Oraindik ez da hasi Kenenisa Bekele eta Kilian Jorneten markei begira. «Baina dezente nabil korrika, bai». Errepidean eta mendian. Azalpen gisa, lehiatzen jarraitzeko «behar txiki bat» badaukala argitu du Mikel Astarlozak (Pasai San Pedro, Gipuzkoa, 1979), txirrindularitza profesionala utzi berritan. Eta horregatik egin ditu, dagoeneko, hiruzpalau lasterketa: Oiartzungo Lasterbidean proba, eta Lezoko eta Talaiako mendi lasterketak nabarmenenak. «Neure burua estutzeko aitzakia txiki bat da hori, normalean nahiko lasai ibiltzen naizelako entrenatzera joaten naizenean». Azterketen garaiko sintomak dauzka orain. «Tarteka izena ematen dut lasterketaren batean, aurreko asteetan gorputza pixka bat estutzeko aitzakia edukitzeko». Presioaren tentsioa; taktika hori aukeratu du egunerokorako.
Eta laster areagotuko zaio presio edo tentsio hori, egun gutxi barru delako jaiotzekoa bere lehenengo alaba: Jare. Bizikleta kontuak alboratu ondoren, «beste etapa bati» ekingo dio orain. «Eta erronkarik politena horixe dela uste dut: aita izatea». Teknologia berriei izkin eginda, inon begiratzeko denborarik eman gabe pixoihalen prezioa zenbatean dagoen galdetuta... «Ekologikoak erabiliko ditugula soilik erantzungo dizut; beraz, nahikoak izango ditugu hiruzpalau fardel. Garbitu egin behar, baina...». Beste baterako utzi du prezioen kontua.
2013ko denboraldia azken ostikoak ematen ari zela, Txinan esan zion agur Astarlozak txirrindularitza profesionalari, urrian. «Gogorra» izan zen Euskaltel-Euskadiren agurrari berea gehitzea. Baina aurretik jakinarazitako agurra izan zen. Behartuta hartutakoa, bai; baina, neurri batean, berak hausnartutakoa. Iraganaren laburpen txiki bat eskatuta, «Frantziako Tourreko etapa garaipena» dauka momenturik kutunenen artean. Ondoren jaso zuen bi urteko zigorrak dezente ilundu zuen arren «momentu harrigarri hura».
Txinan itxi zuen txirrindulari zikloa. «Eta, handik bueltan, maleta deseginda, urteroko oporraldia hartu nuen azaroan». Ezer gertatu ez balitz bezala «urteroko joerari eutsi», eta tropeleko kideak entrenatzen hasi zirenean haiekin batera joan zen bera ere lanera. «Hori bai, dezente gutxiago entrenatuta». Abenduaz geroztik, zerura begiratzen du pedalei eragiten hasi aurretik. «Eguraldi ona dagoenean joaten naiz, batez ere, bizikletan ibiltzera». Eta euri giroa dagoenean, gimnasioko epelean geratzen da normalean. «Nahiz eta korrika saioren bat egitera ere joaten naizen tarteka, astean pare bat aldiz; gehiago eginez gero, mina jartzen zait belaunean». Ari da, pixkanaka, pausoa luzatzen, eta laster ekingo die Behobia-Donostiaren gisako lasterketa sonatuei.
«22 urte daramatzat egunero-egunero bizikleta gainean entrenatzen, eta fisikoki eta mentalki behar dut egunero kirol pixka bat egitea». Lanbide zuen egunerokoan bihurgune txiki bat hartuta, gozamen bihurtu du orain txirrindularitza. 2002an Ag2r taldearekin debuta egin zuenetik, hamabi urte igaro ditu profesionaletan. Bizitza oso bat, ia-ia. «Eta hainbeste urteko estutuaren ondoren, baldintza horixe jartzen diot neure buruari: egiten dudanarekin gozatzea. Orain arte sufritu dugu nahikoa bizikleta gainean, eta orain gutxi arte bospasei orduko lan saio luze eta gogorrak zirenak, ba, bizpahiru ordukoak bihurtu dira abendutik».
Bizikleta gainean tarteka, korrika edo gimnasioan bestela... Eguneroko saio horiez gain, saiatzen ari da, pixkanaka, orain arte egin ezin izan dituen hainbat kirol jarduera egiten. «Oso gogoko dut, adibidez, eskiatzea. Orain arte, txirrindulari profesional gisa, debekatuta eduki izan dut eskia, baina orain gozatzen ari naiz diziplina guztietan: iraupen eskian, eski alpinoan eta mendiko eskian». Korrika ere ezin zen ibili pedalei eragiten zien garaian. «Eta horrexegatik ari naiz orain hain gustura. Debekurik gabe bizitzeko aukera aprobetxatzen eta gozatzen ari naiz». Ez da gutxi.
Etorkizuna argitu gabe
Egun 34 urte dauzka. «35 egingo ditut aurten». Azaroan. «Eta oraindik ere ez daukat argi zer egingo dudan». Azken urte gorabeheratsuen ondoren, «lasai» igaro nahi du urtebete. «Mugarri hori jarri nion neure buruari: lehen urtean bizitzarekin gozatzea». Eta gerora erabakiko du egunerokoan zer egin. «Txirrindularitzarekin edo kirolarekin berarekin zerikusia daukan zerbaitetan jarraitzea izango da lehentasuna». Baina ez dauka arazorik «edozer gauza» egiteko. Ari da tarteka Euskal Telebistan txirrindularitza lasterketa batzuetan iritziak ematen. «Eta txirrindularitza zuzendari titulua ere aterata daukat». Bideak irekitzea gustatzen zaiolako. «Pixkanaka erabakiko dut zer egin».
Dortsalik gabe ere, batera eta bestera dabil aurtengo itzulian. «Eta aurrerantzean ere bide bazterretik jarraituko ditut lasterketak, beste zaleekin batera». Jarek uzten dion neurrian, noski. «Ilusioz gainezka» dago bizimodu berriari ekiteko; bizimodu berriari neurria hartzeko. Goizeko zortziak aldera jaiki, gosaldu eta kirol pixka bat egin. Hortxe dauka jarrita neurria orain arte. Baina ordutegi gehienak hankaz gora jarriko zaizkio laster.
Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: eta orain zer?
Jareren atzetik abiatzeko
Txirrindularitza utzita eta proiektuak zehaztu artean, «urtebeteko atsedenaldia» hartzen ari da Mikel Astarloza. Datozen egunotan izango da aita, lehen aldiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu