Euskal Herriko uretan edo Galiziakoetan dela, Arraun Lagunak-ek ez dauka parekorik. Juan Mari Etxaberen taldeak beste bandera bat eskuratu du gaur, eta dagoeneko zazpi ditu aurtengo Euskotren ligako palmaresean. Inoiz baino zailago izan du garaipena Lugañene ontziak, eta momentu kritikoa izan du bigarren luzean. Tolosaldea saiatu da donostiarren hegemonia amaitzen, eta, estualdian jarri duen arren, liderrak ez dio aukerarik eman. Sei segundoren aldean egin dute estropada, eta hirugarren Orio izan da, zortzira. Laugarrena berriz, Donostiarra, lehen txandako garailearen denbora nabarmen hobetuz.
Estreinakoz aritu dira TKAEko ontziak Ribeiran (Galizia), estropada eremu mitikoa izaten dena galiziarrentzat. Arousako itsasadarra zailtasun handiko eremua izan ohi da, baina gaur ez da haizerik altxatu, eta behe lainoa besterik ez da izan oztopo. Korrontea ere bizia zen, baina kaleen artean oso desberdintasun gutxi zeuden, eta eta eremu bikaina izan da traineru guztiek euren onena emateko.
Arraun Lagunak-ek ez ditu ezusteak nahi, eta ohorezko txandan hasieratik sartu du branka, normalean egiten duen moduan. Zaila da hain bizkor estropadan aurrea hartzea, baina Donostiako ontziak gaitasun nahiko du hasiera-hasieratik estropada menderatzeko. Orio, Tolosaldea eta Donostiarraren artean, berriz, ez da alderik egon lehen luzean. Hiru ontziak Arraun Lagunak-en atzetik aritu dira, hiru segundora denak.
Baina normalean lau edo bost segundoren aldeak ateratzen ditu Lugañenek lehen luzean, eta gaur ontzi bakarreko aldea lortu du beste traineruekiko. Orio ziztu bizian atera da ziabogatik, eta Tolosaldeak ere nabarmen bizkortu du erritmoa. Arraun Lagunak-ek ez ditu aurkariak inoiz hain gertu ikusi denboraldi honetan, eta momentu kritikoa bizi izan duela ere esan daiteke. Laiene Izagirrek, Tolosaldeako patroiak, estrategia aldatu du, liderrarengana gerturatzeko asmoz, eta tekla egokia sakatu duela erakutsi du. Norabide aldaketa egin du, lehen kalerantz, eta angelu hori baliatu du olatu gainean joateko.
Poparean liderra baino azkarrago joan da, eta pare-parean jarri dira bi ontziak luzearen zati handi batean. Aurten ez da horrelako lehiarik ikusi; izan ere, Oriok eta Donostiarrak ere ez dute amore eman, eta ez dira lehiatik atera. Baina, lehen aldiz garaipena arriskuan ikusi duenean, Arraun Lagunak-ek motorra estutu du, eta ez dio utzi Tolosaldeari aurrea hartzen. Azken txanpa ikusgarria egin dute Juan Mari Etxaberen arraunlariek, eta hegan sartu dira helmugan. Tolosaldea sei segundora sartu da, Orio zortzira, eta Donostiarra hamabira.
Ezusterik ez lehen txandan
Lehen txandan, Hondarribiak txanda irabazteko asmo sendoarekin ekin dio estropadari beste behin. Ama Guadalupekoak egin du hasierarik azkarrena, eta alde dezentea atera die aurkariei lehen metroetan. Beste aldean, Tiran egon da. Galiziarrak alde handiko galera izan du denbora gutxian beste traineruekiko, eta beste estropadetan baino lehenago erori dira gaur. Beste lehia Caboren eta Hibaikaren artean egon da. Sailkapenean bi punturen aldea besterik ez zuten haien artean, eta parez pare aritu dira lehen luzean.
Ziabogan hiru segundo ateratzen zizkion Hondarribiak Cabori, eta Hibaika seira zebilen. Itzuliko luzean Hondarribiak istriborrera egin du bere kale barrutik, eta olatu gainean egin du luzeko zati handi bat. Brankaz hiru segundo eskaseko aldea atera dio Cabori, baina poparean erakustaldia emanez amaitu dute, eta helmugan hamalau segundo atera dizkio Galiziako ontziari. Bigarren postuko lehian estutu egin du Hibaikak, baina ezin izan du murriztu hiru segundoren aldea. Azkenean, bi segundoren aldearekin sartu dira helmugara. Tiran urrun aritu da, eta minutu erdia pasata sartu da helmugara.