Retabet Bilbo Basketek gaur ekingo dio Espainiako Urrezko LEB ligari, Oviedoren pabiloian (17:00). Alex Mumbru entrenatzaileak (Bartzelona, 1979) onartu du «kolpe handia» izan zela maila galtzea: «Baina ziur nago gauzak ondo egin eta indartuta aterako garela egoera honetatik». Igoera aipatzean, zuhurtziaz mintzo da, eta nahiago du epe laburrerako helburuak jarri. «Lehenik, talde on bat osatzea izan zen; gero, sasoi- aurre on bat egitea; eta, orain, maila honetara egokitzea. Izan ere, bada aldea ACBrekin».
Duela urtebete esan balizute Retabet Bilbo Basket entrenatuko zenuela Urrezko LEB ligan, zer pentsatuko zenukeen?
Batetik, ezetz esango nukeen, ez baikenuen LEB ligara jaistea espero. Baina, bestetik, sasoi batzuk neramatzan entrenatzaile izateko prestatzen. Beraz, alde horretatik, baietz esango nukeen. Hemen egin ditut nire kirol ibilbideko sasoi oparoenak. Klub hau asko maite dut, eta lehen aukera hemen izatea handia da niretzat. Orain, lanarekin eskertu nahi dut eman didaten aukera.
Berehala onartu zenuen zuzendaritzak egin zizun eskaintza?
Ilusio handia egin zidan. Baina hortik harago, eskaintzen zidaten proiektuari erreparatu nion, eta erakargarria iruditu zitzaidan.Etxeko, Bizkaiko jende asko itzuli da klubera, eta hori funtsezkoa iruditzen zait. LEB ligara jaistea atzerapauso bat izan da, baina gauzak ondo egin, eta indartuta aterako gara honetatik.
Asko aldatu zaizu egunerokoa jokalari izateari utzi eta entrenatzaile bihurtuta?
Zertxobait bai. Orain, ordu gehiago ematen ditut Miribillan: lan saioak prestatu, aurkariak aztertu, jokatutako partiden bideoak ikusi... Egun osoa ematen duzu saskibaloian eta taldearen hobekuntzan pentsatzen. Ardura handiagoa da. 10:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara entrenatzen gara. Baina entrenatzaile taldea gutxienez ordubete lehenago etortzen gara, eta beti joaten gara jokalariak baino beranduago. Gainera, egun libreetan ere askotan etortzen gara hona gauzak egitera. Jokalaria zarenean entrenatu eta jokatu ostean etxera joaten zara, eta errazagoa da saskibaloiaz ahaztea.
ACB ligatik jaitsitako taldea izanda, askok berriro ere igotzea eskatuko dizuete. Porrota litzateke ez igotzea? Zuek eta Betis zarete txapelketako talderik indartsuenak?
Argi dago goian egon nahi dugula. Baina denboraldia oso luzea da, eta ez dut horretan pentsatu nahi. Pausoz pauso joan nahi dut, partidaz partida. Batzuek pentsatuko dute uko egin nahi diogula faborito izatearen zamari. Baina, inondik inora, ez. Faborito izatea kantxan irabazi behar da, gauzak ondo eginez. Denboraldia aurrera joan ahala ikusiko dugu non gauden. Argi dago aurkariek gogoz hartuko dutela gure aurka jokatzea, eta talde indartsu asko daudela ACBtik jaitsi garen biez gain: Palma, Palentzia, Melilla, Valladolid... Zaila da goian zeintzuk egongo diren aurreikustea. Denboraldi-aurrean emaitza batzuk egon dira, baina ez dira esanguratsuak gerta daitekeena aurreikusteko.
Epe motzeko helburuak jarri nahi dituzu, hortaz?
Hori da. Entrenatzaile izendatu nindutenean nire lehen kezka izan zen egin nahi genuen jokoaren eta genituen baliabide ekonomikoen araberako talde onena osatzea. Bigarrena, denboraldi-aurrean lan ona egitea; eta, orain, liga hasiera ona egitea. Hortik harago, eguneroko helburua da bai bakarka eta bai talde gisa hobetuz joatea.
Lehen bi helburu horiek lortu dituzu?
Denboraldi-aurre ona egin dugu, ondo lehiatuta. Guretzat ez zen erraza. Bai entrenatzaile taldea eta bai jokalari ia guztiak berriak gara. Alde horretatik, beste talde batzuk urrats bat aurrerago daude, elkar ezagutzen baitute. Baina uste dut egokitzapen prozesua ondo doala. Baikor naiz. Orain, txapelketa ezagutuz joan behar dugu. Izan ere, badira desberdintasunak Urrezko LEB ligaren eta ACB ligaren arten. LEB ligan jokalari gazte gehiago dago, eta fitxaketetan gehiago arriskatzen da. Gainera, ikuskatzaile gutxiago dago; beraz, aurkariek tranpa gehiago jartzen dizkizute. Jokatzeko moduari dagokionez, nabarmenduko nuke zona gehiago erabiltzen dela.
Eta gustura al zaude fitxaketekin? Gakoa antolatzaile eta pibot postuan asmatzea izango da?
Gustura nago, ez dut kexarik. Rafak [Pueyo, kirol zuzendariak] eta nik garbi genuen antolatzaile posturako eskarmentuko jokalariak nahi genituela, eta LEB liga ondo ezagutzen dutenak. Salgadok eta Thomasek [Schreiner] ezaugarri horiek dituzte. Gainera, begirada batekin elkar ulertzen dugu. Nik esaten dut pistan haiek direla entrenatzaileak. Bestalde, saskiperako jokalari garaiak eta pisutsuak bilatu ditugu. Ez da erraza izaten, talde guztiek gauza bera bilatzen baitute. Baina, horiekin batera, nabarmenduko nuke ezaugarri desberdinak dituzten pibotak ekarri ditugula, eta horrek asko aberastuko du gure jokoa: Justas jaurtitzailea da; Cruz fisikoa da, eta, hegal pibot moduan ere moldatzen denez, irekiago jokatzen lagundu diezaguke; Larsen oso handia da, eta defendatzaile aparta da; Lammers, berriz, indartsua da errebotean. Kanpotik bi jaurtitzaile peto ditugu, adibidez: Brown eta Matulionis. Martinezek eta Rigok ere puntuak emango dizkigute, baina, batez ere, defentsa.
Aurreko sasoitik Salgado baino ez da geratzen taldean. Haren egitekoa garrantzitsuagoa izango da kantxatik kanpo kantxa barruan baino?
Ez, ez. Bietan izango da garrantzitsua, eta neurri berean. Javik inork baino hobeto ordezkatzen ditu klub honen filosofia eta balioak, eta horiek jokalari berriei zein harrobikoei azaltzen eta erakusten lagunduko digu. Baina kantxan ere partidak oso ondo irakurtzen dituen jokalaria da, eta pick and roll-a primeran menderatzen duena. Gainera, maisua da partiden erritmoa ezartzen.
Egin nahi duzuen jokoaren araberako jokalariak fitxatu dituzuela esan duzu. Nolakoa izango da joko hori?
Ondo defendatzen duen talde bat izatea nahi dugu. Defentsako errebotea ondo zaintzea funtsezkoa iruditzen zaigu, gero kontraerasoan bizkor atera eta gure jokalarien abiadura baliatzeko. Ikusteko polita eta alaia den joko bat egin nahi dugu, eta horrek baloiaren jabetza handia izateko bidea ematea.
Gazteek zer moduz egin dute lan denboraldi-aurrean?
Oso ondo. Klubak harrobiaren aldeko apustua egin du, eta hori inportantea da. Garrantzitsua da Bizkaiko jokalariek ikustea ondo lan egiten badute aukera izan dezaketela goi mailan beren probintziako taldearekin jokatzeko; betiere, ezer oparitu gabe. Denboraldi-aurrean bost juniorrek egin dute debuta gurekin, eta, horrez gain, Unai Mendikote eta Jon Aldekoa ditugu egunerokoan gurekin. Unaik sasoi batzuk daramatza hemen, eta Jon itzuli egin da. Ziur nago orain arte bezala lan egiten segitzen badute jokalari garrantzitsuak izango direla.
Taldea gaizki joan arren, aurreko sasoian ikusle dezente biltzen zen Miribillan. Sasoi honetan, LEB ligan egonda, nola erakar ditzakezue zaleak?
Gakoa da zaleak harro egotea duten taldeaz, eta Bilbo Basketen balioez: lana, ahalegina, borroka... Jokalariek garbi izan behar dituzte. Talentua izan daiteke, baina amore ez ematea eta ahalegina negoziaezinak dira. Lehen egunetik argi utzi nien jokalariei. Balio horiek erakustea da egin behar dugun lehendabiziko gauza, zaleek hori eskatuko baitigute ororen gainetik. Alde horretatik, oso zale eskuzabalak ditugu. Hortik aurrera, emaitzekin eta joko onarekin lortuko dugu ikusleak erakartzea. Zaleak ilusioz ikusten ditut, bazkideen ia %100ek berritu dute txartela. Jaitsi arren, zaleen eta taldearen arteko loturak sendo jarraitzen du. Hori da gure baliorik handiena.
Nola dago gaur egun kluba ekonomikoki?
Hori hobeto dakite zuzendaritzako kideek. Baina argi dago jaitsieraren ondoren arriskua zegoela taldea desagertzeko. Baina hor segitzen dugu, bizirik, ilusioz. Hutsetik hasi gara gauza askotan. Bilbo Basketen proiektu berriaren zutarriak jartzen ari gara. Garai oso inportantea da, sendoak izatea nahi baitugu. Horretan asko lagunduko digu egonkortasunak. Zuzendaritza serio eta ondo ari da lanean, eta utzi egin behar zaio. Ardura postuetan etxeko jendea egoteak lasaitasuna ematen du, kluba maite dutelako.
Hasteko, ligako talderik zailenetako baten kontra jokatuko duzue: Oviedo. Nola ikusten duzu partida?
Partida zaila da. Oso ondo ezagutzen dute liga, eta azken sasoietan beti jokatu dute igoera kanporaketetan. LEB Kopako txapeldun ere izan ziren duela bi sasoi. Pabiloi oso txikia dute, eta zaleek asko estutzen dute. Funtsezkoa izango da haien barruko jokoa lotzea, eta antolatzaileei erritmoa ezartzen ez uztea.
Alex Mumbru. Retabet Bilbo Basketeko entrenatzailea
«Jaitsi arren, taldearen eta zaleen arteko loturak tinko segitzen du»
Aurreko sasoi amaieran hartu zuen erretiroa jokalari moduan. Orain, entrenatzaile lanetan, egunerokoa aldatu egin zaiola onartu du Alex Mumbruk: «Ardura handiagoa da, eta zailagoa da saskibaloiaz ahaztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu