, eta Izkoren politikarekin eta lan egiteko moduarekin jarraitzeko nahia azaldu du egindako agerraldi bakoitzean.

Aldaketaren alde

Zabaletak, berriz, aldaketaren alde egingo du, hilaren 30ean bera aukeratzen badute. Taldeak egun duen aurrekontuarekin alderatuz, hamar milioi euro inguruan murriztu nahi du. «Taldeak 20 milioi eurorekin Espainiako Ligan eta Europako Ligan joka dezake». Zabaletaren helburua gastuak taldearen diru sarrerei egokitzea da, eta arreta horretan jartzea izango da, batez ere, haren politika. «Osasuna aldatu nahi dugu. Taldeak behar du aldaketa, eta uste dugu gu garela aldaketa hori». Dena den, eta kirol arloari begiratuta, aldaketa gutxi egin nahi ditu. Jose Luis Mendilibarrek jarraituko du taldea entrenatzen.

Zabaleta Guztiok Gara Osasuna plataformako kidea da —duela bi urte sortu zen plataforma hori, Izkoren aurka egiteko—. Orain artean enpresetako lan arloko aholkulari lanetan aritu da, eta, haren ustez, egungo zuzendaritza «ideiarik gabea da, gastua egiten besterik ez dakien proiektu bat». Hauteskunde batzarrak datozen egunetan egiaztatuko ditu bi hautagaiek aurkeztutako sinadura guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.