Jakaren erritmoan lehen punturaino

22-7 irabazi dute Jakak eta Mariezkurrena II.ak Larrazabalen eta Arangurenen aurka. Hamabi tanto egin ditu Lizartzako aurrelariak, eta erakustaldia eman du, batez ere airez.

JAKA-MARIEZK
Erik Jaka eta IJon Mariezkurrena GORKA RUBIO / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2023ko azaroaren 25a
20:10
Entzun

Aise nagusitu dira Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena, Aizarnazabalen (Gipuzkoa), Binakako Txapelketako lehen jardunaldian. Iker Larrazabal eta Aitor Aranguren izan dituzte aurkari, baina ezer gutxi egiteko aukera izan dute Jakaren erakustaldiaren aurrean. Hamabi tanto egin ditu aurrelariak, horietako hamar airez. Ikustekoak izan dira ezkerrez egin dituen lauzpabost gantxo. Hiru ordu laurden ere ez du iraun partidak.

Unai Laso aldakan egin zioten ebakuntzatik osatzeko amaierako fasean dago oraindik, eta haren ordez aritu da Larrazabal Arangurenekin. Jaka-Mariezkurrena II.a, berriz, finalera iristeko faboritoen artean zeuden bikoteak aurkeztu zituzten egunetik bertatik. Biak sasoi onean iritsi dira txapelketara, eta horixe berretsi dute Aizarnazabalen.

Partidako lehen hiru tantoak oso azkar egin dituzte, baina pixkanaka gehiago landu behar izan dute tanto bakoitza. Hala ere, hasiera-hasieratik kolore gorria izan du partidak, eta faboritoak direla erakutsi dute. Ondo ezagutzen dute elkar, eta hori partidaren prestaketan ere nabari zen. Helburua bakarra zen: Aranguren nekatzea. Helburua, gainera ederki bete dute. Mariezkurrena jaioa da lan zikina egiten, eta ohikoa duen joa erakutsi zuen beste behin. Hori ederki aprobetxatu du Jakak, partidako izarrak. Aurrelariak asmatu egin du lehen koadroetan. Ezkerrez min handia egin du, eta oso fin aritu da errematean, batez ere airez. Horrela, 7-2 aurreratu dira, eta urdinek geldialdia eskatu behar izan dute.

Urdinak ahalegindu dira berpizten. Larrazabal urduri aritu da hasieran, baina hauspoa eman dioten bi tanto egin ditu jarraian (8-4). Ilusioz ekin dio txapelketari, eta aukera baliatzeko ahalegina egin du. Asmatu egin du bi tanto horietan, baina, bestela, oso aukera gutxi izan ditu lasai errematatzeko. Lan zaila izan du Amurrioko aurrelariak, gorriek ez baitiote uzten jokoan sartzen. Arangurenek, berriz, oso pilota zailak eraman ditu, baina temati jarraitu dute gorriek atzelaria nekatzeko helburuarekin. Hala, partidako tanto gogor gehienek emaitza bera izan dute: Arangurenek hala-hola jasotako pilotak modu ederrean errematatu ditu Jakak. Azti aritu da lan horretan Lizartzako aurrelaria. Horrela, 13-5 jarri dira Jaka eta Mariezkurrena II.a.

Urdinengan frustrazio puntu bat ere nabaritu da uneren batean. Susperraldi txikiena izan dutenean, gorriek ez diete neurketan sartzen utzi. Jaka izan da errudun nagusia; frontisetik oso gertu jokatu du une oro, eta aukera guztiak baliatu ditu ezker eskuan daukan konfiantza erakusteko. Bi pilota galdu dituen arren, erakustaldia izan zen. Neurketaren bigarren erdian, gainera, arrisku handirik ez zeukaten pilotak galdu ditu Larrazabalek. Ez du askoz gehiago iraun partidak. 13-5etik 22-7ra joan da neurketa, ordu laurden eskasean.

Ezbairik gabe, Jaka izan da partidako protagonista. Bolada gozoan dago aurrelaria, eta, negua luzea den arren, modu ezin hobean ekin dio txapelketari. Pozik agertu da partida amaitu berritan: «Lehenengo partidetan garrantzitsua da irabaztea, bikote bezala bat egitea eta minik gabe bukatzea. Helburu horiek bete ditugu, eta hurrengo asteko partidan pentsatzen jarri behar dugu orain».

Hurrengoa, Seguran

Seguran izango du hurrengo geldialdia binakakoak, bihar. Bertan lehiatuko dira nor baino nor Iñaki Artola eta Ander Imaz, eta Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu. Artola ez da aritu azken bi binakakoetan, baina azkenaldian erakutsitako sasoia saritu nahi izan dio enpresak. Imazekin bigarrenez ariko da. 2019-2020an hirugarren izan ziren ligaxkan, baina kanporaketan galdu zuten. Peña II.ak eta Albisuk, berriz, hirugarrenez egingo dute bikote. 2020-2021ean bigarren egin zuten, Elezkano II.aren eta Zabaletaren aurka finala galduta. Hurrengo ekitaldian bide laburragoa egin zuten: kanporaketan galdu zuten. Biek ala biek lehen puntua eskuratzea izango dute helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.