Jaitsiera saihesteko derbi erabakigarria gaur Illunben

Gipuzkoa Basketek eta Bilbo Basketek indarrak neurtuko dituzte, 20:45ean, garaipen baten aldea dutela

2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
SASKIBALOIA. ACB ligako sailkapenaren zuloan dira Acunsa Gipuzkoa Basket eta Retabet Bilbo Basket. Bizkaitarrak azkenak dira sailkapenean, lau garaipenekin, eta bostekin azkenaurreko gipuzkoarrak. Gaur nor baino nor gehiago arituko dira, Illunben, 20:45ean.

Bizkaitarrek dute beharrik handiena, emaitza bolada txar batean murgilduta baitaude. Horrek urduritasuna eragiten dien galdetuta, Alex Mumbru teknikariak argi du: «Urduritasunak ondo jokatuz kentzen dira. Etenean ondo entrenatu gara, eta ea gai garen egin dugun lan hori kantxan erakusteko». Jakitun dago aurkaria konfiantzaz dagoela. «Ziurrenik, beheko postuetan gauden taldeen artean, GBC dago sasoirik onenean».

Joanekoan, Bilbo Basketek irabazi zuen, puntu baten aldeaz. Hori kontuan hartuta, Viny Okouo GBCko jokalariak uste du «arretari eustea» izango dela gakoa. «Azken partidetan bezala, geure buruan sinetsi behar dugu, eta kantxan disfrutatu».

Espainiako Ohorezko Mailan, Araskik Embutidos Pajarielen pabiloian jokatuko du (18:30); IDK-k, berriz, Kanaria Handia hartuko du Gaskan (19:15). Gernikak Cadi la Seuri egin behar zion bisita bihar, baina neurketa bertan behera geratu da, Bizkaiko taldean COVID-19 kasuak daudelako oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.