Urtebete Olinpiar Jokoetarako. Euskal kirolariak

Japoniara, Hungariatik

Iñigo Peña piraguista zumaiarrak Tokioko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko aukera izango du hil bukaeran Szegeden jokatuko den Munduko Txapelketan: lehen seien artean bukatu behar du.

Iñigo Peña pala eskuan hartuta, BAT Basque Teameko egoitzan. BAT BASQUE TEAM.
2019ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Birrinduta» bukatu ditu Iñigo Peñak (Zumaia, Gipuzkoa 1990) azken hiru asteetako entrenamendu gogorrak. Goizeko zortzietan esnatu, ordubetez korrika egin, gosaldu, hamaiketan uretara sartu, ordubete edo gehiagoko piragua saioa egin, bazkaldu, digestioa egin, uretara itzuli, eta seiak aldera gimnasioan sartu. Diziplina hori da nekearen erruduna. Nekeak, halere, ez dio barrea ezabatu, ezta urduritasuna gutxitu ere, bi aste barru —hilaren 21etik 25era— Munduko Txapelketetan parte hartuko baitu Szegeden (Hungaria), eta bertan duOlinpiar Jokoetarako sailkatzeko aukera.

Iazko Munduko Txapelketan, Peñak eta K2ko haren ontzikide Paco Cubelosek zilarra irabazi zuten. Aurten, aldiz, nahikoa dute sei aurrenetan gelditzea Tokioko txartela lortzeko. Baina ez du gaia aipatu nahi sailkatzen diren arte; sailkatzen badira, orduan hasiko da Japoniaz mintzatzen. Dena den, pauso hori emanez gero, domina izango lukete helburu. 2016an Rio de Janeiron bosgarren izan zen K4ean, eta hura hobetu nahiko luke.

Olinpiar zikloaren amaieran dago, eta, 2016ko jokoak amaitu zirenetik, egunero Tokiora iristeko egin du lan. Zikloko azken urtean dago, eta, dioenez «ziztu bizian» pasatu zaizkio lehen hirurak. Urte horietan hainbat txapelketatan parte hartu dute Peñak eta Cubelosek, eta, bere ezusterako, bilakaera ona izan dute: «Riokoa bukatutakoan uste nuen oso zaila izango zela emaitzak hobetzea, eta guztiz kontrakoa izan da: urtetik urtera gora egin dugu».

Emaitzek erakusten dute goranzko bide hori. Iazko Munduko Txapelketako uztari Europako txapelketakoak gehitu behar zaizkio. Esaterako, 2017an, Bulgarian, urrezko domina lortu zuten K4an, eta brontzezkoa K2an. Iaz, aldiz, Serbian beste brontzezko domina bat lortu zuten Cubelosek eta hark, K2an. Aurtengo Europakoan ibili dira okerren, ez baitute lortu dominarik. Seigarren postuan bukatu dute. Ez da arduratzeko modukoa baina, hasiera batean ez baitzuten Serbiara joatekoasmorik: «Ez zegoen gure planifikazioan sartuta. Gure entrenatzaileak ez zuen nahi gu joaterik, Munduko Txapelketatik zortzi astera baitzegoen. Lan aerobikoa egiten ari ginen orduan, eta bazekien ez ginela sasoiko iritsiko». Europako Txapelketa olinpiar zikloko beste edozein «froga» bezala hartu zuten.

Peñaren ustez, «hondamendia» litzateke Hungaria aurreneko seien artean ez sartzea: «Azken urteetako txapelketa handi guztietan beti egon gara lehen sei sailkatuen artean». Beraz, orain ez sailkatzea bizkarrekoa litzateke. Dena den, eta hori gertatuko balitz, ez lirateke Tokiotik guztiz kanpo egongo, azkenengo aukera izango luketelako. Olinpiar Jokoetarako atariko torneoan parte hartu beharko lukete, eta han bikote bat sailkatuko da kontinente bakoitzeko.

Edozein aldetatik begiratuta, oso negozio txarra dirudi azken aukera horrek. Hasteko, hurrengo urtera arte itxaron beharko baitute parte hartzeko, sailkatuko diren jakin gabe, eta, gero, kontinente zaileneko lehia egin beharko lukete, Europan baitago mailarik onena. Peñak «erruletan jokatzearekin» alderatu du atariko hori. Horretan ez du pentsatu ere egin nahi. Orain Munduko Txapelketa du buruan, eta han emaitza ona lortzea. Uste du lana «ongi» egiten badute dominetarako lehian egon beharko luketela.

Erraza bezain bidegabea

Egoera hori ikusirik, baikor da Peña. Baina ez horregatik gustura. Aipatu bezala, aurreko hiru urteetan beti sei aurrenetan sailkatu arren, nahikoa baitute estropada txar bat Olinpiar Jokoen ametsak eskuetatik ihes egiteko. Peña kexu da sistemarekin, ez baitzaio bidezkoa iruditzen lau urtez maila onean dabilen bikote bat kalean gelditu ahal izatea, eta alderantziz, lau urtez «ezer» egin gabe ibili den beste batek «berebiziko» estropada egitea eta Tokiorako sailkatzea. Zumaiarrak konponbide propioa du: «Bidezkoago litzateke emaitzen araberako mundu mailako sailkapen bat egitea, urtean txapelketa kopuru jakin batekin, eta haren arabera sailkatzea. azken uneko tentsioa eragotziko genuke horrela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.