Kirol katetik tiraka, jarraitutasunik ez izateak fidagarritasuna gutxitu die txuri-urdinei, eta, ondorioz, irabazteko zailtasunak agerikoak izan dira. Sevillaren kontrako ligako azken partidan argi geratu zen hori, Jagoba Arrasatek onartu zuen moduan. «Baloia geureganatzen saiatu gara, erosoago sentitu eta aurkariari min egiteko, eta, ziur aski, atzealdeko lanean arreta handiagoa jartzea falta izan zaigu. Baliteke fidagarritasun falta igarri izana». Neurketak aurrera egin ahala, egonezina nabaritu zitzaien txuri-urdinei. Zenbaitetan presaka jokatu zuten, gola lehenbailehen sartzearekin itsututa, eta berdinketa lortu zutenean ere, kemenak gain hartu zion lasaitasunari. Xakhtar Donetsk eta Malagaren aurka gertatutakoaren zabalkundea izan zen igandekoa.
Gaur Leverkusenen jokatuko duen Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako bigarren jardunaldiko partidatik hasita, zalantzarik ez dago Realak zer izan nahi duen. Nahia eta izatea ezin elkartzeak eragin ditu aurreneko zalantzak, ordea. Aurreko denboraldian zuzen bete zuena berresten ahaleginduko da, baina azken asteotan baino zurrunagoa beharko du izan. Arrasatek ez du utzi nahi partiden interpretazioa futbolarien baitan bakarrik, eta gerta daitezkeen egoerei aldez aurretik erantzuten saiatzen ari da. Mailaz mailako erasoaldien antolaketak taldearen oreka du ardatz, atzealdeko lana ez dadin biluzi aurkariak baloia berreskuratzean. Boladaka funtzionatu du. Reala ez da izan aurkariak baino gutxiago, baina benetan nagusitzeko arazoak izan ditu. Argitasuna falta izan zaio sormen lanean bizi, sakon eta arin jokatzeko. Eusterakoan, aldiz, zorroztasuna. Azken batean, ez du jarraitutasunik lortu.
Lesioen eta nekearen eraginez, hamaikakoetan etengabeak izan dira txandakatzeak. Nahi eta behar baino gehiago. Ziur aski, gertaera horretan topa daiteke ezinaren arrazoi nagusia. Multzoaren baliabideak mugatuak dira oraingoz, eta teknikariak ez du izan modurik ahalmen handieneko futbolariak segidan batzeko. Philippe Montanierrek gorpuzkera ederreko hamaikakoa egokitu zuen denborarekin. Bravo, Carlos Martinez, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, De la Bella, Illarramendi, Markel, Prieto, Vela, Griezmann eta Agirretxe. Lehen hamar partidetan Arrasatek ezin izan du zelairatu hamaikako hori.
Atzeko lerroari dagokionez, Mikel Gonzalezek, Iñigo Martinezek eta De la Bellak 3.000 minutu baino gehiagoz jokatu zuten iragan sasoian —Carlos Martinez tartean sartuta, 24 aldiz aritu ziren elkarrekin—. Beste inor ez zen iritsi kopuru horietara, nahiz eta Illarramendi, Markel eta Carlos Martinez ez ziren gelditu oso atzean. Ansotegi, Cadamuro, Jose Angel eta Elustondoren minutuak batuta, berriz, ozta-ozta osatu zituzten hamar neurketa baino gehiago.
Lesioen zurrunbiloa
Denboraldi honetan, Iñigo Martinez salbu, denbora kontuan nahiko parekatuta dabiltza gainerako atzelariak. Euskarri postuan, Illarramendi gabe, aurrerapausoak ematen jarraitzen du Markelek; ezinbesteko bilakatu da. Granero luzarorako min hartuta, eta Zurutuza eta Elustondo, behingoz, sasoiko jarriko diren esperoan, goraka doa Pardo, eta Griezmann tarteka erdiratzea ere ez da baliabide txarra. Hori bai, aurrera egiteko joera dutenez, zulo handiak sortzen dira erdialdean, eta baloirik gabeko lana ez da ari izaten behar bezain eraginkorra.
Aurrean Vela, Griezmann eta Agirretxerekin osatu zuen Montanierrek hiru hortzeko zerra. Estreinako sasoian, hiru horiek 29 gol sartu zituzten ligan; taldearen bi heren. Aurreko denboraldian, berriz, 38, talde guztiaren erdia baino gehiago. Xabi Prietok, gainera, jokorik onena berreskuratu zuen lotura lanak eginez. Donostiarra min hartuta dago orain, eta, Chory Castrorekin batera, beste hirurek larunbatean lehen aldiz jokatu zuten elkarrekin. Velari zaintza berezia egin zioten berriz, eta beste hiruren artean ez zen izan elkar hartzerik. Agirretxe, bakartuegi, labirintoan sartu zen. Griezmann bigarren zatian ezkerrera itzuli zenean, gora egin zuen Realak, Malagaren aurka gertatu zen bezala, baina ez zen nahikoa izan.
«Lehiaketak harrapatu egin gaitu», adierazi berri du Arrasatek gabeziez galdeginda. Ondotxo daki ligak irabazleen eta galtzaileen arteko bereizketa ankerra baino ez duela onartzen. Bidezkoa ez izan arren, joan den sasoiko arrakastak lausotu egin zituen hainbat jarraitzaile eta analistaren begiradak, eta Lyonen aurkako kanporaketak areagotu egin zuen uste hori. Lehentasunak finkatuta, eta jarraitutasuna lortuta, errazagoa izango da bidean aurrera egitea.
Futbola. Reala Txapeldunen Ligan
Jarioa trabatu egin da
Xakhtar Donetsk-en aurka 0-2 galdu ondoren, Bayer Leverkusenen zelaian jokatuko du gaur Realak, Txapeldunen Ligako ligaxkako bigarren jardunaldian. Orain arteko pitzadurak estali eta jokoan jarraitutasuna lortzea izango da txuri-urdinen lehentasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu