Harritzarra izan da Andoni Iruretagoena Izeta VI.a Banakako Euskal Pentatloiaren azkeneko bi ekitaldietan. Herri kirolari aiarra oso sendo aritu da, inolako pitzadurarik gabe. Horri esker, erakustaldiz erakustaldi ibili da plazara irten den aldiro: bururatu duen txapel bakoitzari aro modernoko errekorra gehitu dio. Argi utzi du, gaur-gaurkoz, hura dela herri kirolaririk osoena.
Horregatik, hura da faborito nagusia bihar, banakako pentatloiaren 11. ekitaldiaren finalean, aro modernoko seigarrenean. Sasoiko iritsiko da Azpeitiko (Gipuzkoa) zezen plazara (22:00, ETB1). Hura izan zen azkarrena kanporaketan, irailaren 9an, Azpeitian. Lan laburragoak ziren, baina horietan ere nagusi izan zen. Marka ezarri zuen: 11.48 —Jose Ignacio Orbegozo Arria II.a-k zuen aurrekoa, 1983tik: 12.07—. 32 segundo atera zizkion Xabier Zalduari, 40 Xabat Olaizolari, 42 Ioritz Gisasola Zelai IV.a-ri, 1.49 Aritz Irazabali, eta 2.40 Julen Kañamaresi.
Sei herri kirolari horiek azalduko dira bihar Azpeitiko zezen plazara. Azkeneko finalaren aldean, Olaizola eta Kañamares dira aldaketak; aurrena, gainera, lehendabiziko aldiz lehiatuko da finalean. Kanporaketan sailkatutako hurrenkeraren arabera ariko dira: Zelai IV.ak, Irazabalek eta Kañamaresek lehen txandan neurtuko dituzte indarrak; eta Izeta VI.ak, Zalduak eta Olaizolak bigarrengoan.
Bada beste aldaketa bat, eta ez da ona: aurreko bi urteetan emakumezkoak aritu ziren, baina, lesioak tarteko, aurten ez dira ariko.
ANDONI IRURETAGOIENA, 'IZETA VI.A'
30 urte. 1,87 metro. 90 kilo.
«Asmatu egin dugu prestaketan. Iaz baino koska bat gorago nago»
Izeta VI.ak (Aia, Gipuzkoa, 1993) oso aste berezia izan du, aita izan baitzen astelehenean. «Pozez zoratzen» dago, baina aitortu du ospitalean egonda ez duela nahi bezainbeste atseden hartu. «Baina ez da aitzakia izango. Txapela irabazteko borrokan ariko naiz», dio seguru.
«Oso pozik» dago hilabete luzeetan Pablo Cazalis haren entrenatzailearekin batera egindako prestaketarekin. «Entrenatzaileak eta biok zertan hobetu genezakeen atzeman genuen, eta horretan aritu gara buru-belarri; prestaketa polita egin dugu». Ez du xehetasun asko eman nahi izan; «sekretua da hori». Baina, batez ere, lan batetik besterako aldaketak landu dituzte. «Giharrek gutxiago sufritzea da helburua, eta uste dut asmatu dugula. Iaz baino koska bat gorago nago». Kanporaketan ikusi zen hori. «Ezustekoa izan zen horren ondo aritzea, ni lan luzeetan entrenatzen bainaiz, ez motzetan. Seinale ona da horren lan ona egin izana».
«Oso final gogorra eta parekatua» espero du. «Denak ondo ariko dira. Zalduak eta Xabatek ustekabea eman dezakete, baita Ioritzek berak ere». Olaizola nabarmendu du. «Oso lan ona egin dezake». Baina ahulune bat topatu dio. «Oso handia da, eta, lan luzea izanik, sufritu egin dezake».
Hasi eta buka nagusitu izan da, baina aurten «ezinezkotzat» jo du hori egitea. «Xabatek oso azkar bukatuko ditu lehen bi lanak: harri jasotzea eta giza proba. Aizkoran hartu beharko diot aurre. Gakoa izango dira aizkoratik txingetarako eta horietatik korrikarako aldaketak».
Azken bi urteetako txapelduna izanik, nabari du presioa. «Besteek baino gehiago dut, urte osoan prestatzen baitut hau. Denek nahi naute gorenetik jaitsi, baina kostako zaie. Txapela nahi dut. Horretarako, oso ondo aritu beharko dut, baina baita haiek ere».
Irabaziz gero, hirugarren txapela luke, eta Joxe Mari Olasagastirekin eta Zalduarekin berdinduko luke. «Ez diot garrantzia eman horri. Badut beste motibazio askoz handiago bat: bikotekideari eta seme jaio berriari eskaini nahi diet txapela. Izugarri motibatuta nago hori lortzeko».
XABIER ZALDUA
45 urte. 1,82 metro. 83 kilo.
«Pentatloia uztekotan naiz, eta handia litzateke txapela irabazita uztea»
Izeta VI.a iritsi baino lehen, Zaldua (Zumarraga, Gipuzkoa, 1977) zen pentatloiko nagusia; hark irabazi zituen aro modernoko lehen hiru txapelak: 2018an, 2019an eta 2020an. 2021ean ez zen aritu, eta iaz hirugarren izan zen. Txapela nahi du oraingoan, eta bakarrik geratu txapeldunen zerrendan. «Pentatloia uztekotan nago, eta handia litzateke txapela irabazita uztea; sekulako ilusioa egingo lidake txapelak. Zaila da irabaztea, baina ez dut ezer galtzeko. Tentagarria da Izeta bezalako txapeldun handi bati irabaztea. Saiatuko naiz; barruan daukadan guztia emango dut».
Izeta VI.aren izena nabarmendu du berehala. «Hura da faborito nagusia. Urte osoa ematen du pentatloia prestatzen, eta koska bat gorago dago». Olaizola eta Zelai IV.a ere aipatu ditu. «Xabat oso indartsu dago, eta Ioritz ate joka dator».
Txapela nahi duela dio, eta badaki zer egin behar duen aukeraren bat izateko. «Saiatu behar dut Andonik eta Xabatek ez ateratzen alde handia lehen bi lanetan: harri jasotzean eta giza proban. Bi horietan sufritzen dut gehien nik. Nahi edo ez, adina sumatzen hasia naiz. Haiek, aldiz, gazteagoak dira, eta oso mondo moldatzen dira lan horietan. Ni haiek baino hobeto moldatzen naiz aizkoran, baina zaila da hiru kana-erdikorekin denbora asko berreskuratzea; gainera, haiek gero eta hobeto moldatzen dira aizkoran. Ea harriekin egun ona dudan eta aizkoran nire maila ematen dudan. Hor egongo da gakoa».
XABAT OLAIZOLA
26 urte. 1,90 metro. 103 kilo.
«Egin ditut etxeko lanak. Sinatuko nuen hau hasi nintzenean»
Aurtengo ezustea da Olaizola (Zarautz, Gipuzkoa, 1997): hirugarren izan zen kanporaketan, eta lehen aldiz ariko da finalean. «Oso pozik nago. Helburua ez zen finalerako sailkatzea. Probatzeagatik eman nuen izena bigarren mailakoan. Baina lan txukuna egin nuen [bigarren izan zen, Julen Kañamaresen atzetik], eta kanporaketan lan ona egiteko itxaropena piztu zitzaidan. Zorionez, hala izan zen, eta finalean nago».
«Ondo» dago, eta «gogotsu», baina hasia da lehen aldiaren nerbioak sumatzen. «Ez dut uste lan luzean gaizki ariko naizenik, baina lan berria da niretzat. Ez nago ohituta plazan aizkoran aritzera; errespetu pixka bat ematen dit».
Lehen aldia du finalean, baina, aurkarien arabera, «oso kontuan hartzeko aurkaria» da. Ezustean hartu zituen kanporaketan. «Banekien aizkoran txukun arituz gero goikoak estutuko nituela. Baina banion beldurra aizkoran aldrebes aritzeari eta denbora asko galtzeari. Pentsaera berarekin ariko naiz finalean».
Lan bat menperatzen baldin badu, harri jasotzea menperatzen du. «Normalena litzateke ni izatea lehena aurreneko bi probak amaitzean. Aldea lor dezaket lehen bi probetan, baina dena beharko dut gero aizkoran».
Izeta VI.a jo du faboritotzat, baina uste du Zalduak eta Zelai IV.ak gora egingo dutela. Eta berak? «Egin ditut etxeko lanak. Sinatuko nuen hau hasi nintzenean. Baina gustatuko litzaidake hirugarren postuari eustea». Argi du horretarako «erabakigarria» izango dela «indarrak ondo neurtzea».
IORITZ GISASOLA, 'ZELAI IV.A'
26 urte. 1,80 metro. 83 kilo.
«Uste dut lan ona egingo dudala eta iazko marka hobetuko dudala»
Zelai IV.ak (Mallabia, Bizkaia, 1997) bigarren aldiz hartuko du parte finalean. Iaz, laugarren sailkatu zen, eta, aurten, podiumera igotzea gustatuko litzaioke. «Sasoiko nago. Oso gustura aritu nintzen kanporaketan. Finaleko lanak oso bestelakoak dira, baina kanporaketan ondo aritzen dena ondo aritu ohi da gero finalean; eta alderantziz: batean gaizki ibili dena gaizki ibiliko da bestean. Uste dut lan ona egingo dudala eta iazko marka hobetuko dudala [35.55 egin zuen]».
Izeta VI.a jo du faborito argitzat. «Besteok baino koska bat gorago dago. Gero, lehia estua egongo da bigarren eta hirugarren posturako: Zaldua, Xabat eta hirurok ariko gara borrokan. Zalduak estu har dezake Izeta, eta Xabat aurkari gogorra da. Kanporaketan, adibidez, aurrea hartu zidan. Oso ondo arituta, bigarren izan zaitezke, baina baita laugarren ere».
Barneratua du atzetik iritsiko dela aizkorara, eta, bere proba izanik, horretan egin behar duela «aurrera». Argi du iazko esperientziak «mesede» egingo diola.
ARITZ IRAZABAL
32 urte. 1,86 metro. 94 kilo.
«Ez nuke berriz azkena izan nahi. Itxaropentsu nago; sasoiko nago»
Aritz Irazabal (Ugao, Bizkaia, 1991) hirugarrenez ariko da finalean; hirugarrenez jarraian. Aurrenekoan kanporaketa gainditu zuen; bigarrengoan, ordea, bidean geratu zen hasieran, baina Aitzol Atutxa ordezkatu zuen azken unean finalean. «Helburua zuzenean sailkatzea zen, eta lortu dut. Ez dut ibili beharko iaz bezala korrika eta presaka azken unean. Pozik nago, eta prest. Joan den igandean egin nuen azken entrenamendu serioa, eta ondo bukatu nuen».
Helburu jakina du: «Azkena izan naiz azkeneko bi finaletan, eta ez nuke nahi berriz ere postu horretan bukatu. Itxaropentsu nago. Sasoiko nago, eta gai naiz nire marka onena egiteko [39.03 egin zuen 2021ean]. Podiuma? Auskalo. Horretarako, giza proban eta aizkoran jo beharko dut aurrera. Aldaketetan ere denbora gutxi galdu beharko dut».
Hark ere uste du Izeta VI.a «denen gainetik» dagoela, baina zehaztu du final batean «edozer» gerta daitekeela. «Egun txarra edo ona izan dezakezu. Nahiko estua izango da finala».
JULEN KAÑAMARES
32 urte. 1,78 metro. 88 kilo.
«Ez nago sasoi betean. Konforme nengoke azkena ez izatearekin»
Hiru urteren ostean ariko da berriz ere finalean Julen Kañamares (Arostegi, Nafarroa, 1989). Atera egin du 2021eko arantza. «Segundo batengatik ez nintzen sailkatu; kolpea izan zen. Baina oraingoan sartu naiz. Helburu nagusia zen, eta bete dut. Pozik nago».
Halere, ez dago sasoi betean. «Entrenatu, ondo entrenatu naiz, baina lan kontuak direla eta, antsietatearekin ibili naiz, eta behar baino gehiago jan dut; bi kilo hartu nituen. Horren ondorioz, ito samar aritu nintzen kanporaketan. Zorionez, ari naiz pisua galtzen, eta hobeto ariko naiz finalean. Lanak emango dizkiet. Halere, ez dut uste nire marka onena hobetuko dudanik. Konforme nengoke azkena ez izatearekin».
«Final ikusgarria» espero du. «Gure txandan lehia estua egongo da; eta bestea ikusgarria izan daiteke. Duela hilabete galdetuko bazenidan, Izetak erraz irabaziko zuela esango nizuke. Baina, orain, ez nago horren ziur. Erne Xabatekin eta Zalduarekin».