Jaitsieratik aldentzeko garaipen garrantzitsua lortu du San Antoniok

Nafarrek 31-27 irabazi diote Academia Octaviori, etxean, azken minutuetan eginiko lan onari esker

jon eskudero
2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Izerdi asko bota behar izan zuen atzo Amaya San Antoniok Academia Octavio taldea 31-27 mendean hartzeko Iruñeko pabiloian. Garaipen garrantzitsua lortu zuten nafarrek, aurkari zuzen bati nagusitu eta jaisteko postuetatik aldendu baitira. Partida gogorra eta orekatua izan zen, baina zaleen laguntzarekin, azken txanpan bikain jokatu zuten etxekoek, eta hiru puntuak eskuratu.

Lehen zatian jaun eta jabe izan zen San Antonio. Berak ipini zuen erritmoa, eta kontraerasoan min handia egin zion Vigoko taldeari. Defentsan, hori bai, ez ziren ondo aritu etxekoak, eta horregatik eutsi zion aurkariak. Erasoan hobeto moldatu ziren Juanto Apezetxearen jokalariak. Atsedenaldira 19-16 heldu zen norgehiagoka.

Ikusten zen aurkaria baino gehiago zela San Antonio, baina bigarren zatiari benetan oker ekin zion. Lehenengo gola sartzea izugarri kosta zitzaion —40. minutuan iritsi zen—, eta Academia Octaviok ez zituen alferrik galdu aukerak. 23na berdindu zuen partida.

Hortik aurrera, baina, ez zuen inolako aukerarik eman irabazleak. Berriz ere sendotasunez jokatzen hasi zen, eta ez zuen barkatu. Asko sufritu arren, lau golen aldearekin irabazi zuen amaieran. Hamabost punturekin ipini da sailkapenean San Antonio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.