Japoniaren azal berria

Japoniako errugbi selekzioko jokalarien erdiak atzerrian jaioak dira, eta askok gurasoren bat etorkina dute. Taldearen arrakasta lagungarria izatea espero dute etorkinen integrazioa errazteko.

Japoniaren azal berria.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Michael Leitch Japoniako errugbi selekzioko kapitaina da. Inkesten arabera, Japoniako bigarren pertsonarik ezagunena da, herritarren %80k baitakite nor den. Aurrenekoa Shinzo Abe lehen ministroa da. Leitchen aita Zeelanda Berrikoa da, eta ama, Fijikoa. 15 urterekin iritsi zen Japoniara —31 ditu orain— eta ingelesez baino hobeto mintzo da japonieraz. Kapitain kargua hartu zuenean, baina, hausnarketa egin behar izan zuen, ordura arteko selekzioko kapitain guztiak guraso japoniardunak baitziren. Leitchek, baina, erronka onartu zuen, eta, egun, bera da taldeko ikurra.

Leitch ez da sustraiak atzerrian dituen kide bakarra selekzioan. Kotaro Matsusima izar handiaren ama japoniarra da, baina aita Zimbabwekoa du. Hendrik Tui samoar jatorriko zeelandar berritarra da. Lomano Lemeki tongarra da, eta japoniar batekin ezkondua dago; eta Koo Ji-Won korearra da jaiotzez. Jamie Joseph hautatzailea ere Zeelanda Berrikoa da. All Blacks-ekin munduko txapeldun izan zen 1995ean, eta, gerora, Japoniarekin jokatu zuen. Selekzioko 31 jokalarietatik hamabost Japoniako mugetatik kanpo jaiotakoak dira, zazpi nazio ezberdinetan. Are gehiago, 11k bakarrik dituzte bi gurasoak japoniarrak. Nazioarteko Errugbi Federazioak onartzen du hori, herrialdean bost urtez bizi izana aski baita selekzioarekin jokatu ahal izateko. Erresuma Batuak bultzaturiko araua da, britainiar inperioan barrena jaiotako jokalariak deitzeko.

Japonian, baina, etorkina izatea edo atzerritar itxura izatea ez da samurra. Herrialdean bizi diren etorkinen herenak noizbait irainduak izan dira kalean, eta gobernuak onartua du arazo bat dutela arrazakeriarekin. Migrazioa, gainera, fenomeno nahiko berria da Japonian. Herrialdeko muga legeak oso zorrotzak izan dira historikoki, baina, arrazoi demografikoen eraginez, arindu egin behar izan dituzte. Jaiotze tasa 1,4 umekoa da bikote bakoitzeko, eta populazioa zahartzen ari da. 2007an, 300.000 atzerritar bizi ziren Japonian; egun, aldiz, 2,6 milioi dira, populazioaren %2 —126 milioi biztanle ditu—. Aurten, herrialdeko agintariek baimen berezi bat eman dute 345.000 langile etorkin hartzeko. Lehen, Vietnamdik, Txinatik eta Filipinetatik iristen ziren; orain, aldiz, brasildar asko gehitzen ari zaizkie.

Japoniako etorkinen kutuna Naomi Osaka tenislaria da. Ama japoniarra eta aita haitiarra ditu hark. Eskolan maiz entzun zuen Hafu bat dela. Irain bat da: half (erdia) ingelesezko hitzean du jatorria, eta gurasoetako bat atzerrian jaiotakoa duten japoniarrei esaten diete hala. Herrialdeak, baina, ezinbestean ireki beharko ditu ateak, eta errugbi selekzioa urrun iritsi da aurreiritziak deuseztatzeko lan pedagogikoan. Ez da gehiegitxo esatea, Japoniako herritarrek bere egin baitute selekzio mestizoa. Errugbia herrialdeko laugarren kirola da, 125.000 lizentziarekin —zenbait borroka mota, futbola eta beisbola ditu aurretik—, eta liga semiprofesional bat du. Hala ere, Munduko Kopan Samoari irabazitako partidak %46,1eko audientzia izan zuen telebistan, eta Eskoziari irabazi zion egunean selekzioaren 200.000 elastiko saldu ziren. Dendetan zeuden guztiak.

Miraria errepikatu nahian

Munduko Kopako final-laurdenak bihar hasiko dira; Japoniak, baina, etzi jokatuko du berea, Hegoafrikaren aurka. Azken horiek dira faborito, koparako prestaketan 7-41 irabazi baitzioten Japoniari. Etxeko taldeak, halere, badaki zer den Munduko Kopan Hegoafrikari irabaztea. 2015ean lortu zuen, 34-32, Brightongo Miraria delakoan. Munduko Kopetan inoiz egon den ezustekorik handiena da askorentzat. Japoniak, gainera, azken jokaldian entsegua lortuta irabazi zuen. Zigor kolpea hagetara bota eta partida berdintzen saiatu beharrean, eskura jokatzea erabaki zuen. Etzi, aurrelari multzoa izango da Japoniaren arazo handiena. Nola aurre egin prestatzeko, zortzi hamarren aurka entrenatzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.