Pilota

Jakak aise irabazi dio Zubizarretari

Zorrotz eta eraginkor jokatu du Jakak, eta arazorik gabe irabazi dio Zubizarretari. Bi partida jokatuko dira gaur: Altuna III.a-Artola, Eibarren; eta Laso-Peña II.a, Iruñean

Erik Jaka, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA/FOKU
Erik Jaka, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA/FOKU
jon eskudero
2024ko urriaren 19a
19:45
Entzun

Aurkezpen ezin hobea egin du Erik Jakak Lau eta Erdiko Txapelketan, Soriako pilotalekuan (Espainia). Lehiaketako lehen partida izanik, zalantzaz kantxaratzea zilegi izan du lizartzarrak, baina erakustaldia emanda gainditu du Iraitz Zubizarreta. Aurrez bi partida irabazita eta konfiantzaz gainezka iritsi arren, nahi eta ezin aritu da ataundarra, batez ere Jakaren joko erauntsiagatik. Hasi eta buka, abiadura izan da gakoa. Saketik hasita, beste bizitasun batekin ibili du pilota irabazleak, eta errematean izandako aukerak ez ditu alferrik galdu. Zorrotz eta eraginkor jokatu du, eta final-laurdenetako lehen puntua ondo merezita poltsikoratu du. «Arriskua ikusten nion partidari, eta uste baino errazago irabazi dut. Oso ongi sentitu naiz hasieratik, gozatu egin dut, eta konfiantzaz iritsiko naiz ligaxkako beste bi partidetara», adierazi du Jakak.

Ongi ekin dio lehiari Zubizarretak. Lehen sakea hari egokitu izanak saria eman dio, saketik lortu baitu 0-1ekoa. Hots, asko sufritu du gerora, bederatzi tanto jarraian egin baititu Jakak. Fisikoki oso tanto gogorra eta nekagarria izan da 2-1ekoa, eta hortik indartuta atera da lizartzarra. Izugarri jokatu du lehen zatian: burutsu eta bizi. Sakearen bitartez min handia egin du, bigarren pilotakadan ere tantoa askotan amaitu baitu. Gainera, tanto luzeetan ere ez du presarik izan ezertarako. Hanketara jokatu dio aurkariari, eta ezertarako aukerarik gabe ibili da Zubizarreta. 9-2koa ez du nahi ordurako lortu, baina sakea alde izan duenetan ere tanto ilara luzerik egin ezinda ibili da. 12-4koarekin iritsi dira lehen atsedenaldi luzera.

Bada, handik bueltan are erasokorrago kantxaratu da Jaka. Aparteko tantoak egin ditu ezker airez, eta laineza hartuz joan da pixkanaka. 17-4koa ikusgarria izan da. Zerbait aldatzeko itxaropenez, sakea bueltatzeko asmoz airearen bila joan da aurreraka Zubizarreta, baina zabalera egin dio sakea Jakak. Burumakur jokatu beste erremediorik ez du izan ataundarrak. Ohi bezala, saiatu da jokoa nahasten, baina zorteak ere ez dio askorik lagundu. Jakaren pare bat opariri esker, sei tanto egin ditu azkenean, baina gehiagorik ez. Soriako pilotalekuan bi entrenamendu egin izanak saria eman dio lizartzarrari. Bikain egokitu da kantxara, eta sasoiko dagoela berretsi du.

Altuna III.a, lehiarako prest

Hain zuzen, Jakaren eta Zubizarretaren taldeko beste bi pilotariek neurtuko dituzte gaur indarrak, Eibarko Astelenan (17:00, ETB1): Jokin Altunak eta Iñaki Artolak. Partidak ikusmin handia piztu du pilotazaleen artean. Artolak asko jokatu zuen joan den astean Joseba Ezkurdiaren aurka, baina lau eta erdiko espezialista izango du gaur aurrean. Besteak beste, azken zortzi finaletan izan baita Altuna III.a. Ordu berean, Iruñeko Labriten izango dira aurrez aurre Unai Laso eta Jon Ander Peña.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.