Atletismoa. Munduko Txapelketa

Jamaika eta hamaika

Jamaikak emakumezko eta gizonezkoetan irabazi du 4x100 metroko proba.Ashton Eatonek munduko marka hobetu du dekatloian

Elaine Thompson, Veronica Campbell-Brown, Shelly-Ann Fraser-Pryce eta Natasha Thompson, Jamaikaren 4x100 metroko taldea, euren herrialdeko banderarekin, atzoko lasterketa irabazi ondorern. HOW HWEE YOUNG / EFE.
2015eko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Nongoak dira munduko korrikalari azkarrenak? Oraindik norbait zalantzan bada, atzo jamaikarrek eskaini zuten erakustaldia argigarri izango zaio. Ordu erdi eskasean urrezko beste bi domina kolkoratu zituzten, emakumezkoen eta gizonezkoen 4x100 metroko probetan, hain zuzen. Eta aise irabazi, gainera. Bi kasuetan, AEBetako taldea izan zuten atzetik —gizonezkoetan kanporatua izan zen—, baina karibetarren erritmoa jarraitzea ia ezinezkoa dela ohartu ziren.

Emakumezkoen lehiarekin hasi zen erakustaldia. Lasterketa parekatua zirudien, itxura batean, baina lekukoa eskutik eskura pasatu ahala, jamaikarrek aldea handitu zuten. Shelly-Ann Fraser-Pryce txikia —1,51 metro luze da—, haren esku zegoen eguneko lehen urrea, eta ez zuen hutsik egin. Azken metroetan aritu zen, eta, 100 metroko proban egin zuen bezala, aurkariak atzean utzi eta bakarrik helmugaratu zen. Jamaikak, urrea, eta AEBek, zilarra. Txapelketan ohiko bihurtu den irudia. Estatubatuarrek, baina, ez zuten amore eman, eta gizonezkoetan zuten errebantxa aukera.

Nahia ez da nahikoa, ordea. Eta emakumezkoen probako gidoi berari jarraitu zioten gizonezkoenean ere. Usain Boltek hartu zuen azken lekukoa, eta garbi utzi zuen sasoiko itzuli dela. Txapelketako hirugarren urrezko domina bereganatu zuen, eta ibilbideko 11.a Munduko Txapelketan. Justin Gatlinek eta AEBetako taldeak, berriz, amore eman behar izan zuten, eta modu txarrean, gainera. Une batez podiumeko bigarren koskan izango zirela uste bazuten ere, lekukoa gaizki emateagatik lehiaz kanpo utzi zituzten epaileek. Zilarra, beraz, Txinarentzat. Jamaikak, guztira, 11 domina lortu ditu Pekinen.

Jamaika eta AEBen arteko lehiaren itzalean jokatu ziren beste finalak. Ashton Eatonek (AEB) munduko marka hobetuta irabazi zuen dekatloia. Aurreko errekorra ere berak zuen. Bestalde, nabarmentzekoa Mo Farahen jarduna. 5.000 metroko proba irabazi zuen britainiarrak, eta horrela, bosgarren aldiz lortu du txapelketa berean —Olinpiar Jokoak eta Europako eta Munduko Txapelketak— 5.000 eta 10.000 metroko probetan gailentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.