Pilota

Jaka eta Imaz kanporaketarako sailkatu dira

Baikokoek 22-19 irabazi diete Altuna III.ari eta Arangureni, eta gutxienez bosgarren izango dira ligaxkan. Aspekoek azken jardunaldira arte borrokatu beharko dute kanporaketarako sailkatzeko. Altuna III.ak gogor kritikatu ditu pilotak.

Erik Jaka-Ander Imaz. GORKA RUBIO / FOKU
Erik Jaka eta Ander Imaz, garaipena ospatzen, gaur, Seguran. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko otsailaren 8a
19:55
Entzun

Binakako Txapelketaren ligaxkako azken-aurreko jardunaldiak gutxienez beste kontu bat argitu du: Erik Jakak eta Ander Imazek kanporaketa jokatuko dute. Aurrelari lizartzarrak eta atzelari oiartzuarrak gaur ziurtatu dute lehen ligaxkako hamalau jardunaldiak amaitutakoan jokatzen jarraituko dutela. Seigarren partida irabazita lortu dute helburua: 22-19 hartu dituzte mendean Jokin Altuna eta Aitor Aranguren Seguran (Gipuzkoa). 

Baikoko bikotea gutxienez bosgarren izango da ligaxka bukatutakoan. Baliteke ere laugarren izatea eta, horri esker, kanporaketan finalerdietako ligaxkarako sailkatzeko bi aukera izatea. Horretarako, Jakak eta Imazek gutxienez hamar tantoren aldeaz irabazi beharko diete Aitor Elordiri eta Jose Javier Zabaletari datorren ostiralean, Sestaon (Bizkaia); lehen itzulian, Aspeko bikoteak 22-13 irabazi zien. 

Altuna III.ak eta Arangurenek, ordea, azken jardunaldira arte borrokatu beharko dute kanporaketarako sailkatu ahal izateko. Bost garaipen dituzte, Jon Ander Peñak eta Jon Ander Albisuk bezalaxe. Hain zuzen, bi bikote horiek elkarren aurka jokatuko dute azken jardunaldian, hurrengo igandean, Donostian. Irabazleek kanporaketa jokatuko dute; galtzaileek, ordea, ez dute gehiago jokatuko txapelketan. Lehen itzulian, Aspekoek 22-17 irabazi zuten, Tolosan (Gipuzkoa), baina, ordutik gauzak aldatu egin dira; Peña II.a eta Albisu goitik behera ari dira, eta azken bost partidetatik lau irabazi dituzte; Altuna III.a eta Aranguren, ordea, gorabeheratsuago dabiltza.

Hotz egin du Segurako Baratze frontoian, eta hotz horrek ez die mesederik egin pilotariei. Hasieran, atzelariek sufritu dute gehien: lehenbizi, Imazek, eta, hala, Aspekoak 5-1 jarri dira; gero, ordea, Arangurenek sufritu du, eta Baikokoek atzetik aurrera egin dute (6-5). Partida gogortu egin da (13-13), baina orduan Imaz nagusitzen hasi da, eta Jaka bukatzen. Horri esker, 20-14 jarri dira. Aspekoek azken ahalegina egin dute (21-19), baina hor amaitu da susperraldia. Altuna III.ak gogor kritikatu ditu pilotak; «lotsagarria» direla esan du.  

Bihar jokatuko dute jardunaldiko azkeneko partida, Eibarren (Gipuzkoa): Mikel Urrutikoetxea eta Martxel Iztueta Joseba Ezkurdiaren eta Beñat Rezustaren aurka ariko dira. Urrutikoetxeak Unai Laso ordezkatuko du, hark mindua baitu ezker eskua. 

Baikokoak sailkatuta daude finalerdietako ligaxkarako. Aspekoak ere sailkatu egingo dira gaur irabazten badute. Bestela, nahikoa lukete hurrengo larunbatean Bilbon Iñaki Artolari eta Jon Mariezkurrenari hamasei tanto egitea. Baikokoek, aldiz, gutxienez zazpi tantoren aldeaz irabazi beharra dute neurketa hori zuzenean sailkatzeko.   

Ruiz de Infante eta Orbegozo nagusi

Ados Pilota klubaren binakakoan ere partida bat jokatu dute gaur, Arroitzen (Nafarroa). Ainhoa Ruiz de Infantek eta Oihana Orbegozok 22-9 irabazi diete Eneritz Arrietari eta Leire Galeanori.

Emakume Master Cupen binakakoan, berriz, bihar ekingo diote Urrezko Ligari, Aretxabaletan (Gipuzkoa), 12:00etan. Goiuri Zabaletak eta Uxue Osesek Olatz Arrizabalagaren eta Arrate Bergararen aurka jokatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.